Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Xenon gasak aukera emango du Everest astebetean igotzeko

Heldu den udaberriko denboraldian, Furtenbach Adventures agentzia austriarrak, ohiko girora egokitzeko fasea saihesteko, xenon gasa erabiliko du espedizio batean. Dopinaren Aurkako Agentziak (AMA) substantzia hori debekatutako zerrendan sartu du.

Everesteko udaberriko denboraldian xenon gasa erabiliko da.
Everesteko udaberriko denboraldian xenon gasa erabiliko da. (Seven Summit Treks)

Everest igotzeko dauden ikuspegiak eta estiloak aspalditik asko aldatu dira. Batez ere, munduko mendi garaienera antolatzen dituzten agentzia komertzialen apustu sendoa izan da. Horietako batek, Furtenbach Adventures-ek, urrats berritzaile bat egingo du udaberrian hasiko den denboraldian. ‘Financial Times’ agerkariak azaldu duenez, agentzia austriar horrek lau britainiarrez osatutako espedizio batean xenon gasa erabiliko du. Substantzia horri esker, mendizaleok ohiko aklimatazio fasea saihestuko dute. Emaitza, berriz, ikaragarria litzateke: etxea-Everesteko gailurra-etxea, zirkulu hori, astebetean biribilduko lukete.

Jakina, aldez aurretik espedizio esperimental horretako kideek bestelako lanak egin beharko dituzte. Hots, lau mendizale horiek hipoxia izeneko konpartimentuetan zortzi asteko prestaketa egin beharko dute. Britainia Handiko berriemaileek diote fase hori gainditu ondoren, Katmanduko klinika batera eramango dituztela xenon gasarekin ordu erdiko terapia egiteko. Tratamendua bukatu bezain pronto, helikoptero batek oinarrizko kanpalekura eramango lituzke eta mendizaleak prest leudeke leiho on batekin igoera oso-oso azkar bat egiteko. Kalkuluen arabera, mendiko langileen laguntzarekin hiru eguneko eskalada izango litzateke.

Gailurra lortuta, egun bateko jaitsiera iragartzen dute. Behin oinarrizko kanpalekuan, helikopteroa hartu, Katmandura iritsi eta hiriburu horretan hegazkina hartuko lukete etxera itzultzeko. Denera, joan-etorri horri astebetean sinatuko lukete.

Baina, zer da xenon gasa? Oro har, gas inertea da, eta batzuetan erabilera anestesikoa du. Ondorioen artean bada bat kirol munduan asko entzun dena: gas horrek EPOa gorputzean erabat handitzen du. Beste era batera esanda, xenon gasak globulu gorriak biderkatzen laguntzen du. Hortaz, aklimatazio fasea, neurri batean, saihesteko aukera ematen du.

Emaitza onak

Hori dio, bederen, agentziaren buru Lukas Furtenbachek. Azken urteotan, gidari austriarrak hiru asteko espedizio azkarrak egin ditu, eta onartu du gas hori hainbat espediziotan (Everest barne) erabili duela; baita hainbat bezerok ere. Emaitzak, berriz, «primerakoak» izan omen dira, batez ere, segurtasunaren aldetik: «Gure helburu nagusia biriketako eta buruko edema prebenitzea da. Batzuek diote errendimendua hobetzeko gas hori eskaintzen dugula, baina ez da gure asmoa. Diodan bezala, gure espedizioetan parte hartzen duten mendizaleen segurtasuna bermatzeko egiten dugu. Bederen, hipoxia eta antzeko arriskuak saihesteko. Aklimatazio on batek mendiko gaitza izateko arriskua gutxitzen du. Eta, jakina, garaiera horietan ahal den denbora gutxien egoteko aukera ematen du. Izozketak, nekea, buruko arazoak… arrisku horiek guztiak gutxitzen dira».

Xenon gasaren erabilerarekin zortzimilakoetara egingo (eta egiten) diren espedizioak oso laburrak izango dira. Horrek guztiak antolatzaileen kostuak gutxitzen ditu, eta aukera eman ere bezero dirudun gehiago lortzeko. Dirudunak? Hala da. Agentzia austriarrak xenona erabiltzen dutenei 154.000 euro kobratzen dizkie. Oxigeno gehigarriarekin alderatuta, askoz ere garestiagoa da; izan ere, gas horren ordu erdiko terapia batek 5.000 euro balio du.

Hala, Everesteko udaberriko denboraldia beste berrikuntza batekin aurkeztuko zaigu. Gidari austriarrak dio, momentuz, froga bat besterik ez dela eta emaitzak horiek baieztatzen badira hurrengo espedizioetan xenon gasa eskainiko duela.

Bide batez gogora dezagun Dopinaren Aurkako Agentziak (AMA) gas hori debekatutako substantzien zerrendan sartu duela; eritropyetina (EPO) sortzeko balio du, eta AMAk dio EPOa dopina dela. Ez dezagun ahantzi ere AMArentzat oxigeno gehigarriaren erabilera dopina dela.