Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Torturatu orori dei egin diote otsailaren 15ean nazio batzar eratzailera bertaratzera

Euskal Herriko Torturatuen Sarea eratzeko otsailaren 15ean Donostiako Kursaalean egingo den nazio batzar eratzailean parte hartzeko deia luzatu diete torturak jasan dituzten euskal herritar orori. «Iritsi da garaia aitortza publiko, sozial eta ofizialerako», nabarmendu dute gaurko agerraldian.

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak gaur Donostian egin duen agerraldia.
Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak gaur Donostian egin duen agerraldia. (Jon URBE | FOKU)

«Konbentzimendu osoz diogu iritsi dela garaia gure herrian torturatuen aitortza publiko, sozial eta ofizialerako; garaia dela herri honen kontra tortura modu sistematikoan erabili dela aitortzeko. Eta helburu hori erdieste aldera, subjektu gisa eratzeak, ahots propioa duen sare bezala gorpuzteak, berebiziko garrantzia izanen du aurrerantzean. Guk egin ezean, guregatik inork ere ez duelako egingo; eta torturatuontzat orain arte itxita egon diren aitortza eta erreparaziorako bideak zabaltzen lagundu nahi dugu».

Hau nabarmendu dute asteazken honetan Donostian, Kursaal Jauregiaren aurrean, Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak egin duen agerraldian.

Bertan izan dira Enkarni Blanco Abad, Amaia Urizar de Paz, Raul Alonso Alvarez, Ainara Gorostiaga Eskubi, Mikeldi Diez Aldama, Idelfonso Montero Salvarrey "Txorbo", Iker Araguas Jusue eta Ainara Fresneda Etxeberria.

Fresnedak eta Araguasek aditzera eman duten agirian nabarmentzen denez, «jendarteari, hurrengo belaunaldiei, gertatu dena argitzea zor zaie. Hori baita tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena: Guk pairatu genuena beste inork inoiz jasan ez dezan».

«Garrantzitsuena ez da egin ziguten hura, baizik eta egin ziguten harekin egiteko gai garen hori. Eta guk elkarrekin marraztu nahi dugu gure aitortzaren eta erreparazioaren bidea», gaineratu dute.

Horretarako, «frankismoaren garai ilunetik hasita eta kasik gaurdaino», Euskal Herritan torturak jasan dituzten herritar orori dei egin diote otsailaren 15eko hitzordua bere egitea eta «deialdi honen zabalpenean laguntzera».

Egun horretan ezagutaraziko dute modu ofizialean Euskal Herriko Torturatuen Sarea. Asteazken honetako agerraldian deialdi hori zabaltzeko «konpromisoa partekatu» nahi izan dute, «ahalik eta torturatu gehienengana iritsi ahal izateko, bide hau ahalik eta torturatu gehienon artean egiteko, ahalik eta modu zabalenean. Torturak jasandako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin».

20 batzar baino gehiago eta 700 torturatu aurrez aurre

«Mila euskal herritarroi tortura sistematikoki jasanarazi eta aplikatu digute hainbat polizia gorputzek, euskal gatazkaren testuinguruan. Metodo krudel eta lazgarria, sei hamarkada luzez erabat operatibo egon diren sistema oso baten babespean. Milaka kasu, zenbaki, bizitza eta bizipen. Eta horiei guztiei Kursaaleko batzar eratzailean parte hartzeko gonbita luzatu nahi dizuegu», esan dute.

Azaldu dutenez, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen «eraikuntza kolektibo» honetan eta Nafarroan martxan dagoen torturatuen elkartearen «itsasargiak gidaturik» 20 batzar baino gehiago egin dituzte hainbat eskualdetan. «700 torturatu baino gehiago elkartu gara aurrez aurre, mota askotako ekarpenak jasoz».

«Badakigu torturaren zauriek bizirik dirautela gure gorputzetan, gure herriaren geruza sozialean; eta jakitun gara prozesu hau martxan jartzearekin batera, zaintzaren esparruak berebiziko garrantzia hartu beharko duela ezinbestean. Horregatik, elkar-zaintzarako mekanismorik eraginkorrenak zeintzuk diren elkarren artean sortu eta eraiki beharko ditugu. Prozesu hori ahalduntze kolektiborako prozesu gisa erabiliz, elkarlotzen gaituen sufrimenduaren hari hori elkartasun sare bihurtzeko, eta pairatutako sufrimendua indar askatzaile bihurtzeko», nabarmendu dute.

«Zaindu gaitezen, aktibatu gaitezen eta egin dezagun elkarrekin aurrera. Euskal Herriko Torturatuen Sarea sortzen ari gara, eta gutako bakoitza ezinbestekoa da prozesu horretan. Saretu, saretu eta saretu», plazaratu dute.

Nazio batzar eratzailea Dononostiako Kursaalen egingo da 9:30etatik 12:00etara.