Bizkaiko Uberren plantilla greban dago joan zen abenduaren 11tik, hitzarmen berri bat aldarrikatzeko. Amaiera urtarrilaren 6rako aurreikusita zegoen arren, ELAk jakinarazi du greba urtarrilaren 31ra arte luzatu duela.
Uberreko langileen hitzarmena 2023ko abenduaren 31n iraungi zen, eta egungo baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri baterako negoziazioa blokeatuta dago, ELAren arabera.
Nominetan akatsak, ibilgailuen egoera kaskarra eta lan egindako ordu guztiak ez dizkietela ordaintzen salatzen dute langileek, sindikatuak ohar batean azaldu duenez.
Bizkaian, Ares Capital enpresak kudeatzen du Uber, Moove Cars-en parte dena aldi berean. ELAk gogoratu duenez, plantilla osatzen duten 200 langile baino gehiagoren aldarrikapen nagusiak dira soldata handitzea (benetako lanorduak zenbatzea), oporrak behar dutenaren arabera eskatu ahal izatea, nominak aldatzea ulergarriagoak izan daitezen, ibilgailuetan segurtasun handiagoa izatea (bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat), autoak enpresaren instalazioetan aparkatu ahal izatea eta gaueko eta jaiegunetako plusak finkatzea.
ELAk salatu duenez, Uberreko gidarien jarduna urteko 365 egunetakoa da, egunean 24 orduz, astelehenetik igandera, jaiegunetan, egunez eta gauez. Gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen dute. Horregatik, Uber kudeatzen duten enpresei «benetako negoziazio bat» eskatzen die gatazka konpontzeko. Gogoratu du Uberrek «irabazi milioidunak» izan dituela azken urteetan, eta «hazten jarraitzeko iragarpena» duela.