Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Pentsiodunentzat diru-sarrera «duinak» bermatzeko sinadurak biltzen hasi dira

Zazpigarren urteurrenarekin, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsioak osatzeko sistema sortzeko herri ekimen legegilearekiko babesa eskatzen arituko da. Pentsioak «duinak» izan daitezen apirilaren 24ra arte sinadurak bilduko dituzte, gutxienez 10.000 lortzeko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean eskainitako prentsaurrekoa.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean eskainitako prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 60 urtetik gorako pentsiodun guztientzako diru-sarrera «duinak» bermatzea du helburu. Horretarako, sinadura bilketa bat abiatu du astelehen honetan dagoeneko tramitera onartuta dagoen herri ekimen legegilearekiko babesa erakusteko.

Hala azaldu dute mugimenduko kideek astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarrean eskainitako prentsaurrekoan. Lau hilabetez, apirilaren 24ra arte, izango dira astelehenetan herrietako plazetan eta gutxienez 10.000 biltzea espero dute, baina «askoz sinadura gehiago bilduz herritarren babesa frogatzea» espero dutela adierazi dute.

Asmoa gutxieneko pentsioak osatzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako sistema bat garatzea eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %100arekin parekatzea da. Beraz, soldatak eta pentsioak lotuta, gutxieneko pentsiorako eta gutxieneko soldatarako nahikotasun diru-sarrerek baliokideak izan behar dutela defendatzen dute.

Genero arrakala murrizketa ere badute xede. Gogorarazi dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen heren batek LGS-a baino baxuagoak diren pentsioak jasotzen ditu eta horietatik %70 emakumeak dira. Gehiengoak 850 euro baino gutxiago jasotzen du.

Emakumeak «baztertuta» egon direla gaineratu dute, sektore feminizatuetan lan egiten eta aintzat hartu eta ordainduta egon ez diren zaintza lanetan. Zentzu horretan, proposamenaren hamahiru artikuluetako batek pentsiodun bakoitza pertsona bakarreko unitate ekonomiko gisa hartzea jasotzen du. Mugimenduko kideen ustez, bizikidetza unitatearen kontzeptuak emakumeak «zigortzen» ditu eta diru-sarrera nagusia gizonen gain uztearen sistema betikotzen du.

Halaber, pentsiodunena kolektibo «garrantzitsua eta zaurgarria» dela azpimarratu dute eta, osagarriaren bidez, etxebizitza erosoa izateko eta aho-hortzetako, entzumenaren eta ikusmenaren osasunerako eskubidea bermatzea nahi dute, «bidezkoak» diren «oinarrizko eskubideak».

Lakuari eskaera

«Ez digu balio pentsioak Madrilgo kontu bat direla esateak», nabarmendu dute Legebiltzarrean. Argi utzi dute Lakuako Gobernuak «baliabideak eta eskumenak dituela». Hortaz, Pradalesen Gobernuari «albora begira eta ikusle bezala ez geratzea» eskatu diote.

Pentsiodunak sindikatu eta Parlamentuko talde guztiekin bildu dira behin baino gehiagotan eta «gehiengoak babestuko gaituela konfiantza osoa» dute.

Zazpi urte

Kaleko mobilizazioak zazpi urte betetzear daudenean –2018ko urtarrilaren 15ean hasi ziren–, mugimenduak «irmoa, indartsua eta osasun onekoa» izaten jarraitzen duela nabarmendu dute eta «herritar guztien» babesa eskatu dute pentsiodunek.

Hala, hitzaldiak ematen eta babesa lortzeko informazioa banatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, gutxi barru 250 pertsona ezagunen sinadurak dituen eta Bilbon publiko egingo den manifestu batek lagunduta.