Elkarrizketa
Alain Colunga
Urdaibaiko arraunlaria

«Joera bada, behintzat, arraunaren mailak behera egin duela»

Colungaren ustetan, aurten Bermeoren «bertsiorik onena» ikusi dugu: «Oso zaila da hau baino maila hobea ematea». Kontxan zeuden baldintzak kontuan hartuta, arraunlariak esan du «denbora ezin hobea» egin zutela, nahiz eta 19 minututik ez jaitsi. Arraunaren geroaz ere aritu da: «Beherakada bat dator».

Alain Colunga Urdaibaiko arraunlaria, Ondarroan.
Alain Colunga Urdaibaiko arraunlaria, Ondarroan. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Hamabostgarren denboraldia bete du Bermeoko tostetan Alain Colungak (Ondarroa, 1987). «Gogoa» badu arraunean jarraitzeko, «fisikoa ere bai», baina inguruko senideekin hitz egin behar du. «Denok sufritzen baitugu arrauna». Asko irabazi du Ondarroako arraunlariak. Zortzi Kontxako Bandera eta zazpi Eusko Label Liga. Osatu berri duten denboraldiaz, «ezin du gehiago eskatu»: Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazi ditu Urdaibaik, hamalau bandera astindu ditu Eusko Label Ligan, banderen errekorra bereganatuta, eta Kontxako Banderan gailendu da.

‘Bou Bizkaia’ traineruak eskarmentu handia du, eta badute «mentalitatea jakiteko zer egin behar duten denboraldian zehar hazkundea izateko, eta garaipenak kateatzen jarraitzeko». Hala ere, aldaketak emango dira taldean, Iker Zabala entrenatzaileak iragarri baitu ez duela taldean jarraituko. Adierazi zuen astebeteren buruan hartuko zuela erabakia eta Colungak ere onartu du «onerako edo txarrerako, erabakia azkar» hartu beharra zegoela, entrenatzaile berriaren bilaketa «ez atzeratzeko».

Elkarrizketa hau Zabalaren erabakia ezagutu aurretik egin zen eta arraunlari ondarroarrak adierazi zuen «gaur egun Bermeok izan dezakeen entrenatzailerik onena dela» bermeotarra. «Erabaki pertsonalak dira, eta beti errespetatuko dugu berak hartzen duen erabakia. Iker ez bada, aurrera jarraitu beharko da eta etorriko da norbait». Ezinbestean aurrera begira jarri beharko du Urdaibaik baina lehendabizi, denboraldi historiko baten sentsazioak plazaratzeko tartea hartu zuen Colungak. Marea Bizian saioko azken atalean duzue elkarrizketa osoa entzungai.

Nola joan zen ospakizuna Bermeon?

Oso ondo joan zen bai igandean, bai larunbatean. Oso harrera ona egin zigun herri guztiak, bueno, ez dakit herri guztiak, baina pila bat bermeotar eta pila bat zale hurbildu ziren. Politena da beraiekin disfrutatzea egin dugun lanaz, eta noski, garaipenaz.

Sekulako denboraldia osatu duzue. Ezin dezakezue gehiago eskatu.

Ez, ez, guretzat hau amets bat izan da. Denboraldia hasi zenetik sekulako aukera ikusten genuen. Hiru urte hauetan zehar, Iker [Zabala, prestatzailea] etorri denetik Bermeora, orain dela bi urte jada denboraldi oso ona egin genuen, eta hori oinarri hartuta, iazko urtea eta hau hobetzen joan gara, eta uste dut aurten Bermeoren bertsiorik onena ikusi dugula. Sekulako aukera ikusten genuen, eta ez genuen galdu nahi. Azkenean dena oso ondo atera da, eta pila bat disfrutatu dugu.

Gozatu egin duzue arraunean?

Bai, pila bat gozatu dugu. Hau da edozein arraunlarik amesten duen denboraldia, eta uste dut gehiago ezin dela eskatu. Gainera, denboraldi guztian zehar lortutakoarekin gozatzen joan gara.

Hasieratik bukaerara nagusi. Txapelketa hasi eta berehala lau bandera irabazi zenituzten elkarren segidan, eta horrek azkar bideratu zuen, sailkapena.

Eskarmentu handia duen taldea gara. Azken bi urteak ikusita, eta pixka bat oinarri hartuta zer egin dugun ondo, bagenekien hobetzeko atalak bazeudela, eta hori lantzen joan gara. Eskarmentu handiko taldea izanda, badugu mentalitatea jakiteko zer egin behar dugun mantentzeko, denboraldian zehar hazkundea izateko, garaipenak kateatzen segitzeko, eta jarraipena izateko.

Bosgarren postuan bi aldiz egin duzue: Orion eta Getarian. Baina gainerakoetan lehenak egin duzue, bi aldiz bigarren eta bat hirugarren. Ez zarete erlaxatu.

Ez, argi dugu prozesu bat dela, eta denboraldia ere prozesu horren barne dela. Badakigu, adibidez, ekainean egiten dugun estropada batekin, uztailean ez duela balio, eta uztailean ematen dugun mailarekin, ez duela balio Kontxako Bandera irabazteko. Oso kontziente gara horretaz, eta hori jakinda, jarraitu behar da hobetzen eta lantzen. Dena oso ondo atera zaigu.

«Nork esango zuen Zarauzko Ikurrinean larunbatean lehenak izan, eta igandean bigarren, eta hori izatea denboraldiko gure arantza»

Agian arantzarik izatekotan, arantzarik baldin badu osatu duzuen denboraldi honek, Zarauzko Ikurrina?

Bai, halaxe da, izan daiteke [barrez]. Baina nork esango zuen Zarauzko Ikurrinean larunbatean lehenak izan, eta igandean bigarren, eta hori izatea denboraldiko gure arantza. Horrekin uste dut dena esan dudala. Sekulako denboraldia izan da, jakina ezin dugu dena perfektu egin. Asteburu horretan Donostiarra gu baino gehiago izan zen, eta merezita eraman zuen garaipen hori.

Hala ere, horrek modu batera edo bestera, balio izan zizuen bereziki Kontxara gose handiarekin iristeko.

Bai, denboraldia prozesu bat da, eta ezin gara erlaxatu. Erlaxatzeak datza aldaketak egiten jarraitzea bai neurriei dagokienez, bai arraunlariei dagokienez ere, pisuak... Hori dena joan behar zara hobetzen, eta askotan hobekuntza horren bila zoazenean atzera egiten da, baina hori da prozesu normala hobekuntza lortu nahi baduzu eta Kontxara ondo heldu nahi baduzu. Esan bezala, beti ez da asmatzen, Zarautzen ez genuen asmatu, baina egin beharreko gauzak dira hobetzen joan nahi baduzu.

Kontxan bai, nagusitasun handia erakutsi zenuten bi igandeetan.

Bai, uste dut Kontxan ikusi zela Bermeoren bertsiorik onena. Zegoen itsasorako eta haizerako, sekulako denborak atera ziren, ezin hobeak izan ziren. Benetan oso gustura geratu ginen egindako lanarekin.

19 minututik ezin jaitsi. Hor dena eman izanaren sentsazioa duzue?

Ni barruan egon nintzen errekorra egin zen urtean, baita bi igandeetako errekorra egin zen urtean ere, eta uste dut zeuden baldintzekin denbora paregabea edo ezin hobea egin genuela. Ez dakit errekorra egiteko baldintzak emango baziren, errekorra egingo genuen ala ez, baina uste dut oso-oso hurbil egongo ginatekeela, hori ziur.

Iker Zabalak adierazi du bete-betean ez zaretela hainbestetan aritu. Zuk ere sentsazio bera duzu?

Bai, nik ere sentsazio bera dut. Bermeoren bertsiorik onena aurten ikusi da. Oso traineru sendoa gara, ondo landutakoa, hiru urte eta gero elkar ondo ezagutzen gara, eta uste dut oso zaila dela hau baino denboraldi hobea egitea, edo gure aldetik, behintzat, oso zaila da hau baino maila hobea ematea.

Zuek maila oso-oso altua eman duzue, eta aurkariak nola ikusi dituzu?

Uste dut bai egon direla momentuak non aurkariak hurbildu diren, baina niretzat orokorrean hitz eginda, arraunaren maila ez dago momenturik onenean. Ikusten da arraunean badagoela arazo bat gazteriarekiko, eta gero eta zailagoa dela gazteak arraunera etortzea eta gazteak arraunean jarraitzea. Ikusiko da datozen urteetan arraunak zein bilakaera duen, baina bai ikusten da, edo joera bada, behintza, maila horrek behera egin duela, edo beherakada bat badatorrela.

Eta zein irtenbide eman behar zaio egoera horri?

Hori eztabaida oso sakona da. Uste dut bai egin behar dela hausnarketa bat, baina hausnarketa orokor bat. Nola beteranoen traineru gehiago dauden eta KAE 2 ligan traineruak desagertzen ari diren. Argi dago arraunlarien adina igotzen ari dela, orduan neurriak hartu behar dira. Neurriak alde guztietatik, ez dakit orain hartuko dituzten neurriak onenak diren edo behintzat, neurri horiek bakarrik hartu behar diren. Baina bai egin behar da hausnarketa bat horren inguruan, eta arraunarentzat onenak diren neurriak hartu.

Datorren denboraldian, lau harrobiko ontziratu beharko dituzte taldeek. Horrek eragina izango du Bermeon?

Eragina izango du talde guztietan, batzuentzat hoberako eta beste batzuentzat alderantziz. Bermeo bezalako talde batek hori onartu beharko du, eta alde horretatik aurrera egin behar da.

«Ez dakit errekorra egiteko baldintzak emango baziren, errekorra egingo genuen ala ez, baina uste dut oso-oso hurbil egongo ginatekeela»

Hamabost denboraldi daramatzazu Urdaibain. Zazpi Eusko Label liga, eta zortzi Kontxako Bandera. Sekulako zenbakiak dira.

Bai, baina ez diot kasu askorik egiten zenbakiei. Uste dut momentua disfrutatu behar dela, aurten egin duguna disfrutatu dugun bezala. Eta pasatu ondoren, aurrera begiratu behar da. Hemen jarraitzen badut, berriro hori lortu behar da. Atzera begiratzea hor dago, baina garrantzitsuena datorrena da. Esan dezakedan gauza bakarra da alde horretatik oso zorionekoa sentitzen naizela, ez nuen inoiz pentsatuko arraunean hasi nintzenean ezta honen laurdenaren laurdena irabaziko nuenik ere. Alde horretatik, oso zoriontsua naiz.

Jarraituko duzu datorren denboraldian?

Ez dakit. Nik ahalegina egingo dut jarraitzeko, gogoa badut, fisikoa badut, oso ondo sentitzen naiz, baina pixka bat betikoa, inguruko kontuak ikusi behar dira. Azkenean arrauna denok sufritzen dugu, ez bakarrik nik, baita nire ingurukoek ere. Erabakia denona izan behar da, eta ikusiko dugu. Momentu honetan pixka bat hausnartu, lur hartu, eta ahalegina egingo dugu.

Iker Zabalak adierazi du berak joan den astean hartuko zuela erabakia. Zer esan dizue berak?

Berdina pixka bat. Zalantzak badituela, asko duela Bermeoko klubarekin hitz egiteko, eta bilera horiek eta gero, erabakia hartuko duela, eta ahalik azkarren izango dela, bai onerako, bai txarrerako geldintzen bada edo ez bada gelditzen, beste entrenatzaileren bat bilatu behar bada, ez atzeratzeko hori.

Zuek, noski, pentsatzen dut nahi duzuela Zabalak jarraitzea.

Bai, uste dut gaur egun Bermeok izan dezakeen entrenatzailerik onena dela. Bai klubak, bai arraunlariok nahi dugu berak jarraitzea, baina badakizu azkenean erabaki pertsonalak dira, eta beti errespetatuko dugu berak hartzen duen erabakia. Iker ez bada, aurrera jarraitu beharko da eta etorriko da norbait.