
Ez da Zapiainek sariak jasotzen dituen lehen aldia, inolaz ere. Baina 2024koa uzta benetan oparoa izan da sagardotegiarentzat. Gipuzkoako Aldundiak antolatzen duen XXIII. sagardo lehiaketan txapeldun izendatu zuten irailean. Zapiainek irabazten duen laugarren urtea da baina, gainera, oraingoan sari hirukoitza eskuratu du Astigarragako sagardotegi historikoak. Izan ere, Euskal Sagardoa jatorri-deiturako kategoria nagusian txapela lortzeaz gain, beste bi kategoriatan ere sari nagusiak jaso zituen: sagardo apardunetan eta sagardo berezietan, Joanes de Zapiain lursail bakarreko sagardoarekin.
2024ko maiatzean, gainera, Michiganen (AEB) egiten den munduko sagardo lehiaketarik handienean (Great Lakes International Cider Competition) sagardo naturalik onenaren saria eskuratu eta Urteko Nazioarteko Sagardotegi izendatu zuten Zapiain.
Upategi horretako familiako hirugarren belaunaldiaren ordezkari Egoitz Zapiainek jaso zituen, hunkituta, Gipuzkoako sariak, eta bere taldearekin eta baserritarrekin partekatu nahi izan zituen bai sagastian, bai upategian egindako lanagatik. Zapiainen produktua arreta handiz lantzen dutela nabarmendu zuen, eta sektorea egiten ari den ahalegina azpimarratu zuen, bai sagardoaren, bai hori ekoizteko ezinbestekoak diren sagarren balioa nabarmentzeko.
Hala, Foru Aldundiaren sagardo berezien kategorian, 2019az geroztik Tolosako Ezeizabarrena baserriko sagasti bakarretik hautatutako sagarrekin ekoizten duen Joanes de Zapiain lursaileko sagardoarekin gailendu zen.
Txapelketa horretan irabazle suertatu zen sagardo aparduna, bestalde, oraindik ez da merkatura atera. Urrea balitz bezala gordeta dago Astigarragako upategiko txoko batean, ilunpean eta tenperatura kontrolatuta. «Behar bezala ondu arte, ez dugu produktua merkaturatu nahi. Naturalarekin egiten dugun bezala, bere onenean dagoenean jarriko dugu salgai. Eta apardunak denbora pixka bat behar du punturik onenean egon arte», adierazi du Ion Zapiainek. Oraindik, beraz, apur bat itxaron beharko da saritutako apardun hori dastatzeko aukera izan arte.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketako XXIII. edizioak azken urteotan euskal sagardotegiak egiten ari diren dibertsifikazioaren aldeko ahalegina nabarmendu du. Ohiko sagardo naturaletik harago, izotzezko sagardoak, sagar mota bakarrekoak eta apardunak egiten ari dira, besteak beste, eta Zapiain aitzindaria izan da usadioari uko egin gabe etorkizunera begira dauden bide berri horiek irekitzen.
Zapiainek lehiaketa hori irabazten duen laugarren aldia da. Aurretik 2020, 2022 eta 2023an egin zuen. 2024a arrakasta handiko urtea izan da, beraz, sagardotegi honentzat.
Sagarretik datorren aperitiboa
Zapiainek aurten merkaturatu duen produktu berria da Sagarmut, sagardoan oinarritutako aperitiboa, bermutaren antzekoa baina mahatsaren ordez sagarra erabiliz egina.
Edari honen osagai nagusiak sagarretik datoz: sagarrondoaren hosto lehortuak, enborraren azal xigortua, bertako landareak, pikondo hostoak... Amaitzeko, Sagar Eztiarekin beratzen eta Sagardoz destilatuarekin indartzen dute.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

Mural de Pepe Mujica en un barrio obrero de Montevideo: «Somos los herederos de su legado»
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista
