Ane  Urkiri
Kirol burua / Jefa de Deportes

Trikimailuen parkean gozatuta, diploma olinpikoa eskuratu du Naia Lasok

Naia Laso skaterrak zazpigarren postuan bukatu du final handia eta beraz, diploma olinpikoa erdietsi du. Onartu du min hartuta aritu dela –lunbarrean pitzadura– eta horrek asko baldintzatu diola. Dena dela, esperientzia olinpikoaz asko disfrutatu duela berretsi du.

Naia Laso, La Concardeko skate parkean.
Naia Laso, La Concardeko skate parkean. (Franck FIFE | AFP)

Trikimailuen parkean bilakatu da La Concorde. Edozein magorentzat eszenatoki ezin eleganteagoa izan zitekeena: Hôtel de la Mariane, XVIII. mendeko gobernu frantsesaren eraikina eskuinean, Grand Palais iparraldean eta Concordeko obelisco egipziarra ipar mendebalean, atzerago Eiffel Dorrearen begirada zitala dagoela. Handitasunaren parajea, aurrera begiratu eta zure burua txiki ikusteraino.

Hain paraje historiko eta klasikoan, baina, ez da ohiko magorik agertu, bertan ikusi ziren trikimailuek hegan egiten zuten, jauzi, hankaz gora jarri eta garrantzitsuena, bi hankak lau gurpildun xafla baten gainean egin zuten hori dena, xafla bera iltzatuta balute bezala. Skaterrek hartu dute La Concorde, skater gazteek –zaharrenak, Dora Varella brasildarrak, 23 urte ditu–, doinu urbanoz buzti da inguru klasikoa, irekiera ekitaldiaren esentziari eutsita.

Laso, zazpigarren

Nork trikimailu hobea egin lehian bete betean egon da Naia Laso bermeotarra. Duela bi hilabete lepauztaia hautsi eta justu antzean iritsi da bere estreinako zita olinpikora –skate kirol olinpiko da Tokiotik, duela hiru urtetik– eta gainera, sailkapen fasean, finalerako txartela eman dion trukoa eginda (82.49) lunbarra pitzatu zuen: «Infiltratuta lehiatu behar izan dut». Igarri zaio ez zegoela eroso eta lehendabiziko bi saiakeratan lurrera erori ostean, hirugarrenean lortu zuen «txapelketa pozik amaitzea». 86.28 puntu jaso ditu, segituan nabarmendu diren hiru arerioetatik oso urrun. Nolanahi ere, positibotzat hartu du Parisko egonaldia eta espero du bere azkena ez izatea.

Hamabost urte besterik ez ditu bermeotarrak. Alta, 14 urterekin jantzi du urrezko domina Arisa Trew australiarrak. Arin ibili da, hegan egingo balu bezala eta txanda batetik besterako atsedenaldietan egindako saiakerek bere fruitua eman diote, hirugarrenean dena arriskatu eta arerio guztiak, faborito guztiak, gainditu baititu (93.18).

Besarkadak

Giro sano eta ezinhobean lehiatu dira zortzi finalistak. Bakoitza bere trikimailu ezkutuena ateratzen saiatu da, kalean, orduak eta orduak horien bikaintasuna lortzen jardun diren horiek. Bataren poza bestearena ere bazen. Kirolari bakoitzak ere garaipena balitz bezala ospatu du bere trukoa bukaeraraino eraman ostean. Sky Brown, jatorriz japoniarra baina Britainia Handiko selekzioarekin lehiatu eta bere bigarren brontzezko domina eskuratu duen skaterrak, hain zuzen ere, nabarmendu du «elkar bultzatu» behar dutela «kirol hau gero eta gehiago hazten jarraitzeko».

Ikuskizuna eman dute, zentzu osoenean. Ez dutelako ezer gorde, arriskuak hartu dituztelako, arriskatu egin dutelako. Hinano Kusaski japoniarrak azken bukatu du, hiru saioetan lurrera erori ostean, atzo burutzea ezinezkoa izan zitzaion trikimailua aurrera atera ezinda.

Beraien truko onenak atera dituztenak hiru dominadunak izan ziren (Trew, Hiraki eta Brown), bakoitzak bere langa gainditzeko ekinaren ekinez, La Concordera gerturatu direnen gozamenerako jardun dute. Badelako kirol ikusgarria, harrapatzen zaituena eta Olinpiar Jokoen bide berri honen joeraren adierazle nagusia: azkarra, ikusgarria eta trikimailu onenen gordelekua.