NAIZ
Gasteiz

Gasteizko Udalak 32 kamera jarriko ditu Jundizen, autoen arteko lasterketak ekiditeko

Gasteizko Udalak 32 kamera jarriko ditu Jundiz industrialdeko sarbideetan, «legez kanpoko jarduerak» prebenitzeko helburuarekin, duela urtebete bi gazte hil ziren auto lasterketa gogoan.

Jundizko industrialdean gertatu zen iazko urtarrilaren 13an istripua.
Jundizko industrialdean gertatu zen iazko urtarrilaren 13an istripua. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko Udalak Jundiz industrialdeko hiru sarbide nagusietan matrikulak irakurtzeko eta zaintzako 32 kamera jarriko dituela iragarri du astelehen honetan. Sistema berria hurrengo asteotan jarriko dute abian eta bide-segurtasuna bermatzea eta «legez kanpoko jarduerak» prebenitzea du helburu, batez ere orain justu urtebete gertatu zen istripuaren ondoren. Bi gazte, Cristian eta Izaro, hil ziren orduan, bi autoren arteko lasterketa batean haietako batek gazteak zihoazen ibilgailuaren aurka talka egin ostean.

Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek hildako bi gazteak oroitu eta esan du gaurkoa «oroipena eta konpromisoa oinarri dituen eguna» dela, horrelako tragediak berriro gerta ez daitezen esku hartzeak duen garrantzia nabarmentzearekin batera.

Ordutik, adierazi du, Udalak «gogor» egin du lan industrialdean segurtasuna indartuko duten neurriak ezartzeko. Azaldu duenez, besteak beste, alkoholarekin, drogarekin eta herritarren segurtasunarekin lotutako kontrolak egin dira eta puntu estrategikoetan Udaltzaingoa egon da. Hala ere, zenbait aukera aztertu ondoren, hala nola abiadura murrizteko elementu fisikoak jartzea edo gaueko aparkalekuak kentzea, ondorioztatu zuten zaintza kamerak jartzea zela neurririk eraginkorrena.

Hala, 32 kamerak industrialdeko sarrera nagusietan jarriko dira: A-1 errepidetik doan sarreran, Zurrupitieta kaletik, Gasteiztik egindako sarreran, Mercedes-Benz fabrikaren parean, Lermandabidea kalean, eta N-120 errepidetik doan hegoaldeko sarreran, Mendigorritxu kaletik.

«Bi funtzio izango dituzte kamerek: alde batetik, legez kanpoko jarduerak egin nahi dituztenei asmoa kentzea eta kontroleko, prebentzioko eta zigortzeko tresna gisa jardutea, arduradunak identifikatu ahal izanda», azpimarratu du Artolazabalek. Gainera, erantsi du, baliabide horiek industrialdeko mugikortasunari buruzko informazio baliotsua eskainiko dute eta, hala, funtsezko eremu horretan zirkulazioaren plangintza eta kudeaketa hobetu ahal izango dira.

Cesar Fernandez de Landa Segurtasuneko zinegotziak Poliziaren lana osatzeko kamera horiek «funtsezko tresna gisa» duten garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Kamerei esker, etengabeko zaintza izango da, eguneko 24 ordutan, urteko 365 egunetan. Hala, industrialdeko begiak izango dira etengabe, eta legez kontrako jardueratarako industrialdea erabiltzea pentsatzen ari direnei asmoa kenduko die».

Sistemak, irudiak erregistratzeaz gain, informazioa bidaliko du Poliziaren datu-baseetara, eta legez kanpoko jarduerei lotutako ibilgailuen eta pertsonen zerrenda beltzak dituzten datuen gurutzaketa eraginkorra egitea ahalbidetuko du. Horri esker, arau-hausleak «bizkor eta modu zehatzean» identifikatu eta zehatu ahal izango dira, Udalaren arabera.

Fernandez de Landak ziurtatu du iazko urtarrilaren 13ko istripu haren ondoren ez dela Gasteizen legez kanpoko beste lasterketarik izan, baina Udalak erne egoten jarraituko duela adierazi du. 

Bi udal ordezkariek herritarrei arduraz jokatzeko deia egin diete, legez kontrako hitzorduetan parte hartzea ekiditeko.