Donostiako Intxaurrondo auzoan egin dute grebaren 50. egunean elkarretaratzea Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek, Txara II egoitzaren parean. Azaroaren amaieran abiatu zuten greba mugagabea, enpresak proposatzen zituen lan baldintza berriak ez dituztelako onartzen, eta enpresak aurreikusitako bost kaleratzeak gelditzeko.
Azaroaren 25etik greba mugagabean dauden Sanmarkoseneko langileek elkarretaratzea egin dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Sanmarkosene-Gureakeko langileek lehenago ere egindako aldarriak gogoratu dituzte ostiral honetan: «Egutegi duinak familia eta lana uztartzeko, lanaldiak ehuneko ehunean eta kaleratzeak bertan behera geratzea».
ELA sindikatuak salatu duenez, «denbora honetan guztian Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du ezer egin egoera konpontzeko». Egoitzen sektoreak publikoa izan beharko lukeela aldarrikatu dute langileek, eta hala ez den bitartean, Aldundiak, zerbitzu hori azpikontratatzeko erabakia hartu duenez, kalitatea bermatu beharko lukeela nabarmendu dute: «Egoiliarrak baldintza egokietan daudela bermatu behar dute eta, beraz, langileek horretarako beharrezkoak diren lanaldiak eta egutegiak izango dituztela bermatu behar da».
50. greba eguna
Grebaren hasieran adierazi zutenez, irailean, enpresak, lan ordutegien eta lan egutegien proposamen baten bidez, lan baldintzak funtsean aldatzea proposatu zuen: «Hemezortzi pertsonari lanaldia murrizteaz gain, beste bost pertsona kaleratzea jasotzen zen bertan. Plantillaren %36k borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak ditu, emakume langile horiek bizi baldintza txarrak dituzte ondorioz».
Bestalde, egoiliarren senideek ere abenduaren 8an elkarretaratze bat egin zuten egoitzan bertan ratioak txikiegiak eta eguneratu gabeak direla salatzeko: «Egoiliarren oinarrizko zaintza zerbitzuak ez dira betetzen ari, ordutegiak desorekatzen ari dira otorduen, loaren zein medikazioen garaian...». Enpresari zein langileei jarrerak «hurbiltzeko» eskatu zieten.