Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Ainara Gurrutxaga
Dejabu konpainiako zuzendari artistikoa

«Diskurtso biktimistan ez dugu erori nahi, positiboki erreibindikatzen dugu kultura zaintzea»

Mexikora garamatza Dejabuk obra berriarekin. Bere abenturaren partaide egingo gaitu. Profesionaki eta pertsonalki –ezin banatu– bizitzen ari diren unearen emaitza da ‘Itzulera’. Ospakizun giroan bueltatu dira. Ez da gutxiagorako, helduentzako azken obra estreinatu zutenetik hamarkada bat joan baita.

Ainara Gurrutxaga aktorea.
Ainara Gurrutxaga aktorea. (Maialen ANDRES | FOKU)

Pozik daude Dejabu konpainiako kideak estreinuaren aurrean. Urtarrilaren 18an Lekuona Fabrikan 20.00etan da hitzordua. Izan ere, helduentzako aurreko obra egin zutenetik hamar urte joan dira. ‘Arrastoak’ izan zen azkena. Denbora honetan ez dira besoak antxumatuta egon, halere. Etxeko txikienei zuzendutako lanak ondo dituzte, esaterako. Bada besterik. «Ez gara gelditu! Gero eta lan gehiago egiten dugu. Dela beste konpainientzat lanak zuzentzen, idazketan, abestiak eta audiogidak sortzen... oholtzatik kanpo eszena arteak aplikatzen eman dugu denbora hau, tresna bezala non izan daitezkeen baliagarri beste sortzaileekin. Baina une batean harra piztu zitzaigun berriro. ‘Itzuli behar dugu oholtzara!’, esan genion geure buruari», kontatu du Ainara Gurrutxagak hain berea duen irribarrarekin.

Dejabuk betidanik bultzatu izan du elkarlana. «Kolaborazioak ez dira enkarguak izaten. Kontua ez da beste batzurekin lan egin behar dugula ekonomikoki bizirauteko. Beste sortzaileekin elkarlana egiten dugu gure lengoaia haien zerbitzura jarriz. Mikelazuloko garaietatik egin dugu, ez genioke egiteari utziko, asko ikasten baita beste arteetatik», argitu du aktoreak.

Profesionaki zein pertsonalki bizi duten momentuaren emaitza da obra berria. «24 urte egingo ditu aurten Dejabuk. Oso polita da ikustea nola proiektu batek bere bizitza propioa daukan. Uste dugu proiektuak direla estankoak edo gutik kanpo dauden gauzak eta keba, bizitza organikoa daukaten egiturak dira. Hasieran freskotasuna eta indarra dago, gero bizitzak bere astinduak ematen dizkizu, familia daukazu edo zaintza lanak tokatzen zaizkizu, edo zuk ere adin bat daukazu. Ez gara honetaz konturatzen, iruditzen zaigu gauza solido bat dela proiektu bat eta uste dut ez digula onik egiten horrela pentsatzeak; gure zaurgarritasuna ez dugu kontuan hartzen», esan du.

«Heldutakoan gehiago jakingo dut bizitzari buruz, errazago egingo ditut gauza batzuk... pentsatzen duzu baina nire esperientzia ez da hori. Igual 70 urterekin bapatean argia ikusiko dugu! [Irribarrea] Bizitza hau ikasteari buruz da eta erronka berriak ekartzen dizkizu. Lehen kezka eta buruhauste batzuk zenituen eta orain beste batzuk dituzu, ez da aldatzen», gaineratu du.

Desioa eta iruditeria

Arnas luzeko lanak dira Dejabuk ondutakoak. «Urte ta erdi edo bi urte izango dira hasi ginela. Desio bat eta iruditeria bat –irudiak, oraindik ulertzen ez ditugunak– daude beti hasieran. Esplorazioa eskatzen digutenak», dio.

Gurrutxagarekin batera, Urko Redondok eta Miren Alcalak osatzen dute Dejaburen zuzendaritza artistiko taldea. Gozamena bilatu dute ‘itzulera’ honetan. «Ospakizunerako gogoa geneukan. Komedia bat egin nahi genuen, gainera abenturazkoa, geuk ere hori behar genuelako gure bizitzan», barrez. «Euskal kultur sortzaileen egoera prekarioa hor dago, neke asko dira, borroka egin behar duzu eta ez duzu nahi, lasai bizi nahi duzu... ‘Itzuliko bagara oholtzara eta emango baditugu bi urte zerbaiti sakontasuna bilatzen izan behar du zerbait oso gozagarria’, esan genion geure buruari».

«Zuzenean errealizatutako zinema da obra zati handi batean», Gurrutxagaren hitzetan. Road movie baten eskema dramaturgikoa hartuta osatu dute. Ihesaldia. «Erritmo biziko obra da», dio. Maketen erabilpena da euren ezaugarrietako bat. «Gauzen eskalak guretzat garrantzia berezia du. Maketekin lantzen dugu txikitasun, handitasuna, begirada...», azaldu du Gurrutxagak.

David Aguilar, Zazpiterdi zinema kooperatibako kidea, zuzenean ikusi ahal izango da agertoki gainean bideogintza egiten Dejabuko hiru kideekin batera. Hau gutxi balitz, zuzeneko musikaz gozatuko du publikoak. Amorante tronpeta jotzen eta Ander Mujika gitarra eskuan. Ander Fernandezek egin du musika konposaketa.

Dokumental baten grabaketa

Bidaia bat. Nora eta Mexikora. Hauxe biziko du Dejabuko kideen eskutik ikusleak. Uneren batean publikoa ere bidaiari paperean sartuko da. Dokumental bat grabatzera doan taldea du protagonista. Krisi bat tarteko, hainbat gertakari izango dituzte bidean eta baita ezusteko bat ere. Kuriosoa da obra nola sortu zen. «Hasieratik dugun sentsazioa da obra gu sortzen ari dela. Badakit pixka bat metafisikoa dela baina horretan sinesten baduzu, eta gure kasuan hala da, oraingoan modu are bereziagoan, obra gugana etorri da. Gorputzak eta irudiak dantzan jartzen ditugu dantzan eszenan. Eta hor Mexikoren oso tankerako gauzak zetoztela ikusi genuen. Palmondoak, pertsonaiak, erritual psikodelikoak... zegoen mundu bat... Hau Mexiko da! Eta hara joatea erabaki genuen. ‘Badirudi gure obrak bertan nahi duela gertatu, beraz bertara joan beharko dugu’, pentsatu genuen», gogoratu du.

Miren Alcala eta Ainara Gurrutxaga, ‘Itzulera’ lanaren entseguan. (Maialen ANDRES | FOKU)


Hiru kideek euren bidaia partikularra bizi izan dute obraren eskutik. Metaforikoki eta fisikoki. «Bost astez Mexiko DFtik Oaxaca, Chiapas eta Yucatanerako bide osoa egin genuen. Ondorioz paisaia beste protagonista bat da obran. Meridako antzerki konpainiarekin eta Yucatango antzerki eszena biltzen duen Alterna izeneko sarearekin kontaktua egin genuen. Astebete pasa genuen beraiekin bertako eszenaren egoera ikusteko. Beraien jatorri prekolonizatuaren inguruko gogoeta guztia, nola ekarri hori oholtzara... oso interesgarria izan zen. Tailer bat ere eman genuen Meridan. Sekulakoa izan zen. Teatro de la Rendija eta Belaqua konpainiekin aritu ginen. Lanerako espazioa eta ostatu harteko tokia eskaini ziguten. Orain audio bidez partehartze txikia dute obran», kontatu du. Luis Alberto Rodriguez, Ipar Euskal Herrian bizi den mexikarrak ere ari da antzezlanean.

Autofikzioa esploratu

Errealitatearen eta fikzioaren mugan. «Gure buruari jarri nahi genion jolasa zen autofikzioa esploratzea. Ez dugu inoiz egin. Jende askok egin du baina guri pudorea ere ematen zigun. Obrak eskatzen zuen gu izatea. Iruditzen zitzaigun oso baliagarria zela gu gure esperientzia propioa jartzea oholtzan», dio.

Benetako izenarekin zapalduko dute agertokia Gurrutxagak, Alcalak eta Redondok. «Hor hasiko da jolasa. Kontatzen ari direna zenbateraino da egia? Zenbateraino asmakeria? Beti ibiltzen gara mundu horretan gure sorkuntzatan. Era berean, lan egiten dugu ikusezina den horrekin. Edozein artek bezala. Emozioak, sentimentuak, memoria... Memoriak ze forma dauka? Ikusezina materia bihurtzen dugu artistok, etengabe. Abiapuntuan jada badago galdera hori, zer da errealitatea eta zer ez da? Emozioa, adibidez, erreala da, nahiz ez dugun ikusten...? Nola adierazten da paisaia edo eszena batean hitzez oraindik azaldu ezin den hitz bat? Edo zauri bati edo beldur bati, ze forma emango diozu oholtzan? Gu beti gaude kinka horretan. Errepresentatu egingo duzu zure bizipen bat, bai ala bai. Debate oso polita da. Gure bizitzaren %95 da ez ukigarria, ez tangiblea eta ez materiala. Eta gure bidea markatzen du. ‘Hori benetan horrela gertatu zen’ esaten du norbaitek, ‘noski, zure bizipenean’ esaten diogu. Autobu berean egun berean egon zen beste norbait eta guztiz errealitate desberdina bizitu zuen. Obra honetan badago horren gaineko gogoeta», argitu du antzerkigileak.

Atzera begira jartzeko gonbita luzatu diogu Gurrutxagari. 24 urte nola joan dira? «Edozein proiektu bizitza beraren metafora da. Ilusioak, erorketak, galtzea (ez jakitea zertan ari zaren bizitza honetan), ospakizunak, laguntasuna, bestearekiko harremana... Abentura zoragarria da, taldean egina. Gure erronka hori da. Bat erortzean besteak nola heltzen dion. Hori da politena. Misterioa eta miraria da martxan jarraitzea», egin du gogoeta.

Zorteko sentitzen da errenteriarra «kultur sistema nola dagoen ikusita». «Oso baikorrak gara. Biktimismoan erorita kalte asko egiten diozu zure buruari eta inguruari, gertatu izan zaigu. Konturatzen zara modu horretan ez zoazela inora. Diskurtso biktimistan ez dugu erori nahi, baina positiboki erreibindikatzen dugu –protestaren aldekoak gara– kultura zaintzea. Tangiblea ez den hori, gizartea sostengatzen duena. Eta etorkizunean gehiago. Bera da saretzen gaituena, etorkizuna asmatzeko tresnak ematen dizkigu eta ez sinesteko beste kultura inperialistagoek esaten diguten lehenengo gauza. Kultura da denon artean zaindu behar dugun harribitxia. Hori errebindikatu behar da. Eta bitartean saiatu aportazioa pozez egiten. Eta propositoarekin eta zentzuarekin», azpimarratu du.

Garbi du. Ez dago antzerkia bezalako besterik. «Tresna oso fuertea da. Leku batean elkartzen ditu pertsonak elkarrekin bizitzeko. Guk eta publikoak elkarrekin osatzen dugu aktu eszenikoa. Erritual oso boteretsua da. Pertenentzia zentzua ematen digu. Agora antzekoak, bertan herriak senti espresa ditzazke normalean kanpoan egin ezin dituenak. Eta sentitu gizartea garela, bihotz handia dugula, arima, eta hori dena konpartitzek sanazio handia dakar».

Politika publikoei dagokienez, gaia «konplexua» dela onartu du. «Administrazioak hain dira egitura mardulak, harrizkoak, gogorrak.. edozein mugimendu arriskutsua ikusten dute. Eta justu kulturak behar du airea, dinamika. Kontrolik gabeko espazio hutsa behar du. Eta herritarrei beraien kasara egitea. Eta Administrazioa urduri jartzen da».

Lan dibertsifikazioa gero eta ohikoagoa da kulturgintzan garai hauetan. Hainbat kasuetan ezinbestean. «Atzera begira jarrita pentsatzen duzu, nola aguantatu genuen urte zail haietan, ekonomiarik gabe, hala ere aurrera eginez. Orain gutxi arte horrela izan da guretzat. Bitalki beste momentu bat iritsi zenean, familia, zaintza, hipoteka... klik egin eta kristoren giroa eman genuen. Bestela ez zen sostenigarria. Eta beste alternatibak bilatzen hasi ginen ekonomikoki sostenigarria izateko eta oso pozik gaude bide horrekin. Baina ez bada posible momenturen batean utzi eta kitto, lamentuka egon gabe. Gauzak zailak jarriko balira utzi egingo genuke», esanez amaitu du.

Errenteriako estreinuaren atzetik beste hogei emanaldi lotuta dituzte. Lehenak Arrasate (urtarrilak 19), Bilbo (urtarrilak 23), Elorrio (urtarrilak 24) eta Donostia (urtarrllak 25). Hortik aurrera beste makina bat hitzordu.