
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan urtarril eta otsailerako deitu dituzten hamabi greba egunak erregistratu dituzte LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzan. Hezkuntza publikoan aritzen diren irakasle, sukalde eta garbiketako eta Haurreskolak Partzuergoko langileak daude grebara deituta.
Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa publikoa handitu dezala exijitu diote, langileon lan baldintzak hobetu eta «eskola publikoa erdigunean» jarri dezala. Izan ere, gogoratu dute aipatu kolektiboetako lan hitzarmenak iraungita daudela, Hezkuntza Sail berria izanik ere «aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen» jarraitzen duela «langile zein hezkuntza komunitatearen kaltetan» eta «sindikatuon eskaerei muzin eginez eduki nahikorik gabe negoziazio mahaiak deitzen» jarraitzen duela.
Sindikatuen arabera, 2009koak dira Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein sukalde eta garbike-tako langileen hitzarmenak eta 2010ekoa irakasleena. «15 urte luzeren ondoren», nabarmendu dute, «bada garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatu, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileon lan baldintzak hobetzeko».
Nahiz eta grebara deitutako kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan, zazpi aldarrikapen amankomun adostu dituzte LAB, Steilas, ELA eta CCOOk: «Geroz eta handiagoak diren lan zamak arintzeko» neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko «plantillen gazteberritze plana garatzea», galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta «jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea».
Horrekin batera, «hezkuntza publikoko sistema osoa» euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, «langileon lan osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak» ezartzea eta «kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea» eskatzen dute.
Greba deialdiak honakoak dira: irakasleak urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an; Haurreskolak Partzuergoko langileak urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an; eta sukalde eta garbiketako langileak urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an.
Lanuzte horietaz gain, ostiraletan ere mobilizatu dinamika martxan jarri dute gaurtik bertatik, ikastexeetan mobilizazioak deituz. Langileei parte hartzeko deia egin diete, «adostutako aldarrikapenak lortzeko negoziaketa erreala mobilizazioen eskutik etorriko baita».
Hezkuntza Sailaren oharra
Lakuako Hezkuntza Sailak oharra bidali die ikastetxe publikoetako gurasoei greba hauen harira eta «lasaitasuna» eskatu die.
Dionez, «urteak» daramatza «ikastetxeetan egunero dedikazioarekin eta konpromisoarekin lan egiten duten hezitzaileen lan baldintzak hobetzeko ahalegin sendoa egiten», eta «soldaten hobekuntza, uztartze neurriak, ratioen eta eskola orduen murrizketa eta langileen egonkortasun eta gaztetze planak dira akordio esanguratsuak lortzeko gure borondatearen erakusgarri diren aurrerapenetako batzuk».
Lakuaren arabera, sindikatuekin negoziatzen jarraitzeko «2024-2025 ikasturterako ezarritako bileren agenda abian da, egutegian jada finkatutako saioekin eta negoziazio mahaiei buruzko proposamen argi eta handinahiekin».
Horregatik, erantsi du, «zaila da grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan. Akordioak eskura daude».

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

Mural de Pepe Mujica en un barrio obrero de Montevideo: «Somos los herederos de su legado»
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista
