Joxe Landa, «dotoreziaz» estilo propioa garatu duen eguraldi-gizonaren azken iragarpena GARAn
Oporrik ez du hartu urte luzez gurean Joxe Landak, egunero-egunero eman du eguraldiaren berri GARAko orrialdeetan, hain berezkoa duen estiloan. Astelehenetik aurrera, ordea, kontrazaleko berriemailea aldatuko da, eta deskantsua hartuko du eguraldia ia poesia eran iragarri duen itziartarrak.

Goizeko hamarrak jotzerako, bere eguneroko zereginetan topatu dugu Joxe Landa Itziarko Burugorri tabernan, goizero-goizero bezala. Karpeta batean orrialde bat dakar, eta bertako zerbitzariak plastikozko egituran jarri du. «Eguraldi kaxkarra, e» aipatu digu, guk aterkia itxi eta berokia kendu bitartean, eta ohartarazpen bat egin du: «Arratsaldean euri gehiago».
‘Egin’ zein GARAko irakurleek betidanik izango dute ezaguna Landaren sinadura egunkariko kontrazalean. Dagoeneko 95 urte beteak baditu ere, lehendabiziko eguraldi iragarpena zortzi urterekin egin izana du gogoan: «Aitak esan zidan ‘joan hadi atarira eta gaur zer eguraldi egingo duen begiratu, baserriko lanak antolatzeko’. Atera joan nintzen eta orduantxe hasi nintzen eguraldiari begiratzen, nik neuk asmatzen nituen izenak: tripaki lainoak, teilatu lainoak, trumoi konkorrak…».
Animaliei ere erreparatuz
Baserriko lanak antolatzeko ezinbestekoa dela eguraldia nabarmendu du Landak. Asmatzen hasi zenean, bizilagunak ere galdezka hasi zitzaizkion, eta bere jakin-mina areagotu egin zen. Zeruari begiratzea nahitaezkoa da, baina animaliei ere erreparatzea garrantzitsua iruditzen zaiola aitortu du: «Badute zerikusia animaliek eta eguraldiak, nik etxearen kontra genuen ardiak biltzeko lekuari erreparatzen nion; goizean, atea ireki eta artaldea bixi xamar joaten bazen… abisu txarra».
95 urte beteak ditu jada eta 8 baino ez zituela egin zuen lehenengo ‘iragarpena’: «Aitak esan zidan ‘joan hadi atarira eta begiratu gaur zer eguraldi egingo duen, baserriko lanak antolatzeko’»
Aspaldi hasi zen zeruari begira, beraz, eta oraindik egunero begiratzen du. Data zehatzik gogoratzen ez badu ere, ‘Egin’ eta Egin Irratian ibili zen hastapenetatik eta GARA sortu zenetik gutxienez, bere lana izan da eguraldiaren informazioa ematea, ia poesia eran.
«Eguraldiak egunero dauka zer esana, berdin-berdina oso gutxitan egiten du, gaur atzo bezala ez da izaten», eta horregatik, goizeko lehen orduan bost irratiren deiei erantzuten die, eta hurrengo eguneko egunkariko iragarpena idazten du ondoren: «Ttirriki-ttarraka denak egiten ditut, jardun dexente da, baina gustura egiten dut». Gainera, irakurle finenek asko estimatu dute Landaren berezko hiztegia, ez baita elur bera «maluta mara-mara» dakarrena, «pinporta kaska-kaska» erortzen dena, edota «txingorra parra-parra». Ezberdina da bakoitza, eta ondorioz, izen bat behar du bakoitzak itziartarrarentzat.
Lurrari emana
Baserria eta natura lehen unetik ditu aipagai, haurtzaroan ez ezik, bizi guztian izan duelako lotura. INEKO Itziarko Nekazari kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, eta Goierri aldean hitzaldi asko eman izan zituela kontatu du: «Baserriko bizitzaren inguruko gauza asko kontatzen nituen, batez ere, eta baserria kudeatzearen inguruan. Lurra lantzeko eguraldiak zerikusi handia dauka, baita parajeak ere, horiek guztiak lantzen genituen». Ondoren, Gurelesan, EHNEn edota Lugintzan ere ibili zen.
Kontatu duenez, batez ere baserritarrek galdetzen diote kalean zehar eguraldiari buruz, eta inoiz inor ez zaio haserretu iragarpenarekin ez duelako asmatu: «Eguraldia beti gogoan edukitzen dut, nire sententziak azkar egiten ditut. Ondo-ondo asmatzen zaila da, baina dexentetan asmatzen da eta askotan neuk pentsatutakoa bezalaxe izaten da».
«Nire sententziak azkar egiten ditut eta, askotan, neuk pentsatutakoa gertatzen da»
Urteen poderioz eguraldia begiratzeko modua asko moldatu dela kontatu du Itziarkoak, «erreminta inportanteak» lortu direla, eta hori poztekoa dela uste du, nahiz eta, serioago jarrita, baieztapen bat bota duen: «Eguraldia ezin da maneiatu».
Horren eztabaida behin baino gehiagotan mahai gainean jartzeko joera Txinak izan duela azaldu du; «Pekinen maneiatuko ote zuten saiakera asko egin zituzten, baina ez zuten lortu, nola lortuko zuten ba!», eta esamolde zahar bat gogoratu du, «eguraldi kontuetan, egiten duenarekin moldatu behar».
Eguraldia ezin dela gobernatu argi du, baina eguraldiaren martxa «orokorrean» ez dela aldatzen uste du Landak, «udaran modu batera eta neguan bestera, baina orokorrean esateko ez da aldatzen».
Gizartea eta ohiturak «pixkanaka-pixkanaka» aldatzen doaz Landaren ustez, eta hala izan behar duela azaldu du, baina sustraiak mantenduz: «Aldatu behar da, baina sustraiak mantentzea garrantzitsua da, lehengoa ez galtzeko behintzat». Eta gehitu du, bere ustez, naturarekin, eguratsarekin eta eguraldiarekin baserrian bizitakoek arreta gehiago dutela, «kaleko jendeak ez du horrenbeste arreta edukitzen».
Euskal Herrian, eguraldi aldakorra nagusi
Batekoek zein bestekoek, hala ere, eguraldiari begira jarraitzen dutela uste du itziartarrak: «Baserriko mundua gastatzen ari da, baina eguraldiarekiko arreta ez da gastatzen, horrek hemen jarraitzen du. Euskal Herrian aldakorra da, gainera. Ni soldadu Melillan egon nintzen, eta han eguraldia beti berdina da, amorragarria; hemen asko aldatzen denez, atentzioa ematen du».
«Melillan izan nintzen soldadu eta han eguraldia beti berdina da, amorragarria; hemen asko aldatzen denez, atentzioa ematen du»
Eguraldiaren inguruko bitxikeriak ere baditu gure eguraldi-gizonak; esaterako, irri txikia ahoan kontatzen du nola behin Itziarko Txankarta soinu jotzaileak esan zion hego haizea Itziarren jaiotzen zela.
Baieztapenak eta soinu jotzailearen segurantzak arreta eman zioten eta hori aztertzen hasi zen, Txapasta baserrira joandakoan lortu zuen azalpena: «Bi mendiren artean zegoen, eta haizeak hegotik jotzen duenean izugarri indartzen da hor haizea». Orduz geroztik, berarentzat ere Itziarren sortzen da hego haizea; batetik, arrazoi puntu bat bazuelako Txankartak bere ustez, eta bestetik, horrelako istorioen, esamoldeen eta jakintzen transmisioa garrantzitsua iruditzen zaiolako.
«Ministerioak behar luke atarramendu pixka bat baserria atenditzeko»
Nabari zaio asko maite duela baserri ingurua, eta gehiago zaindu beharko litzateke bere ustez: «Askotan egoten naiz pentsatzen eta Ministerioak behar luke atarramentu pixka bat baserria atenditzeko, sasi zaharrak ere hor utzita daude, zabor horrek ez du onik ematen, eta gainera, lehorte bat etorriz gero, su hartzeko arriskua dago».
Gai batetik bestera eta Itziarko baserri batetik bestera txor-txor ari garela ekarri du mahaira Valentzia. Kezkatuta sumatzen da, «harrituta nago eguraldiak nola egin dezakeen horrelako kaltea, hemen ere ezagutu ditugu eguraldiaren erasoak, baina horrelakorik ez». Uste du aldez aurretik abisatzeak prestakuntza ekarriko zukeela, baina datuak begiratzen ibili da gure eguraldi-gizona, eta ezohikoak omen dira, «eguraldiak ere baditu horrelako atarramentuak», dio erdi etsita.
Berak gogoan duela Euskal Herrian ez da halako «txikiziorik» izan, baina buru zein gorputzean du abuztuko azken igande batez izugarrizko txingorra bota zuenekoa, larre osoak izorratu omen zituen, eta baserrietako ganadua negurako janaririk gabe utzi, kanpotik ekarri omen zuten jakia. «Buruan geratzen da hori, kezka hori daramazu urte luzez».

Azken iragarpena
Bere azken iragarpena eskatuta, aurtengo negua nolakoa izango den iragartzeko goizegi dela aurreratu digu, baina udazkenaren inguruko balantze bat egin du: «Udazkenean batez beste hego haize gehiago izan ohi dela uste dut, aurten hego haize gutxixeago dabil, baina oraindik badu astia».
«Oraindik biharko eguraldia pasatzeko daukat» esanda agurtu da, gaur arte gurean behintzat inoiz oporrik hartu ez duen eguraldi-gizona.
Guk buelta egin dugu erredakziora, eta arrazoia zuen, bidean euria areagotu da, eta Joxe Landaren estiloa baliatuz, «makur portatu da eguraldia, elementuak modu txarrean daudelarik, kaskarkeria galanta egin du, ufadaxoak areagotuz». Jada ez da bere sinadurarik izango gure eguraldi iragarpenetan, baina denon gogoan geratuko dira hamaika esamolde.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

