Ander Cepasek brontzezko domina ziurtatu du Parisko Paralinpiar Jokoetan. Donostiarrak finalerdietarako txartela lortu du mahai-teniseko bakarkako txapelketan eta beraz Euskal Herrira domina batekin itzuliko dela berretsi du. Final-laurdenetako partida jokatu du Atletico San Sebastian klubeko palistak asteazken honetan eta hiru setean gainditu du Ivan Mai ukrainarra (3-0).
«Emozio handiko» partida izan dela eta «oso pozik» dagoela adierazi du donostiarrak, partida bukatu ostean hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. Era berean, nabarmendu du bukaerako emaitza 3-0 izan arren dema «gogorra» izan dela, batez ere bigarren jokoa. Luzeena izan da, 10 minutukoa, eta ukrainiarrak hortzak estutu ditu bere egoera irauli asmoz. Azkenean, baina, gipuzkoarra izan da garaile eta 2-0ekoa poltsikoratuta, hirugarren jokoa ere bereganatu du.
Irailaren 7an, larunbatean, jokatuko du finalerdia, goizeko 10.00etan, Laurens Devos belgikgarraren aurka. Hau irabaziz gero, egun berean, lehiatuko du finala, arratsaldeko 17.00etan, Lucas Didier edo Lin Ma-ren aurka, beste finalerdiko irabazlearen kontra, alegia.
[LASTER INFORMAZIO GEHIAGO]