Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Drus mendiaren mendebaldeko horma Gabonetako izar handia izan da

Baptiste Obino, Philippe Bruley eta Amaury Fouilladeren zazpi eguneko lan eskergaren ondoren, ‘Petit pont’ (ED, 1.000 m) sortu dute. Bitartean, Virgile Devin, Esteban Daligaut eta Robin Valletek ‘BASE’-ren lehen errepikapena egin dute.

Obino, Bruley eta Fouillade gazteek jarduera bikaina egin dute Drus mendian.
Obino, Bruley eta Fouillade gazteek jarduera bikaina egin dute Drus mendian. (Amaury FOUILLADE)

Bitxia da oso Gabonetan zein urtearen amaieran Drus mendian bizi izan den egoera; mendebaldeko hormatzarrean, hain zuzen. Herritar gehienak ospakizunetan zebiltzan bitartean, bi talde frantziar bestelako “festetan” zebiltzan. Taldeok ez zuten elkarretaratzerik egin urtea agurtzeko. Nahiz eta mendebaldeko pareta erraldoian zeuden, norabide ezberdinak hartu zituzten.

Baptiste Obinok, Philippe Bruleyk eta Amaury Fouilladek, adibidez, mila metro luze den granito horretan ekarpen berri bat egin nahi zuten. Eta hirukoteak arrakasta itzela izan du ‘Petit pont’ ibilbide berriarekin. Oso gertu, beste hirukote batek jardun zuen: Virgile Devin, Esteban Daligaut eta Robin Valletek osatutako sokadak. Helburu oso erakargarria zuten: GMHM taldeak duela hiru urte zabaldutako ‘BASE’ bidea” (M8+, 7a). Hauek ere arrakastaz amaitu zituzten lan guztiak; izan ere, maisulan horren lehen errepikapena erdietsi dute.

Aipatu bezala, Drus mendiaren mendebaldeko murru zorrotzak “festa” berezia izan berri du. Neguan jardun dute, eta horrek plus bat eman die; izan ere, baldintza gogorrak izateaz gain, kilometro bateko granito hori arriskutsua da. Eta hori diogu azken urteotan hainbat luizi izan dituelako; besteak beste, Bonatti zutoinekoa da aipagarria.

Sorkuntza lanetan izan diren alpinista gazteekin hasiko dugu kronika. Joan den abenduaren 26an, Obino, Bruley eta Fouillade Chamonixeko “zaintzailearen” oinarrian jarri ziren. Handik zazpi egunetara, urtarrilaren lehenean, hirukoteak ospakizun berezia egin zuen gailurrean, ‘Petit pont’ (ED, M5, 6a, A3, 1.000 m) marra berria zabaldu eta gero.

Fouilladeren esanetan, izaera horretako murgilaldi bat ez dela urtero gertatzen: «Azken bi urteotan xede eder horren atzetik ibili gara. Egoera ezberdinengatik orain heldu da arrakasta. Zazpi egun behar izan ditugu neguko benetako artelan bati amaiera eman ahal izateko. Drus-eko mendebaldeko hormak duen ozeano horretan nabigatzea berezia izan da! Onartu behar dut zenbait ezusteko izan ditugula. Planak aldatu behar izan genituen baina, zorionez, ukitu gabe zegoen ibilbide bat igotzeko aukera izan dugu. Egunak aurrera joan ahala, arroka trinkoagoa eta bertikalagoa aurkitu genuen. ‘Papas’ eta ‘BASE’ bideak elkar  gurutzatzen duten puntu horretatik gora jarraitu eta gailurra zapaltzeko gai izan ginen. Marra hau era askean igo daiteke, eta, gainera, ‘BASE’-ren amaieran dagoen diedro usteldua saihesteko alternatiba ederra da».

Biribildu duten proiektu hau gauzatzeko asmoa iragan udaberrian sortu zen; hain zuzen ere, Obinok eta Fouilladek ‘Papas’ bidean ekinaldi bat egin zutenean. Zoritxarrez, harkaitz zati batek Obinori aldakan zauriak eragin zizkion. Helikoptero batek erreskatatu zituen. Baina saio horretan denbora izan zuten horma erraldoi hori ondo aztertzeko. Esku artean zuten helburua Bruleyrekin partekatu eta abenduaren 26an murruaren oinarrian zeuden, lanak hasteko prest.

Alpinistok mendebaldeko murruan sortutako ibilbidea. (Amaury FOUILLADE)

Hain zuzen ere, ‘Papas’ eta ‘BASE’ bideen artean balizko ibilbide erakargarri bat ikusi zuten. Abenduaren hasieran Obino izan zen asmo horren alde apustu egin zuena. Fouilladek bat egin zuen proposamenarekin, eta Bruley batu zitzaien. Hirukotea ‘BASE’-ren hasieran kokatu zen. Asmoa eskuinaldean ukitu gabe zegoen sekzio batean eskalatzea zen. Lehen luzeak igo ondoren, aurreneko ezustekoa izan zuten. Duela lauzpabost urte, Josep Maria Esquirol eta Davi Palmada ‘Pelut’ katalanek eginiko ekinaldiaren arrastoak ikusi zituzten. Handik jaitsi, beste alternatiba bat aukeratu eta berriro beste aztarna batzuekin topo egin zuten. Hirugarren “saioan”, berriz, zutoin eder batean sartu ziren.

Berria

Aipatu bezala, ‘Petit pont’-ek ezaugarri ezberdinak ditu: mistoa (M5), era askeko eskalada (6a) eta artifiziala (A3). Nahiz eta zailtasun tekniko horiek garrantzitsuak diren, hirukoteak dio buruhauste handienak goiko sekzioetatik erortzen ziren harkaitzak izan zirela. Gogoratu behar da igoeraren bigarren egunean ‘BASE’-ren lehen errepikapenaren bila irten zirenak gainean zituztela. Ibilbidearen azken zatian bizi izan zituzten une larrienak. ‘BASE’-koak behin eta berriz harri zatiak botatzen ari ziren: «Arreta handiz ibili ziren, baina ‘misil’ horiek saihestea oso zaila egin zitzaigun. Horietako bat nire hanken artean ziztu bizian igaro zen. Horregatik bide berriari ‘zubi txikia’ deitu diogu».

Urtezahar gaua heldu zen, eta horrekin ‘Petit pont’-en amaiera. Gailurra zapaldu bezain laster hirukoteak puntu horretan dagoen Ama Birjina besarkatu eta ohiko argazkia atera zuen. Chamonixeko argiak eta su artifizialak protagonismoa hartzen ari ziren bitartean, Obino, Bruley eta Fouillade mendebaldeko horma ikoniko horretan eginiko lorpena ospatzen ari ziren. Ez zuten xanpainik, baina musika jarri eta dantza egiteko aukera izan zuten, behinik behin.
Gazte hauen ibilbidea gizendu da ‘Petit pont’-ekin. Dagoeneko, alpiniston izenak indartzen ari dira. Fouilladek, adibidez, horma horretan ‘Gideen’ ibilbidea askean eskalatzeaz gain, Taullirajun (Peru) ekinaldi bikaina egin du eta joan den udan Jorasses-Matterhorn-Eiger trilogia sinatu zuen. Obinori dagokionez, duela aste batzuk bide berria zabaldu zuen Barre des Ecrinseko hegoaldeko aurpegian. Eta azpimarratzekoa da iazko neguan Meijen bakarka sortu zuen bidea.

‘BASE’

Sasoian eta eraginkortasunean atzean geratu ez diren beste alpinista frantziar batzuk aipatu behar ditugu. Hain zuzen ere, arestian aipatu ditugun Devin, Daligaut eta Vallet. Hauek ere Drus mendiaren mendebaldeko horma handian jardun dute. Baina beren kideekin alderatuta, hirukote horrek marra baten, ‘BASE’-ren, lehen errepikapena egin du; era askean honek ere. Hortaz, denboran eta murru berean kointziditu dute bi taldeok.

Alpinistok apustu handia egin dute; izan ere, ‘BASE’ nortasun zein zailtasun tekniko handiko ibilbidea da. Chamonixeko Groupe Militaire de Haute Montagne (GMHM) taldeak duela hiru urteko neguan sortu zuen. Hain zuzen ere, honako ordezkariek: Leo Billonek, Thomas Auvarok, Jordi Noguerek eta Sebastien Ratelek. Laukote horrek bost egun behar izan zituen mila metro dituen maisulan hori zabaltzeko. Eta maisulana diogu, kalitate handikoa izateaz gain teknikoki oso gogorra delako. Alpinistok, gehienez, M8+ eta 7a mailako tarteak gainditu zituzten. Gainera, jarduera horrek ukitu berezia izan zuen: eskalada osoa streaming bitartez zuzenean eskaini zen.

Astebeteko jardueran gau hotzak eta luzeak igaro zituzten. (Amaury FOUILLADE)

Bada, Gabonetako oporretan Devin, Daliagut eta Vallet gai izan dira ‘BASE’-ren lehen errepikapena lortzeko. Lorpen hori gauzatzeko bost egun behar izan zituztela esan du Devinek: «Harrigarria da gure kideek ireki zuten bidea. Alde guztietatik begiratuta, proposamen hori bikaina baino bikainagoa da. Lan gogorra egin behar izan dugu. Horman igarotako lau gauak oso hotzak eta luzeak izan dira. Granitozko murru erraldoi horretan umiltasun handiz jardun dugu».

Devinek berak onartu du Daliagutekin erdi txantxetan otu zitzaiela ‘BASE’-n ekinaldi bat egitea. Eskaladaren neurria kontuan hartuta, zalantza ugari izan zituzten: «Bidearen oinarrian ginela, mamuak azaldu ziren. Alabaina, oso motibatuta geunden, eta argi genuen ere talde sendoa osatzen genuela. Nahiz eta bibakak oso deserosoak ziren, ibilbide osoa librean biribiltzea erdietsi dugu. Asko eskatu digun jarduera izan da».