J.S.

Sagardoa pitxerka kontsumitzen eta ordaintzen zen garaia

Gaur egun gertatzen den antzera, sagardotegiak betidanik izan dira aisialdirako topagune. Baina badira desberdintasun batzuk; orain dela ehun urte, sagardoa pitxerka edo edalontzika kontsumitzen eta ordaintzen zen. Eta sagardoarekin ez ezik, bolo, toka eta bertsolariekin ere gozatzen zuten.

Txirrita bertsolaria, Erauskin anaien artean, Altzako Gazteluene baserrian.
Txirrita bertsolaria, Erauskin anaien artean, Altzako Gazteluene baserrian. (JOXE ERAUSKIN (ALTZAKO TOKIKO BILDUMA))

Astigarragako Sagardoetxea Museoak azken 200 urteetan sagardoak zein sagardotegiek bizi izan duten bilakaeraren berri eman du erakusketa batean. Lourdes Odriozolak egindako ikerketa historikoetan oinarritutako ekimen horrek txotxaren errituak sagardoaren aisialdia nola eraldatu duen ezagutzeko aukera eskaini du.

XX. mendearen hasieran, Gipuzkoan 600 sagardotegi familiar zeuden eta 9 milioi litro ekoizten zituzten urtean. Garai hartan, Donostiak bakarrik 101 sagardotegi zituen hirigunean zein kanpoaldeko auzoetan. Sotoetan kokatutako upategiak ziren eta petrolio kinkez argiztatzen ziren. Era berean, sagardoa garraiatzeko karreto-barriken joan-etorria etengabekoa zen Parte Zaharreko kaleetan.

Belle époque garaiak ziren eta, Europako aristokrazia Donostiako luxuan murgilduta zegoen bitartean, langileak eta familia osoak sagardotegietara joaten ziren aisialdiaz gozatzera; batez ere, asteburuetan eta Aste Santuan.

Txirrita bertsolari ezaguna sagardotegi horietako ohiko bezeroa zen, Altzako Gazteluene baserrian Jose Manuel eta Xaturnino Erauskin anaiekin ateratako argazkian ikus daitekeen moduan.

Baina Donostia bakarrik ez. Urumea bailara osoa zen ezaguna bere sagardotegiengatik. Astigarraga, Hernani, Lasarte, Usurbil eta Buruntzaldeako beste udalerri batzuek sagardotegi kopuru esanguratsua zuten.

Gerra Zibilaren aurreko urteetan, adibidez, Urnietan hogei sagardotegi zeuden. Urbaneta sagardotegian Juanito “Jainkoa” soinu-jotzaileak alaiturik, erromeria izaten zen igande arratsaldeetan.

Sagardo berria prest zegoela jakinarazteko jotzen zen txalaparta ere eskualde horretan gorde da, Lasarteko Sasodeta Haundiko Zuaznabar familia eta Astigarragako Erbetegi Etxeberriko Goikoetxea familiari esker.

Gaur egun gertatzen den antzera, beraz, aisialdirako eta gizarte topaketarako gune bihurtzen ziren otsailetik maiatzera. Baina ehun urteotan izan dira aldaketa batzuk.

Esanguratsuena sagardoa pitxerka eta edalontzika kontsumitzen eta ordaintzen zela izan daiteke. Izan ere, sagardoa kanilatik zerbitzatzen zen, bai pitxerretan bai edalontzietan. Eta ordaindu ere hala egiten zuten. Esanguratsua da Tolosan, adibidez, tragoak upelean klerarekin apuntatzen zirela.

«TXOTX» HITZAREN JATORRIA

Aditu batzuen arabera, gainera, litekeena da gaur egungo «txotx» hitzaren jatorria ez izatea kupelak irekitzeko erabiltzen zen makila edo zotza, baizik eta «xox» (sos) hitzarekin lotura handiagoa izatea, hura baitzen sagardo edalontzia ordaintzeko erabiltzen zen hitza.

Beste desberdintasun bat da garai hartan sagardotegiek ez zutela otordurik ematen eta sagardoa laguntzeko mokaduren bat nahi izanez gero, norberak eraman behar zuela. Eta sagardoa edaten ez ezik, bolo-jokoan, tokan eta bertsolariak entzuten pasatzen zuten arratsaldea.

Frankismo garaian, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza bigarren mailan geratu ziren eta sagardoaren sektorea krisi larrian murgildu zen. Sagastiek gainbehera egin zuten eta 1967an sagardoaren ekoizpena puntu baxuenera iritsi zen, 1.250.000 litroko ekoizpenarekin. Hori gutxi balitz, 1940an mihurak Gipuzkoa osoko sagarrondoak mehatxatu zituen eta horiek erauzteko kanpaina jarri zen martxan udalerri askotan. Ondorioz, sagardotegi asko itxi egin ziren.

Frankismoa amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektorea berpizteko neurriak ezarri zituen eta kalitatearekiko ardura hartzen hasi zen. Garai hartakoa da Fraisoroko Esperimentazio eta Prestakuntza zentroa.

Era berean, elkarte gastronomikoek mantendu egin zuten sagardoaren kontsumoa eta horrek gaur egun ezagutzen dugun txotxeko erritua berreskuratzea ahalbidetu zuen.