Urtzi Urrutikoetxea

Vance eta Walz, presidenteorde izateko hautagaiak, aurrez aurre gaur gauean

Bost aste baino ez dira falta AEBetako hauteskunde-egunerako, eta dagoeneko ezaguna da Donald Trumpek eta Kamala Harrisek ez dutela beste debaterik izango, lehenak uko egin diolako. Horregatik, presidenteordegaien artean izango den eztabaidak protagonismo berezia hartu du.

Tim Walz presidenteordetzarako hautagai demokrata, ezkerrean, eta J.D. Vance errepublikanoa, eskuinean.
Tim Walz presidenteordetzarako hautagai demokrata, ezkerrean, eta J.D. Vance errepublikanoa, eskuinean. ( J.BROWN-Ryan COLLERO | AFP)

Datorren azaroaren 5eko hauteskundeetara begira, zazpi dira balantza erabakiko duten estatuak, eta horietatik hiru barruti industrialenetan dago jarria arreta. Ez Donald Trump, ez Kamala Harris ez dira eskualde horretakoak, baina biek ere ticketeko bidaide izateko Rust Belt edo Herdoilaren Gerrikoko hautagai bat hartu dute. J. D. Vance-ren Ohiok errepublikanoen alde bozkatu izan du azken urteotan, eta Tim Walz gobernadore duen Minnesotak demokraten alde egingo duela ia ziurra da. Baina bi estatu horien artean dauden Wisconsin, Michigan eta batez ere Pennsylvanian erabakiko dute Etxe Zuriko maizterra nor izango den. New Yorken izango da debatea, Euskal Herrian asteazken goizaldea dela, eta CBS kateak emango du zuzenean.

Walzek askoz esperientzia handiagoa dauka debateetan. Vance adinez ere gazteagoa da, eta publikoki egindako hutsegiteak asko nabarmendu dira azken asteotan, baina badu eskarmenturik, edozelan ere; duela bi urte Ohioko senatari izandakoak egin zuen eztabaidako erasoak itsusienak izan ziren.

Errepublikanoak immigrazioaren gaira eraman nahiko du debatea. Barne-datuek diote estatubatuarrekin gehien konektatzen duen gaia dela, eta Trumpek ere azpimarratu du joan den asteburuan: inflazioa edo ekonomia baino are indar handiagoz ari da zabaltzen bere mezu xenofoboa, milioika lagun deportatzeko daukan asmoa azpimarratuz. Vance ere, bere nagusiaren karismarik izan ez arren, lelo berarekin ari da, baita etxera begira ere: Ohion ziren haitiarrei buruzko mezu arrazistak behin eta berriz zabaldu ditu, estatuko arduradun errepublikanoek ere salatu arren gezurra dela bertan lanean ari diren etorkinak legez kanpo iritsi direla. Legezko migratzaile estatusa daukate, lanerako baimen eta guzti.

Horrelako zurrumurruen eta muturreko ideien aurrean gizon zuri, lasai eta arruntaren itxura azpimarratu du Tim Walzek, demokraten presidenteorde izateko hautagai izendatu zutenetik. Eta irudi horren ifrentzuan, weird (arraro) adjektiboa arrakastaz ezarri die Walzek aurkariei. Zalantzarik gabe, Donald Trumpentzat ere erabili arren, J. D. Vance da «arraro» izenordea bete-betean egokitu zaion pertsona. Walz herriz herri ibili da taberna, azoka kafetegi, saltoki zein beste edozein merkatarirekin irribarretsu konektatzen. Vance ere saiatu da, baina enpatia falta, distantzia eta hoztasuna nabarmendu dira, batez ere.

Hasierako inkestak ere irauli diren unean dator eztabaida. Azken datuek aurretik jarri dute Harris-Walz ticketa, lau bat puntu gehiago lituzkete Trump-Vancek baino. Edozelan ere, AEBetako hauteskunde sistema zaharkituan ez du askorako balio inkesta orokorra izateak, ezta herrialde guztian boto gehiago ateratzeak ere. Estatu-kopuru zehatz bat irabaztea eta hauteskunde-ordezkari kopuru bat eskuratzea da gakoa. Eta hor, askoz hurbilago daude bi proposamenak, edozein aldaketa txikik hauteskunde guztia alde batera edo bestera eramateko bezainbat.




The New York Times
«The New York Times» egunkariak Kamala Harris babestu zuen atzoko editorialean, Donald Trumpen proposamenen eta Etxe Zurian duen historialaren aurrean «hauteskunde patriotiko bakarra» dela esanez. Trump «baino duintasun gutxiago duen hautagairik» nekez imajinatu daitekeela dio.

Arauak
Debatean ez da irekiera adierazpenik egongo, eta Vancek izango du azken hitza. Hautagaiek bi minutu izango dituzte moderatzaileen galderei erantzuteko. Bakoitzak minutu bat izango du ezeztapen gehiagorako, eta  beste bat gehiago lor dezakete jarraitzeko, baina moderatzaileen oniritziarekin bakarrik.