19 urteko emakume batek iragan ostiraletik larunbaterako gauean Hazparneko bestetan eraso sexista pairatu zuela salatu du, France Bleu Pays Basque irratiak jakitera eman duenez. Igandean elkarretaratzea egin dute jazotakoa salatzeko. Besta komiteak sostengua osoa adierazi dio biktimari. EH Baik ere mobilizazioarekin bat egin du.
Eraso sexistarik ez! Ez hemen! Ez inun!
— EH Bai (@EHBai) June 23, 2024
️ Hazparne Gatetxea eta besta komitea. pic.twitter.com/ONnfOCml4X
Irratiak emandako datuen arabera, emakumea lurrean konorterik gabe aurkitu zuten Hazparnen larunbatean goizaldeko 6.30ak aldera. Ondoren, Baionako Ospitalera eraman zuten.
Prokuradoreak prozedura ireki du
Baionako prokuradoreak konfirmatu duenez eraso sexuala izan delakoan prozedura ireki da, baina ez dute inolako hipotesirik baztertzen ikerketaren fase honetan.
France Bleu Pays Basque irratiak zabaltzen duenez, emakumea lurrean konorterik gabe topatu zuten euren lagunek Hazparneko hirigunean besten lehen eguneko biharamunean. Ikerketaren lehen datuen arabera, emakumea pixa egiteko taldetik aldendu zen eta eraso sexuala pairatu zuela salatu zuen.
Baionako prokuradoreak eraso sexualaren prozedura zabaldu duela onartu du, baina France Bleu Pays Basque irratiak dioenez, une hauetan hipotesi guztiak aztertzen ari dira, artean «istripuz erori zela» ere. Gauzak horrela, «une hauetan emakume gazteak esandako konfirmatzeko edo deseuztatzeko elementurik ez dagoela» gaineratu du Fiskaltzak. Izan ere, ospitalean egindako txostena berebiziko garrantzia duela nabarmentzen du prokuradoreak.
Dena den, eraso sexualarengatik prozedura martxan jarri du Fiskaltzak.