Haritz Larrañaga

Caitlin Simmers kaliforniarra eta John John Florence hawaiiarra, munduko WSL txapeldunak

Irailaren 6an amaitu zen 2024ko CT zirkuitua Kaliforniako Trestles urautsian. Final Handian, nesken zein mutilen rankingeko lehen bost sailkatuak lehiatu ziren, eta, Caitlin Simmers kaliforniarrak eta John John Florence hawaiiarrak irabazi zuten.

Aurtengo munduko txapeldunak: John John Florence eta Caitlin Simmers.
Aurtengo munduko txapeldunak: John John Florence eta Caitlin Simmers. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Lehen mailako itzuliari amaiera ematen dion Final Handia irailaren 6an egin zen San Clementeko Trestles urautsi famatuan. Nesken zein mutilen CT rankingeko lehen bost lehiakideek bakarrik hartu zuten parte, eta rankingeko buru ziren bi surflariak gailendu ziren. Horrela, 18 urteko Caitlin Simmers kaliforniarrak mundu mailako bere lehen titulua irabazi zuen, eta John John Florence hawaiiarrak, ostera, hirugarrenez lortu zuen munduko WSL titulua irabaztea.

Olatuak txikiak baina politak izan ziren. Txanda zirraragarriak ikusi ahal izan ziren, azken unean hartutako olatuekin ezusteko asko izan baitziren. Nesken kategorian Tatiana Weston-Webb brasildarra izan zen txanda gehien pasatu zituena, baina ez zuen azken buruz burukora iristea lortu. Italo Ferreirak bai, mutilen kategorian berak ezarri zuen erritmoa hasieratik eta gainontzekoek ezin izan zioten jarraitu. Ordea, azken txandan, John John Florencekin, dena aldatu zen, hawaiiarrak Ferreirak egiten zuenari jaramonik egin gabe bere bidea egin baitzuen, garaipena lortuz.

Nesketan, azken txandara iritsi ziren Caroline Marks eta Caitlin Simmers estatubatuarrak hiru bider lehiatu ziren, azken txanda bi bider irabazi behar baita WSLko titulu mundiala eskuratzeko. Lehen saioan Marks nagusitu zen, baina hurrengo bietan Simmersek irabazi zuen.

Mutilen kasuan, ostera, bere arerio guztiak birrindu ostean azken txandara iritsi zen Italo Ferreirak jada 25 olatu baino gehiago eginak zituen John John Florencekin itsasoratu zenerako, baina hawaiiarrak bi olaturekin garaitu zuen lehen saioan, eta bigarren saioan ere, bi olatu nahikoa izan ziren brasildarraren show-ari amaiera emateko.

Simmers txapeldun

Nesken kategorian, rankingean bosgarren postuan zen Tatiana Weston-Webb brasildarrak laugarren postuan zen Molly Piclum estatubatuarra kaleratu zuen. Bigarren txandan, Brisa Hennessy, Costa Ricako lehiakidea kaleratu zuen, eta hirugarren txandara indartsu iritsi zen Weston Webb, baina ezin izan zuen Caroline Marks garaitu.

Simmers kaliforniarrak bere lehen titulu mundiala irabazi zuen. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Gauzak honela, Final Handiak itxura bikaina zuen. Batetik, iaz Trestlesen gailendu zen surflaria, Caroline Marks, 22 urteko floridarra, eta bestetik, aurtengo CT rankingean lehen postuan zen 18 urteko lehiakidea, Caitlin Simmers.

Lehen finala Floridakoak irabazi zuen eta bigarren finalean Simmers gailendu zen; ondorioz, hirugarren finalean erabakiko zen 2024ko txapelduna. Alde handiarekin, kaliforniarra gailendu zen. Besteen artean, ur-ertzean animoak ematen egon ziren ikusleak eskertu zituen: «Pentsa dezakezu jasotzen duzun jendearen babes guztia zuretzat dela, edo pentsa dezakezu zure garaipena haientzat ere badela».

Florence paregabea

Hawaiiarrak paregabea dela erakutsi zuen. Txapelketak hartu zuen norabidea ikusita, inork gutxik imajina zezakeen Italo Ferreira gainditzea posible zenik, brasildarrak txapelketaren hasieratik ezarri baitzituen joko arauak. Airekoak egiten gainditu zituen arerio guztiak, eta Florence ere bere eremura eraman zuen hasieran, baina hawaiiarraren ariketen erregistroa anitzagoa da, eta azken unean itzelezko ariketa batekin birrindu zuen ordura arteko joko zelaia.

Lehenik Ethan Ewing kaleratu zuen Italo Ferreirak. Ez zion arnasa hartzeko astirik eman australiarrari. Jarraian, beste australiar bat kaleratu zuen, Jack Robinson. Tentsio handiko unea izan zen, lehentasuna eskuratzeko orpoz orpo arraunean ari zirela elkarrekin talka egin zutenean. Robinsonen ezintasuna agerian geratu zen.

Colapintoren txanda iritsi zen, bertako surflaria izaki, faboritoa zen, baina honek ere ezin izan zuen Ferreira garaitu. Brasildarra harrotuta zebilen, itsasoan eta lehorrean. Adibidez, uretatik irten zen batean, itsasoratzeko prest zeuden nesken aurkezpenak egiten ari ziren oholtzan, eta apur bat itxaron beharrean, oholtzara igo eta denen aurretik pasatu zen aldageletara joateko, inguruan gertatzen zenari muzin eginez.

John John Florencen txanda iritsi zenean kontrastea erabatekoa zen. Final Handian lehiatuko ziren bi surflariak aurkeztu zituztenean, Ferreirak ez zion arerioari begiratu ere egin, bere buruarekin hizketan ari zen, bekokia zimurtuta eta begirada zorrotzarekin. Inor agurtu gabe abiatu zen korrika itsasora, aurreko txandetan bezala, mundua jatera zihoala erakutsiz. Florencek atzetik egin zuen bidea, ikusleei eskua emanez eta, urduri zegoen arren, irribarreak eskainiz.

Oholtzatik hasten ziren txandak lehiakideen aurkezpenekin. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Lehen segundotik Florence jazarri zuen Ferreirak, eta lehen olatua hartzea eragotzi zion hawaiiarrari. Florence urautsian geratu zen eserita, beste olatu baten zain. Artean, Ferreira ez zen gelditzen, airekoak egiten eta puntuazio altuak jasotzen zituen. Show-a ematen ari zen, olatu bakoitzaren amaieran keinu barregarriak egiten. Florencek bi olatu bakarrik hartu zituen txanda osoan, baina nahikoa izan ziren irabazteko. Hala ere, oso justu irabazi zuen, Italok ezarri zuen joko zelaian jokatzen ari baitzen.

Bi final irabazi behar dira munduko WSL titulua eskuratzeko. Hortaz, berriz itsasoratu zirenean, ordura artekoa errepikatu zen, Ferreira zen nagusi, lehen olatua hartu zuen, airekoak, puntuazio altuak eta olatuen osteko keinu barregarriak. Bere jarraitzaileak pozarren ziren hondartzan eta, aldiz, beste multzo handi baten aurpegietan ezintasuna nabari zen, Florencek Ferreiraren airekoak gainditzea ezinezkoa baitzen.

Ordea, Florencek estrategia aldatu zuen. Ez zuen brasildarra aireko batekin garaitu, soilik bera egiteko gai den bira indartsu batekin baizik. Ferreirak egunean zehar dozenaka aireko egin zituen, azkenerako aspergarria ere bilakatu zen. Aitzitik, epaileek asko balioztatzen duten irizpideetako bat ariketen aniztasuna da, eta horretan Florence paregabea da. Berriz ere, bi olatu nahikoa izan zituen hawaiiarrak brasildarra garaitu eta 2024ko WSL titulua irabazteko.