Haritz Larrañaga

2025eko CT zirkuituko txapelketen egutegiaren zain, zenbait galdera

Lehen mailako itzulia amaituta, hurrengo urteko txapelketen zerrenda zein izango den oraindik ez du argitaratu WSL erakundeak, baina bi txapelketa berri iragarri ditu: Snapper Rocks eta Slaterrek Abu Dhabin eraiki duen igerileku berrikoa.

Snapper Rockseko eskuin luzeak.
Snapper Rockseko eskuin luzeak. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Lehen mailako munduko zirkuitua (Championship Tour) amaitu da eta 2024ko munduko txapeldunak izendatuak izan dira, Caitlim Simmers eta John John Florence. WSL erakundeak esan zuen Final Handia amaitu ostean 2025ko txapelketen zerrenda iragarriko zuela, baina oraindik ez dute hurrengo urteko CT zirkuituko txapelketak non eta noiz egingo diren argitaratu, eta jakin-mina gero eta handiagoa da.

Jada baieztatu dituzten datuak esku artean, hiru berrikuntza nabarmendu behar dira. Batetik, Trestlesen ez dela gehiago Final Handia egingo. Bestetik, bi txapelketa berri aurkeztu dituzte; hala, Snapper Rockseko txapelketa mitikoa itzuliko da, eta Kelly Slaterren konpainiak Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan eraiki duen igerilekuan ere lehen mailako txapelketa egingo da. Horiek dira orain arte WSL erakundeak baieztatu dituen datuak, baina hainbat galderak oraindik ez dute erantzunik.

Gauzak horrela, hiru dira galdera nagusiak. Lehenik eta behin, txapelketa berriak egingo badira, zein txapelketa ezabatuko diren esan beharko dute (ezabatuko badituzte). Bigarren galdera; Trestlesen ez da Final Handia egingo, baina zirkuituko txapelketa bat izaten jarraituko du? Eta azkena, Final Handia non egingo da?

Azken galdera horri jada erantzuna eman diote zenbait hedabideek. ‘Surfer’ aldizkariak, esaterako, 2025eko Final Handia Fijin egingo dela argitaratu du, baina WSL erakundeak oraindik ez du baieztatu halakorik.
 
Snapper Rocks

Baldintzak egokiak direnean munduko eskuin luze eta borobilenak eskaintzen dituen urautsietako bat da, baina gutxitan izaten dira halako baldintzak. Hala ere, surflariek asko maite duten txapelketa da eta 2002an lehen mailako txapelketak egiten hasi zirenetik ikusmin handiena sortzen zuen txapelketetako bat zen.

Aitzitik, azken bost urteetan ez da CT mailako txapelketarik izan Australiako Gold Coast eskualdean dagoen Snapper Rocks urautsian, baina bigarren mailako txapelketak egin dira, alegia, Challeger Series mailakoak, eta olatuak txikiak izan arren, arrakastatsuak izan dira.

Duela zenbait urte lehen mailako zirkuituko lehen hiru txapelketak Australian egiten ziren: Bells Beach-en, Margaret River-en eta Snapper Rocks-en. Azken bost urteetan Snapper Rocks zerrendatik kendu dutenez, beste bi lekuetan bakarrik egiten ziren txapelketak. Hortaz, zer gertatuko da aurrerantzean? Hiru lekuak mantenduko dira edo horietako bat zerrendatik ezabatuko dute?

Abu Dhabi

Kelly Slaterren konpainiak eta Modon Holding enpresak Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan eraiki duten igerilekuan ere lehiatuko dira 2025ean lehen mailako surflariak. Hudayriyat uhartean kokatuta, urrian irekiko ditu ateak olatu artifizialetako igerilekuak, baina olatuak sortzeko Kelly Slaterren sistema erabili dutenez, duela urtebete CT zirkuitutik kendu zuten Rancho igerilekuaren erreplika bat dela susma daiteke. Berezitasun batekin, Abu Dhabiko igerilekua handiagoa da, eta, ondorioz, olatu handiagoak sortzen omen ditu.

Edonola ere, zaleek ez dute gogo onez hartu albistea; izan ere, zaleen kritikengatik erabaki zuten lehen mailako txapelketen zerrendatik kentzea. Mota askotako kritikak izan ziren, baina olatu artifizialen kontrako iritziez harago, jarraitzaileen argudio nagusia izan zen txapelketa monotonoa eta aspergarria zela.

Final handia Fijin?

Datorren urtean ere lehiaketa eredua mantenduko da. Alegia, 36 gizon eta 18 emakumerekin hasiko da denboraldia, ekainean denboraldi erdiko mozketa egingo da, eta lehiakide kopurua murriztu egingo da. Horrela, bigarren erdian 22 gizon eta hamar neskak jarraituko dute lehian, baina Final Handirako soilik rankingeko lehen bost neskak eta bost mutilak sailkatuko dira.

Azken lau urteetan Final Handia Kaliforniako Trestles urautsian egin da, baina hurrengo urtean lekuz aldatuko dutela baieztatu du WSL erakundeak. ‘Surfer’ aldizkariak argitaratu duenez, Final Handia egiteko hautatu duten lekua Fiji da, baina WSLk oraindik ez du baieztatu hori horrela izango denik.

Trestleseko urautsia. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Trestleseko olatuak txikiak dira eta ondorioz olatu txikietako surflariek abantaila dute. Adierazgarria da Filipe Toledo brasildarrak 2022 eta 2023an munduko titulua irabazi izana. Horren aurrean, zaleek eta lehiakideek hala eskatuta, WSL erakundeak erabaki zuen olatu indartsuak izaten diren leku berri batekin ordezkatzea.

Hasiera batean Pipeline omen zen hautagaia; izan ere bi hamarkadan zehar lehen mailako zirkuitua Hawaiiko urautsi mitikoan amaitzen zen, eta funtzionatzen zuen formatua zen, zaleen artean ikusmin handien sortzen duen txapelketa baita Pipelinekoa.

Alabaina, ‘Surfer’ aldizkariak Final Handia Fijin egingo dela iragarri zuenetik, harrera ona izan du albisteak, zeren Fijiko  olatuak oso indartsuak dira, ariketa guztiak egiteko aukera ematen duenak, baita tubo oso luzeak ere.

Lehendakari berria

Iazko ekainean kaleratu zuten Erik Logan eta ia urtebete geroago ezagutu zen WSLko zuzendari berria zein zen, Ryan Crosby, enpresaria eta marketin aditua. Besteak beste, Netflixeko zuzendari ohia da eta Microsoft-en, Hulu-n eta Activision bideojoko enpresan postu esanguratsuak izan ditu. Surf munduan, ordea, esperientzia gutxi duela onartu zuen.

Olaturik ez duen Pittsburgh hirian jaio zen Pennsylvaniako enpresariak «golf jokalari eta surfzale sutsu» gisa aurkezten du bere burua. «Ingurumenaren babesle irmoa» dela dio, eta horregatik erabaki omen zuen iaz Surf Rider fundazioari «laguntzea».

Bere esku dago 2025. urteko txapelketen zerrenda osatzea, baina Arabiar Emirerri Batuetako igerilekuan lehen mailako txapelketa bat egiteko hartu duen erabakiak, WSLko lehendakari berriak surfaz duen ikuspegia nolakoa den agerian uzten du.