Unai Laso eta Jon Mariezkurrenak ongi gogoratuko dute 2024. urtea. Aurrelariak Lau eta Erdiko txapelketa irabazi zuen, atzetik aurrera eginda, alboan zeukan botileroaren laguntzari esker: Mariezkurrena bera. Txapelketa berezia izan zen eta bien arteko konfiantza eta laguntasunak milaka jende harrapatu zuen. Modu batean esateko, urteko protagonistak dira.
Hori aitzaki hartuta, biak elkartu ditu NAIZek Aiako K5 Bodegan. Urte zahar eguneko ale berezian argitaratuko da GARAn eta igande honetan, aurrerapen bat eskainiko dugu. Anekdotak nagusi izan ziren bien arteko solasaldian, baita txantxak ere –goiko bideoan ikusi ahal den moduan–. Une serioak ere gogorarazi zituzten –2020an pilota profesionaletik at geratu zirenekoa–. Uste dute esperientzia horrek are gehiago «indartu» zuela beraien laguntasuna.
Biek ala biek osasuntsu egotearen garrantzia azpimarratu zuten, nahiz eta ohiko molestiaren batzuk eduki. Gehiago izaten dira Lasoren kasuan baina aitortu dute kantxara ateratzen direnean ez dagoela aitzakiarik, %100ean jokatzen dutela.
Orain, Binakako txapelketan bete-betean sartuta daude. Ongi bidean hasi dute 2025ean amaituko den lehendabiziko torneoa eta helburu jakin batzuk ere jarri diote beraien buruari. Mariezkurrenak, esaterako, finalerdietara iristea dauka begiz jota. Oraindik hilabete eta erdi falta da ligaxkako lehen fasea bukatzeko eta beraz, gogor lan egin beharko dute.
Ohituta daude gogor lan egitera eta ofizioa duten lan honetan alboan lagun handi bat edukitzearen garrantzia ere berretsi dute: lana gustorago egiteko, entrenamenduak arinago egiteko –tartean zenbait apostu eta pikerekin– eta biak elkarrekin hazteko. «Kirolean nahiko berdintsuak gara, asko gustatzen zaigu irabaztea eta horrek hobetzen gaitu egunero. Irabazi nahi horrek asko hobetzen du gure jokoa eta gure lan egiteko gogo horiek. Une honetan behintzat esango nuke Unairekin daukadan harreman hau onuragarria izan dela», aitortu zuen Mariezkurrenak.
Unai Lasok ere ezin kontrakorik izan, kide ezin hobea izan baitzuen Lau eta Erdiko finalean: «Jonek esaten zidan oraindik ez nuela atera nire jokoa eta oraindik partidan sartuta nengoela, beti bizpahiru tantora. Horrek konfiantza eman zidan».
Pilotalekuetan sortzen den giro onak, pilota eskolen sasoi onak, belaunaldi berriek emandako urratsaz eta gehiago, astearte honetan, NAIZ eta GARAn irakurgai eta entzungai.