NAIZ

Bidasoa Irun Bartzelonaren aurka ezustekoa ematen saiatuko da Espainiako Kopan

Finalerdia Barça ahalguztidunaren aurka jokatu beharko dute irundarrek otsailaren 8an eta 9an Lanzaroten ospatuko den txapelketan. Beste finalerdia Torrelavegak eta Granollersek jokatuko dute. Partida bakarrera izango da.

Bidasoa Irungo zaleek urrutira joan beharko dute bere taldea animatu nahi badute.
Bidasoa Irungo zaleek urrutira joan beharko dute bere taldea animatu nahi badute. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ez du zorterik eduki Bidasoa Irunek ostegun honetan egin den Espainiako Kopako zozketan. Izan ere, irundarrek Bartzelonaren aurka jokatu beharko dute finalerdia. Garaipena besterik ez dute behar partida bakarrera jokatuko den kanporaketan finalera sailkatu eta garaikurra altxatzea lortzeko. Baina gaur egun gauzak nola dauden ikusita, Barçari irabaztea ia ezinezkoa da.

Eta 'ia' hori baliatu nahi dute bidasotarrek. Hau da, ezustekoa eman ondoren, finalean, beste aurkari gogor bat izanda ere, 'errazagoa' izan daitekeelako. Gaurko ekitaldian jakinarazi dutenez, ez da hirugarren eta laugarren posturik egongo.

Asobal Ligako lehen itzuliko lau sailkatu onenak hartzen dituen txapelketa hau otsailaren 8an eta 9an jokatuko da Lanzaroten, Liga berriro martxan jartzen denean Munduko Txapelketa dela-eta.

Beste finalerdia Torrelavegak eta Granollersek jokatuko dute. Finalerdiak otsailaren 8an jokatuko dira: Barça-Bidasoa (16.00, Euskal Herriko ordutegia) eta Torrelavega-Granollers (18.15). Finala, berriz, otsailaren 9an izango da, eguerdiko 13.00etan.

Kasualitateak kasualitate, Arrecifen jokatuko den Minikopan ere kanporaketa berberak jokatuko dira. Kasu honetan, ordea, hirugarren eta laugarren posturako neurketa jokatuko da baita ere.

«Ekitaldi hau hona ekartzea lortu duten guztiei eskerrak eman nahiko nizkie. Irla honetan jokatzen den eskubaloiko lehen txapelketa ofiziala izango da. Niretzat, irla honetako bizilaguna naizela, harro egiteko modukoa da», adierazi du Blas Parrila Espainiako Eskubaloi Federazioko lehendakari ordeak.

Prestaketa lanetan

Ligak geldialdia duela ikusita, Bidasoak oporrak izan zituen Gabonetan eta hilaren 7an bueltatu zen lanera hurrengo konpromisoak prestatzen hasteko: Liga, Kopa, Espainiako Kopa eta EHF European League. Jakina denez, Esteban eta Rodrigo Salinas (Txile), Dariel Garcia (Kuba) eta Maciel (Argentina) jokalariak Munduko Txapelketan daude. Horrela, lehen taldeko saioetan ohikoak diren jokalariez gain, jubenil mailako jokalari batzuk ere deitu dituzte lehen saio hauetarako: Aimar Iriarte, Mikel Ollo, Eñaut Iragorri eta Oihan Arruti; baita Ander Garcia Hondarribiako seniorreko atezaina ere.

Bitartean, Bidasoak zenbait lagunarteko jokatuko ditu datozen egunetan. Handballeko Rencontres Internationales-en parte hartuko du, Handball Club Chatelleraudais-ek antolatuta, Dunquerque (ostiral honetan, 19.00etan) eta Nimes (larunbatean, 19:00etan) taldeen aurka.

Hilaren 22an, Eibarren, Eibar Eskubaloiaren aurka arituko da (20.15ean, konfirmatu gabe), Euskal Kopako semifinala. Eta hilaren 31n, Billéren, Pau Billere Handball taldearen aurka arituko da (19.00etan).