
Bigarren zatiaren lehen minutuetan izandako txakalaldiak saririk gabe utzi du Super Amara Bera Berak Bensheim talde alemaniarraren pistan egin duen neurketa bikaina. Donostiarrak lau goleko errentarekin iritsi dira atsedenaldira lehen zati aparta jokatu ostean, baina etxeko taldea oso indartsu itzuli da aldageletatik eta hamar minutu eskasean markagailua iraultzea lortu du. Azken txanpan gol batera hurbildu dira Imanol Alvarezen jokalariak, baina garaipena Alemanian gelditu da.
Norgehiagokaren lehen minututik, etxeko taldeak erasoan golak egiteko bere ahalmenaren berri eman du –ia 40 sartu zituen ligaxkako lehen jardunaldian–. Jokaldi motz eta azkarrekin, Tamara Kosticen atea erraz samar zulatzen hasi dira alemaniarrak. Baina Bera Bera ere ez da atzean gelditu, eta kolpe trukaketari ongi eutsi dio joan-etorri etengabean. Zenbait arlotan Europako jokoarekin sufritu dezake euskal taldeak, baina erritmo altuan jokatzea ez da horietako bat.
Esther Arrojeria eta Elke Karsten gidari hartuta, donostiarrek erasoan joko aberatsa eta eraginkorra erakutsi dute. Plaza zail batean nortasuna azaltzeko prest zeudela argi utzi utzi du 2-2koan Maitane Etxeberriaren pase batekin Estherrek borobildu duen fly-ak.
Markagailua oso parekatuta joan da lehen 10-15 minutuetan, baina Kretzschmar bi minutuz kanporatua izan denean Bera Berak lehen abantaila aipagarria eskuratu du: Karstenen pare bat gol bikainekin 7-10 aurreratu dira gipuzkoarrak. Gainera, handik gutxira beste kanporaketa bat izan du erasoan desagertuta egon den Kretzschmarrek. Ogonovsky eta Micaela Rodrigues ere festara batu dira kanpoko jaurtiketa onekin.
Eta erasoan bakarrik ez, defentsan ere lan bikaina egin du Bera Berak. Horren erakusgarri, Bensheim ia zazpi minutu egon dela golik sartu gabe, 17 eta 24 minutuen artean, ikaragarria Bundesligan bosgarren doan talde batentzat. Lyndie Tchapchet handitzen joan da defentsaren erdialde horretan, Lucia Prades atezaina oso inspiratuta sartu da neurketan, merituzko hiruzpalau geldiketa sinatuz, eta euskaldunek lau goleko errentari eutsi diote atsedenaldira arte: 14-18.
Baina aldageletatik itzulitakoan, alemaniarrek koska bat, edo bi, igo dute jokoaren maila. Lehen zatian bere kalitatearen zertzelada batzuk utziak zituen Nina Engel bereak eta bi egiten hasi da erasoan –goleatzaile onena izan da 11 golekin–. Eta defentsan, lehen zatian ia baloi bat ere ikutzerik izan ez duen Helen Van Beurden atezain herbeheretarra harresi gaindiezina bilakatu da jokalari donostiarrentzat.
Bigarren zatiko zortzigarren minuturako Bensheim 22-21 aurreratu da markagailuan, eta Imanol Alvarezek hutsarte bat eskatu behar izan du bere jokalariak berriz ere partidan sartuarazten saiatzeko. Gizon lasaia izan ohi da Alvarez, baina benetan ernegatuta zegoen taldearen beherakada ikusita.
Egoera ez da, ordea, gehiegi aldatu. Kretzschmar eta Amelie Berger ere gehitu dira alemaniarren goleatzaile zerrendara eta etxekoen abantaila lau golekoa izatera iritsi da bigarren zatiaren erdia iristerako. Hamar minuturen faltan, emaitza 30-26koa zen, Irionen gol baten ondoren.
Bera Berak, ordea, kasta atera du azken txanpan, eta garaipena zail zegoen arren, ez du amore eman. Atezainik gabe eta bi piboterekin jokatuz, donostiarrek arriskatu egin dute eta apostua nahiko ongi atera zaie. Elba Alvarezen gol sortari esker tarteak murrizten joan dira, eta lau minuturen faltan gol bakarrera ere hurbildu dira (32-31).
Zoritxarrez, alemaniarrek ez dute huts egin azken jokaldi horietan eta 34-32 itxi dute markagailua. Ziur partida amaitu berritan amorrua sentituko zutela gipuzkoarrek, 10 minutuko txakalaldiak saririk gabe utzi duelako 50 minutuko joko aparta, baina denborarekin baloratzekoa izango da horren pista zail batean taldeak erakutsi duen nortasuna.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
