NAIZ

Europar Batasunean gurasoekin bizi diren gazte okupatuen proportzioak gora egiten jarraitzen du

Etxebizitza arazo bat da Europar Batasunean. Eurofunden txosten baten arabera, gurasoen etxean bizi ziren 25-34 urteko gazteen proportzioa % 24tik % 27ra igo zen 2017 eta 2022 bitartean, pandemiak baldintzatutako garaian.

Irlandak ditu emantzipazio daturik kezkagarrienak.
Irlandak ditu emantzipazio daturik kezkagarrienak. (Niall CARSON | Europa Press)

Europar Batasunaren ‘Heldu bihurtu: Gazteak pandemia osteko mundu batean’ ikerketaren arabera, bloke osoan, batez beste, gurasoen etxean bizi ziren 25-34 urteko gazteen proportzioa % 24tik % 27ra igo zen 2017 eta 2022 bitartean. Eurofund-en datuen arabera, gurasoekin bizi diren gazte enplegatuen kopuruak gora egin du eta datu kezkagarriak azaleratu ditu, hauteskundeen atarian.

Kroazia da daturik kezkarriak aurkezten dituena. Pandemia aurretik ere horrela zen. Gurasoekin bizi diren 34 urtez azpiko herritarren proportzioa % 58tik % 65ra igo zen aipaturiko bost urte horietan, pandemiak eta bizi-kostuaren krisiak Europar Batasuneko herrialdeetan eragina izan zutenean. Zifra hauek lanaldi osoko eta lanaldi partzialeko enpleguan dauden pertsonak biltzen dituzte.

Espainair eta Frantziar estatuetako datuek ere okerrera egin dute. Piriniotatik hegoaldera bereziki deigarria da kopurua. Epe horretan %35eti %42ra egin du gora. Iparraldera, era berean, gora egin du portzentaiak, %10etik %12ra. Deigarriak dira ere Portugalek ( % 41etik % 52ra), Italiak (% 41etik % 48ra) eta Irlandak (% 27tik % 40) izan dituzten gorakadak.

Azken honek izan du gorakadarik nabarmenena. Irlan alokairuak bikoiztu egin dira 2013tik, eta 13 puntuko igoera izan dute gurasoekin bizi diren langile gazteen artean, Eurofound Europar Batasuneko bizi eta lan baldintzak hobetzeko agentziaren analisiaren arabera.

Eurofunden txostenak modu zabalean ikertzen ditu Europar Batasuneko gazteek aurre egin beharreko erronkak, hala nola etxebizitza, bizitzaren kostuaren krisia, osasun mentala eta enplegu prekarioa.

Lanaren inguruan joera positibo batzuk egon badira ere, bizitzaren kostuaren igoerek askorentzat kontrolak jarri dituzte martxan. Txostenak gazteen enplegua bere maila altuenetara errekuperatu zela nabarmentzen du, 2007az geroztik, nahiz eta enplegu prekarioak kezkatzeko arrazoi izaten jarraitzen duela azpimarratu.

Bizitzaren garestitzea

Bizitza-kostuaren azken igoerak eurogune osoko etxebizitza-kostuen igoeraren testuinguruan bizi izan ziren: 2010 eta 2022 artean, jabetzaren prezioak eurogune osoan % 47 igo ziren, Eurostaten 2023ko txosten baten arabera.

Eurofound txostenak, halaber, erakusten du gurasoekin bizi diren gazteen erdiei urtebeteko epean gustatuko litzaiekeela etxez aldatzea, baina % 28k soilik esan du modu aktiboan egiteko asmoa duela. Modu independentean bizi ezin izateak ongizatean eragina izan dezake, eta txostenaren egileek gizarte-bazterkeriaren zentzuarekin lotzen dela ondorioztatu dute. «Lana aurkitu nahia gazteen artean depresio arrisku handiagoarekin lotzen da. Pandemiaz geroztik gazteen ongizate mentalak hobera egin duen arren, 2023an oraindik ahulagoa da 30 urtetik beherakoetan hortik gorakoetan baino».

Honela, egileek nabarmentzen dutenez, «etxebizitza da gazteek mendekotasunik ez izateko oztopo nagusietako bat», eta finantza-egoera txarrenean daudenek aukera gutxiago dituzte gurasoen etxetik aldatzeko, eta horrek presio finantzarioa gehitzen dio etxeari, egoera deskorapilatzea zailduz.

Hauteskundeei begira, «asmo eta plan zehatzen arteko desoreka» adierazten dute ikerlariek.
«Europar Batasuneko egungo gazte-enpleguaren tasa altuak presioak arindu baditu ere, talde batzuek erronkei aurre egiten jarraitzen dute. Hurrengo aldian funtsezkoa izango da laguntza horrekin jarraitzea eta Europar Batasunaren politika ama gazteengan zentratzea, horiek baitira gaur egun hezkuntzan, enpleguan edo prestakuntzan ez egoteko joera handiena dutenak».