NAIZ
Getaria

Getariako Txakolinaren 2024ko uzta %10 murriztu da, «urte zaila» izan zelako klimatologikoki

2,5 milioi litro txakolin ekoitzi dituzte Getariako Jatorri Deiturako 2024ko uztaren baitan, aurreko urtean baino %10 gutxiago. Klimatologikoki «urte zaila» izan zela nabarmendu dute.

Txakolin Egunean topa egiten, Getarian.
Txakolin Egunean topa egiten, Getarian. (FOKU)

Getariako Jatorri Deiturako 2024 txakolinaren uzta 2,5 milioi litrokoa izan da, aurreko urtean baino %10 murritzagoa, klimatologiagatik.

Halaxe adierazi dute ostiral honetan Getarian ospatzen ari diren Txakolin Egunean, San Anton egunaren baitan, iazko uztaren datuak ematerakoan.

«2024. urtea klimatologikoki urte zaila izan da, udaberri euritsua, uda nahiko hezea eta egun eguzkitsu gutxikoa», azaldu du Itziar Eizagirre Getariako Jatorrizko Deituraren presidenteak. Bertan, sektorearen profesionaltasunak «uzta salbatzea» ahalbidetu duela azpimarratu du.

Eizagirren esan duenez, txakolin berria kalitate handikoa da, freskoa, ahoan orekatua eta 11 graduko alkohol graduazioarekin. Ekoizpenaren %91 txakolin zuria da, %9 gorria eta %1 beltza.

Getariako Txakolina izendapena Gipuzkoa osora zabaldu zen 2007an. Une honetan, txakolinaren oinarria den Hondarrabi mahats barietateetako mahastiek 458 hektarea dituzte, eta ardo hori 34 upeltegitan ekoizten dute.

Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Beltza mahastien landatutako azalera 458 hektareakoa da. Bertako barietateak dira eta honela daude banatuta: Getaria (%45), Aia (%15), Zarautz (%12), Zumaia (%4,5), Oñati (%3,5) eta Hondarribia (%3,5). Gainerako %16,5 honako herrietan dago: Aizarnazabal, Alkitza, Arrasate, Azpeitia, Beizama, Deba, Donostia, Hernialde, Mutriku, Oiartzun, Olaberria, Orio, Urnieta, Usurbil, Villabona, Zerain eta Zestoa artean.

Getariako txakolinaren nazioarteko salmenta nagusiak Estatu Batuak, Eskandinaviako herrialdeak, frantziar Estatua, Britainia Handia eta Japonia dira.

Eizagirrerekin batera aurkezpenean izan dira Haritz Alberdi Getariako alkatea, Raul Perez Iratxeta Lakuako Gobernuko Nekazaritzako sailburuordea eta Raimundo Ruiz de Escudero Haziko zuzendaria, Xabier Arruti eta Azahara Dominguez foru diputatuekin batera. 

Lakuako Gobernutik adierazi dute helburua dela nazioartean txakolinaren ezagutza handitzea. 

Pilotalekuan herritarrentzat txakolin dastaketa hasi aurretik, datuak aurkezteko topaketa egin dute eta Itsas Etxea kofradia saritu dute. Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioaren idazkari nagusiak ordezkatu du. Pregoia Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok egin dute, udaletxeko balkoitik.