
Laso eta Iztuetak zortzigarren garaipena eskuratu dute larunbat honetan, Labriten, Binakako txapelketako sailkapen nagusian lider jarraitu ez ezik ezik, lidertza apur bat gehiago sendotzeko. Ostiral gauean Getarian Peio Etxeberria eta Martijak eskuratutako garaipen horrek ere badu zerikusirik, Ezkurdia eta Rezusta hartu baitzuten mendean, orain bigarren sailkatuak diren pilotariak.
Partida zinez gogorra jokatu dute Iruñeko pilotalekuan –«Labriteko partidak beti izaten dira gogorrak», ñabartu zuen Lasok–, Erik Jaka eta Ander Imazek bukaeraraino borrokatu baitzuten. Bigarren etenaldi luzera urdinak 11-18 irabazten iritsi direla, bazirudien partida jada apurtua zegoela eta liderren garaipena ziurtzat ematen zen. Gorrien erreakzioa, ordea, handia izan da, ikaratzekoa (15-19 hurbildu dira), baina azkenean ez da ezustekorik egon. Lasok, ongi moztutako pilotakada batekin, erabaki du partida, aurretik gorriek egindako bi hutsek ere lagunduta.
«Horrelako bikote baten aurka garaipena eskuratuta, pozik egoteko modukoa da», esan du Martxel Iztuetak partida bukatu berritan. Jaka eta Imazek lau garaipen daukate pilatuta, eta bide onean zeudela iristen ziren Iruñeko partidara –bi dema jarraian irabazi eta sailkapenean jauzia emanda–.
Atzetik aurrera doazela dirudi, nahiz eta partidak ixtea oraindik ere kostatzen ari zaien. Boladaka aritzen dira eta gaurkoan ere, tanto ikusgarriak zein akatsak uztartu dituzte. Urdinak aurreratu dira makargaialuan lehendabizi eta banako berdinketa salbu, gorriek ez dute sekula aurkaria harrapatu.
Partidaren lehen erdian Iztuetak erakustaldia eman zuen –bukaerarako sei egindakorekin bukatu zuen– eta Lasok bere bikotearen lana goraipatu nahi izan zuen: «Martxelek sekulako partida egin du, asko eman dio pilotari, ongi eutsi dio Anderri [Imaz]. Defentsan ere ongi egon da».
Diferentzia atzean
6-12ko markagailua alde zutela iritsi dira urdinak lehen etenaldi luzera, kantxan dominatzaile jantziarekin. Handik bueltan ere dominatzen jarraitu dute, beti ere tanto oso gogor eta piloteatuekin, Jaka eta Imazen defentsak ongi behartuta. Lizartzarrak ere eduki du bere une distiratsua, batez ere etenalditik bueltan, eta orotara hamaika tanto eginda bukatu du partida. Estatistika horrek ere iradoki dezake partidaren gogortasuna, Jakaren 11 egindakorekin gorriek partida galdu baitute.
Aldeak nabarmenagoak izan dira atzean, Imaz une askotan oso behartuta egon baita, Iztueta indartsu baten aurrean. Pentsa, egindako bat ere ez eta hiru galdutako pilatu ditu oiartzuarrak; Iztuetak aldiz, sei eginak eta bakarra galdua.
Peña eta Albisuk, bigarren puntua
Etxebarrin jokatutako partidan, bestalde, ezusteko txiki bat eman da, Peña II.ak eta Albisuk bigarren garaipena eskuratu baitzuten, berragerpena izan duen Artola eta Mariezkurrenaren aurka. Sailkapena are gehiago estutu da.
PARTIDAKO FITXA
JAKA-IMAZ 17
LASO-IZTUETA 22
Partidaren iraupena: 69:34 minutu. Pilotakadak: 533 pilotakada. Jokoan egindakoak: 11 Jakak eta 0 Imazek; 9 Lasok eta 6 Iztuetak. Galdutakoak: 4 Jakak eta 3 Imazek; 5 Lasok eta 1 Iztuetak. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 3-7, 5-7, 6-11, 7-12, 9-13, 10-14, 11-15, 11-19, 15-19, 15-20, 17-20, 27-22; Gertaerak: Binakako txapelketako bederatzigarren jardunaldia, Labriten jokatua. Lehen sakea, urdin.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
