
Hilabete bat baino ez da gertatzen nazioarte mailako kirol lehien ikuskizun handiena hasteko. 2024. urteko Olinpiar Jokoek Paris izango dute egoitza, eta, bigarrenez, eskaladak berezko lekua izango du.
Duela bi urte, Tokion, eskalada lehen aldiz olinpikoa egin zen. Janja Garnbret esloveniarrak eta Alberto Gines espainiarrak urrezko dominak irabazi zituzten konbinatu formatu bakarrean. Hots, abiadura, zailtasuna eta boulderra jasotzen zituena.
Heldu den uztailaren amaieran Parisen hasiko diren Olinpiadetan, berriz, aldaketa bat izango da. Zailtasuna eta boulderra konbinatu formatuan jokatuko dira; hots, bi modalitate horietan (mutilen zein nesken kategorietan) puntu gehien lortzen dituenak urrea irabaziko du. Abiadura, ordea, formatu horretatik kanpo geratu da.
Espezialista sasoikoenek presioz betetako hilabeteak izan dituzte aurretik Parisera heltzeko. Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak (IFSC) antolatutako hitzorduetan denetatik ikusi dugu. Faborito askok lehen txandetan Olinpiadetan egoteko txartel preziatu horiek lortu zituzten. Beste batzuek, aldiz, joan den astera arte itxaron behar izan zuten Parisko “atea” zabaltzeko.
20tik 23ra azken sailkapen txandak jokatu ziren. Budapest emozioaren hiriburua bihurtu zen. Azken txartelak Hungariako hiriburuan banatu ziren, eta patrikan sartu zituztenak etxera egundoko pozarekin itzuli ziren. Bidean geratu direnen aurpegiak, aldiz, ez ziren atseginak izan.
Behin betiko zerrenda Shangaitik eta Budapestetik osatu da: bi hitzordu horietan lortutako puntuak kontuak hartu dira. Hungariako hiriburuan antolatu zen zailtasuna+boulder formatuan, emakumezkoetan, Brooke Raboutou estatubatuarra erregularrena izan zen: «Erabat pozarren nago; zaila egiten zait barneratzea erdietsi dudan arrakasta hori. Bidaia gogorra izan da. Aurretik jokatutako lehietan aukerak galdu nituen, baina Budapesten asmatu dut. Asko ikasi dut, eta oso harro nago azken etapa honetan eginiko lanarekin».
Raboutourekin batera, lehiakide hauek sailkatu dira Pariserako: Nonaka Miho, Erin Mcneice, Seo Chaehyun, Luo Zhilu, Ievgenia Kazbekova, Lucia Dorffel, Zelia, Avezou, Mia Krampl, Camilla Moroni, Laura Rogora eta Molly Thompson-Smith.
Horiekin guztiekin hilabete batzuk “lasai” daramaten beste eskalatzaile batzuk Parisen izango dira. Besteak beste: Janja Garnbret, Ai Mori, Natalia Grossman, Orione Bertone…
Beste txartelak
Bestalde, mutilen kategorian Estatu frantziarrera joan zen garaipena. Egoera bitxia bizi izan zen; izan ere, hiru eskalatzaile frantziarren artean bi txartel jokoan ziren. Sam Avezouk irabazi zuen: «Inoiz ez bezala, presioa oso ondo kudeatu dut. Shangaiko zailtasuneko finalean irrist egin ondoren ez nintzen sailkatu. Budapesten, aldiz, bikain jardun dut».
Sailkatu diren beste lehiakideak honakoak dira: Lee Dohyun, Adam Ondra, Alberto Gines, Hannes Van Dusyen , Paul Jenft, Mejdi Schalck, Yannick Flohe, Hamsihs Mcarthur, Sascha Lehmann, Alexander Megos, Luka Potocar eta Pan Yufei.
Gogora ditzagun aldez aurretik sailkatutako beste protagonista batzuk: Jakob Schubert, Tomoa Narasaki, Sorato Anraku, Colin Dufty….
Denera, 20 mutil eta 20 neska nor baino nor arituko dira abuztuaren 5etik 10era zailtasuna+boulder formatuan. Faborito gehienak Parisen izango dira, eta ia denak esaten dugu bakan batek txartela ez duelako eskuratu.
Amaitzeko, aurreko formatuan bezala, abiadurakoan Budapestek behin betiko zerrenda osatu zuen. Nesketan zazpi lehiakide sailkatu ziren: Aleksandra Kallucka, Zhou Yafei, Rajiah Sallsabillah, Capucine Viglione Manon Lebon, Leslie Romero eta Beatrice Colli.
Eta mutiletan: Wu Peng, Amir Maimuratov, Veddriq Leonardo, Zachary Hammer, Reza Alipour, Yaroslav Tkach eta Shin Euncheol. Modalitate honetan, Parisen, 14 gizonezko eta 14 emakumezko lehiatuko dira.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
