NAIZ

Indartsu hasiko du ikasturtea Ikusgela euskarazko bideo pedagogikoen atariak

Euskal kulturako sorta berri batekin hasiko du ikasturtea Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen Ikusgela atariak, astearte honetan. Maiztasuna handituz, astearte eta ostegunero bideo bat aterako du. Wikipedian egongo dira ikusgai, baita YouTuben eta ikusgela.eus webgunean ere.

Ikusgelak bideoen maiztasuna handituko du ikasturte berrian.
Ikusgelak bideoen maiztasuna handituko du ikasturte berrian. (IKUSGELA)

Astearte honetan hasiko du ikasturtea Ikusgelak, euskal kulturako sorta berri batekin. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak gidatutako atariak bideoen maiztasuna handituko du, eta astearte eta ostegunero lan bana aterako du. Irailetik maiatzera 100 bideo argitaratzera helduko da.

Lehen bideoan euskarazko prentsaren laburpena egingo da zortzi minutuko animazio baten bidez. Ondoren etorriko dira, besteak beste, euskal zinema, euskal antzerkigintza, eta Euskal Pizkundea. Datorren astean Erronka digitalen sortari ekingo dio proiektuak. Leire Palaciosek aurkeztuko du Badalabekin kolaborazion sortutako sail hau.

Udazkenean filosofiaren gaineko bideoak ere etorriko dira, baita literatura unibertsalari buruzkoak ere.

Historia ulertzeko gakoak

Berritasun berezietako bat historiaren saila da. Danel Pascualek aurkeztuko du saioa eta bideo bakoitzak zazpi-hamar minututan jasoko ditu garai historiko baten gako nagusiak, umorez eta tonu freskoan. Neolitoa, Iruñeko Erresuma, euskal baleazaleak eta Berlingo Harresia jorratuko dira.

Gidoiak Mikel Alvarez eta Lander Arretxeak egin dituzte, eta ekoizpenaren atzean Bira ekoiztetxea dago.

Lehiaketa eta buletina

Ikusgelako bideoen berri izateko buletin bat abiatu da. Urtaro bakoitzean ateratako bideo guztien berri jaso ahal izango da email bidez. Harpidetza ikusgela.eus-en egiten da.

Wikipedian euskal kulturak duen presentzia hobetzeko lehiaketa bat ere antolatu da. Martxan dago irailaren 30 arte auzolanean entziklopedia librea hobetzeko ekimena.

Ikusgela 2022tik dago martxan eta 92 dibulgazio bideo argitaratu ditu orain arte: Filosofia, Ekonomia, Euskal literatura, Ingurumena, Erronka Digitalak, Literatura Unibertsala eta Zortziko txikian sailetan banatuta. Wikipedian, YouTuben eta ikusgela.eus-en ikus daitezke.