NAIZ

Euskarazko A1 eta C1 mailetako ikastaroak doakoak izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleentzat euskara ikastea errazteko, A1 eta C1 komunikagaitasun-maila eskuratzeko ikastaroa doakoa izango da datorren ikasturtean. C1 mailakoa iaz ere jarri zuten martxan eta 16 eta 18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta.

Donostiako euskaltegi bateko eskola bat, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Donostiako euskaltegi bateko eskola bat, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lakuako osteguneko Gobernu Kontseiluak A1 mailari dagokion komunikagaitasuna eskuratzeko ikastaroa doan izateko erabakia hartu zuen. Horrekin, iaz martxan jarritako neurria berretsi zuen, hau da, 16 eta 18 urte bitarteko gazteen C1 komunikagaitasuna sendotzeko ikastaroa doan izatea.

Exekutiboak jakinarazi duenez, guztira 3,9 milioi euroko dirulaguntzak onartu dira honetarako (A1: 1.700.000 euro eta C1: 2.200.000 euro). Helburua euskara ikasteko erraztasun gehiago eskaintzea eta, finean, euskararen erabilera sustatzea da.

A1 maila lortzeko, matrikula «merke» bat baino ez da ordaindu beharko eta, ikastaroaren amaieran maila hori lortuz gero, kopuru hori berreskuratuko da. Euskaltegien ikasleen %10 eta %12 diren Estatu espainoletik kanpo etorritakoak eta Estatuko beste toki batzuetakoak, hurrenez hurren, laguntzeko hartu dute neurri hau.

C1 mailari dagokionez, aurten 2006an, 2007an eta 2008an jaiotakoek eskuratu ahalko dute dirulaguntza. Bigarren Hezkuntzaren amaieran dauden gazteek beraien euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzea eta sendotzea da helburua. A1 mailaren kasuan bezala, matrikula bat ordaindu behar da eta, maila egiaztatuz gero, dirua bueltatuko da.

Baldintzak

Laguntza hau eskuratzeko zenbait baldintza bete behar dira. Matrikula ordaintzeaz gain, ikastaroan %75eko gutxieneko asistentzia bete beharko da eta ez zaie dirulaguntza esleituko aldez aurretik A1 mailako dirulaguntza lerroren batean parte hartu duten ikasleei.

Gainerako mailetako euskaltegietako ikasleei dagokienez, aukera izango dute orain arteko matrikularen doakotasunerako dirulaguntza-lerroetan parte hartzeko. A2, B1 eta B2 mailetan, betiere maila euskaltegietan lortzen badu edo azterketa batean egiaztatzen badu. C1 maila 16 eta 30 urte bitartekoen kasuan, betiere maila egiaztatzen bada.