Ane  Urkiri
Kirol burua / Jefa de Deportes

Ribeirako uretan distira egin du Zierbenak eta estualditik dotore askatu da Arraun Lagunak

Zierbenak denboraldiko bigarren bandera irabazi du. Galipoek, irabazi ez ezik, tarte zabala atera dute ‘Bou Bizkaia’ ontziarekiko (9 segundo) eta Donostiarra sartu da bien artean. Euskotren ligan, Tolosaldeak estualdian sartu du Arraun Lagunak baina dotoreziaz atera da, 7. garaipena ospatzeko.

Arraun Lagunak-eko eskifaia, artxiboko irudian; Sestaoko Bandera.
Arraun Lagunak-eko eskifaia, artxiboko irudian; Sestaoko Bandera. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Denboraldiak aurrera egin ahala, traineruak badoaz euren mailarik onenera hurbiltzen eta horrek, are koloretsuago jartzen du txapelketa. Bai, behintzat, Eusko Label ligan, Zierbenak bere bigarren bandera irabazita, Urdaibaren nagusitasuna zalantzan jarri dezakeen ontzia dela berretsi baitu. Euskotren ligan, aldiz, gaur gaurkoz, nobedade gutxi, irabazle bakarra baitago, Arraun Lagunak, baina hau ere ari da apur bat gehiago sufritzen, Tolosaldearen lan onaren ondorioz.

Sufrimenduan arreta jarriz gero, baina, Ribeiran lan gehien izan duen ontzia Hondarribikoa izan zen, alde handiz gainera. Ohorezko txandan aritzera ohituta, bihar Boiron, lehen txandatik aritu beharko du ‘Ama Guadalupekoak’. Bere txandan oso atzean geratu da, Zierbenarengandik 52 segundora zehazki, eta soilik San Pedro eta Bueuren denborak hobetu ditu.

Hain zuzen ere, puntuen dantza anitza utzi du Barbanza de Arousa eskualdean lehiatutako estropadak eta finean, hori da arraunzaleentzako gatza eta piperra, lehian daudenentzat hala ez den arren. Izan ere, Zierbenak, beste bandera bat astindu ez ezik, beste bi puntu jan dizkio Urdaibairi, hirugarren egin baitu ‘Bou Bizkaiak’, bigarren txandan aritu den Donostiarraren atzetik bukatuta.

Galipoen garaipenarekin batera, ‘Kaiarribak’ eman du eguneko ezustekoa, asteburuak pasa ahala bere onenera itzultzen ari denaren seinale. Hala, ohorezko txandan lehiatuko da bihar, Boiron, Zierbena, Urdaibai eta Oriorekin batera.

Etxean bezala

Distira bereziz aritu da Zierbena, etxean arituko balitz bezala. Ondo ematen zaizkio Rias Baixaseko eremuak –iaz Moañan ere garaipena eskuratu zuen–. Urdaibairekin parez pare aritu da lehen bi luzeetan, beti ere segundotxo bat aurretik eginez. Segundo hori handitzen joan da hirugarren luzean, brankan, azken ziabogan lau segundoko tartea sartu baitio Urdaibairi. Jakina da poparean ‘Bou Bizkaiak’ ateratzen duen potentzia baina gaurkoan, itzulera ez du ongi bideratu Gorka Aranberrik eta palada bakoitzean tartea irekitzen jarraitu dute galipoek, Ribeirako ur eta haize nahasietan trebezia erakutsita.

XV. Bilboko Bandera astindu zuen pasa den asteburuan, denboraldiko lehendabizikoa, Urdaibairen monopolioa hautsita. Gaurkoan, beste kolpe bat eman du, ‘Bou Bizkaiarekin’ batera ontzi indartsuena dela azpimarratuta. Bukaerarako, bederatzi segundoko aldea atera dio inoizko Urdaibai indartsuenari. Azkar esaten da baina zinez zeregin konplikatua izan behar du.

Zierbenak legez, poparean oso ongi moldatu dira Donostiarra eta Lekittarra. Azken luzeko lehen eta bigarren denbora onena markatu dute hurren hurren. Kaiarribak ohorezko txanda dauka sari bezala, Isuntzak behealdeko aurkariei sailkapenean tarteak irekitzea, bai eta Ondarroak ere,  bosgarren eginda sailkapenaren erdialdean sendotu baita.

Estualdirik handiena Arraun Lagunak-entzat

Orain arteko estualdirik handiena hartu du Arraun Lagunak-ek, poparean zetorrela Tolosaldea parez pare jarri zaionean. Donostiako estropadan, Fabrika Banderaren lehian ere antzerako zerbait gertatu zitzaion baina segituan ireki zituen berriro ere aldeak. Larunbat honetan, Ribeirako ur nahasietan gehiago kostatu zaio, itsasoaren zakarkeria ez hain nabarmena tarteko, baina azkenean, orain arteko gidora nagusitu da: ‘Lugañene’ garaipena ospatzen.

Zazpigarren bandera astindu du Arraun Lagunak, orain arte lehiatu diren guztiak eta beraz, bere nagusitasuna berretsi du larunbat honetan ere, Barbanza Arousan emakumezkoek lehiatzen zuten lehendabiziko deman.

Brankan, hasi eta berehala, bi minuturen buruan, arerioekin 3 segundoko aldea ireki du Arraun Lagunak-ek. Orain arte, ezer berririk ez. Metroak egin ahala, baina, ez du tarte handiagorik ireki. Mar Larrea arraunlari ondarrutarrak Zierbenan irabazi ostean onartu zuen eskifaiaren asmoa beti dela brankan ahal bezain besteko abantaila hartu eta poparean, disfrutatzea.

Ziaboga arazorik gabe hartu dute Andrea Astudillo patroi duen traineruak, Oriok 3 segundora jarraitu diola, Tolosaldeak 4ra eta Donostiarrak 5era. ‘Kaiarriba’ izan da lehendabizikoa atzean geratzen, 11 segundora. Oriok segundo batzuk galtzen zituen bitartean, baina, Erostarbek zuzendutako taldeak, atzetik aurrera eginda, Donostian egin bezala, erritmo azkarra hartu du eta Arraun Lagunak-en pare jarri da.

Zenbait metroz egin dute parez pare, gaurkoan ezustekoa egon zitekeela sinesteraino. Gutxika-gutxika, tentsioa jaitsi gabe eta nerbioak ongi kudeatuz, bere lanera jarraitu du ‘Lugañenek’ eta azken metro ikusgarriak egin ditu, azkenerako Tolosaldeari 5 segundo aldea aterata.

Aurtengo estropadarik interesgarriena izan da Ribeirakoa baina oraingo honetan ere, garaile bera: Arraun Lagunak. Estualditik dotoreziaz atera da, egoera anitzak menderatzen dituenaren erakusle. Disfrutatzen dabiltza donostiarrak, sufritzen edo aise gozatzen; arraun egiten, finean.

Txanden artean ez da aldaketarik egon, Hondarribia nagusitu da lehen txandan, nagusitasunez hau ere; eta Cabo eta Hibaikaren lehia partikularra, galiziarren alde jausi da, etxeko uretan erosoago arituta. Hala, Cabok, azkenaurreko sailkatua, puntu bat jan dio Hibaikari, jaitsierako play-offak saihesteko borroka estu egongo denaren seinale.