Azken orduko aldaketa bat egon da astelehen arratsalde honetan Tolosako Beotibar pilotalekuan, Binakako Txapelketako zazpigarren jardunaldiko lehen partidarako. Bertan Iñaki Artola zen aritzekoa, Jon Mariezkurrenarekin batera, baina Alegiako aurrelariak eskuineko abdomeneko muskulu zuzeneko zuntz haustura du eta ezin izan du jokatu. Bere ordez Beñat Senar aritu da eta ataundarrak bikain ordezkatu du Artola, Peio Etxeberria eta Martijaren aurka 15-22 irabazita.
Aspekoek kontrako sentsazioekin amaitu dute Tolosan. Burua altxa ezinik jarraitzen dute eta oraindik ez dute punturik bildu aurtengo txapelketan. Gaurko lehian denbora guztian atzetik aritu dira, urdinak 0-2 jarri baitira aurretik eta amaiera arte aurrean aritu dira.
Aurrelari ataundarra ez da kikildu eta hamar tantorekin amaitu du partida. Horri sakez lorturiko beste bat gehitu behar zaio. Atzean, astearte honetan NAIZen protagonista izango den Mariezkurrenak beste lau tanto egin ditu; hori bai, beste lau galdu ditu ere.
Baikoko atzelariari berdin dio zein bikote jartzen dioten. Inertzia ona hartu du eta Artola ez bada, Senarrekin, gaur erakutsi duen bezala, sendo izaten jarraitzen du atzeko koadroetan.
Hala, segituan hartu dute aurre urdinek (1-5) eta, beste 0-4ko partzial bati esker, aldeak handitu dituzte (3-9). Markagailua 6-12koa zen lehen atsedenaldi luzean, eta bigarrenean 11-18koa izan da. Gorriek hiru tanto jarraian egitea lortu badute ere (14-18), Senar-Mariezkurrenak garaipena poltsikoan zutela berretsi dute, azkenean 15-22 irabaziz.
PARTIDAKO FITXA:
Peio Etxeberria-Martija: 15
Senar-Mariezkurrena II.a: 22
Pilotakadak: 559. Iraupena: 58 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-5, 3-5, 3-9, 4-9, 4-11, 6-11, 6-14, 7-14, 7-16, 9-16, 9-17, 11-17, 11-18, 14-18, 14-20, 15-20 y 15-22. Sakez egindako tantoak: 1 Peio Etxeberriak eta 1 Senarrek. Jokoan egindako tantoak: 7 Peio Etxeberriak, 1 Martijak, 10 Senarrek eta 4 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 6 Peio Etxeberriak, 1 Martijak, 2 Senarrek eta 4 Mariezkurrena II.ak. Gertakariak: Giro eta sarrera ona Tolosako Beotibar pilotalekuan Binakako Txapelketako partida hau ikusteko.
Elordi-Zabaleta, garaile Zallan
Peio Etxeberria-Martija bezala burua ezin altxa jarraitzen duen beste bikote bat Peña II.a-Abisurena da. Gaur Zallan jokaturiko neurketan, 22-14 galdu dute sendo zabiltzan eta 2023an txapeldun izan ziren Elordi eta Zabaletaren aurka.
Azken hauek bost puntu dituzte dagoeneko eta Peña II.a-Albisuk, berriz, bakarra. Gaur aukera ona zuten sailkapenean gorantz egiten hasteko, baina Elordi-Zabaleta 14-5eko aldearekin ipini dira lehen atseden luzearen ostean, eta horri aurre egite ezinezkoa izan zaile.
Zazpigarren jardunaldiak urte berri egunean jarraituko du, Eibarreko Astelenan, eta bertan Altuna III.a-Aranguren eta Jaka-Imaz arituko dira aurrez aurre. Ostegunean, Ezkurdia-Rezusta liderrak bigarren diren Laso-Iztuetaren aurka arituko dira jardunaldiari amaiera emateko.