NAIZ

Ezinegona ageri du EITBren Erredakzio Kontseiluak De los Riosekin, euskaraz ez delako moldatzen

Nagore de los Rios EiTBren Social Media eta eitb.eus-eko zuzendari postuan jarri izanak hautsa harrotu du, hasieran sindikatuen artean eta orain Erredakzio Kontseiluan ere, euskaraz ez delako moldatzen, esan dutenez. «Lan harremanak gaztelaina hutsean» ari direla egiten aipatu du honek.

Nagore de los Ríos, 2009-2012ko agintaldiko argazki batean.
Nagore de los Ríos, 2009-2012ko agintaldiko argazki batean. (Irekia)

Abenduan eman zen jakitera Nagore de los Rios izendatu dutela EITBren Social Media eta eitb.eus-eko zuzendari posturako. LABek egin zuen salaketa lehenik, eta ELAk gero, euskalduna ez dela adieraziz, zuzendaritzak zertxobait dakiela aipatu duen arren. Bi atal horiek bereziki euskararen ezagutza eskatzen dutela kontuan harturik, onartezintzat jo zuten izendapena. Orain EiTBren Erredakzio Kontseilua izan da ildo beretik salaketa egin duena.

«Pertsona ez-euskaldun bat, EITBren sare sozialetako estrategiaren eta jaiotzear den EITBren webgune berria martxan jartzearen arduradun» jartzeak «ezinegona» sortu duela adierazi du honek. «Oraindik ulertu ezin ditugun eta argitzea espero dugun arrazoiak tarteko, zuzendaritzak hartutako erabakia okerra eta onartezina da», adierazi du.

Erredakzio Kontseilu honek frogatu duenez, «hautagaiak ez du postuari dagokion hizkuntza eskakizuna (C1) baieztatu, eta ondorioz, hautagaitza horrek hasieratik beharko luke baztertuta, profesional horrek ezin baitie erantzun lanpostuak dituen erronkei».

«Lanean hasita dago Nagore de Los Rios anderea, eta egun gutxi batzuk nahikoa izan dira izendapen horren ondorioak jasaten hasteko, langileek berarekin izan dituzten bilera eta lan-harremanak gaztelania hutsean egin behar izan baitira, non eta Euskal Irrati Telebistan, etxe barruan zein kanpoan euskara sustatzea ardatz duen hedabidean», gehitu dute.

«EITBko langile eta euskal herritar bezala, gure hizkuntza-eskubideak urratu zaizkigula salatzen dugu, eta erabakiaren aurrean gure haserrea adieraztearekin batera, erabakian atzera egitea eskatzen dugu. EITBko Erredakzio Kontseilua ez dago ados eta ez da inoiz ados egongo euskara baztertzen duten erabakiekin eta hizkuntza eskubideak bermatzea defendatzen dugu», erantsi du adierazpenean.

LAB izan zen hau salatu zuen lehen eragilea, galdera hau luzatuz: «EiTBren arlo digitala gidatuko duen pertsonak euskaraz ez jakitea? Euskararen aurkako eraso larri baten aurrean gaude».

Nagore de los Rios Lakuako Gobernuko Irekia atariaren sortzaile izan zen 2009 urtean. Patxi Lopez lehendakari izan zen agintaldian zenbait ardura izan zituen bere organigraman. Bere komunikazio arduraduna ere izan zen tarte batean. Errioxako Gobernuarentzat ere lan egin du. Bilbon jaio zen 1977 urtean.