Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Andrea Lusarreta Monreal
Nafarroako Pilota Federazioko presidentea

«Ezagutzen ez bada, nolatan egingo du norbaitek aukera pilotarako?»

Gaztea da oraindik, 28 urte ditu, baina kirol mundua barruraino ezagutzen du Andrea Lusarretak: palista, Nafarroako txapeldun izandakoa, «Emakumea eta Pilota» batzordeko bozeramaile izana, Zizur Nagusiko Udalean kirol kordinatzailea eta orain, Nafarroako Pilota Federazioako presidentea gainera.

Audio_placeholder

«Ezagutzen ez bada, nolatan egingo du norbaitek aukera pilotarako?»

Loading player...
Andrea Lusarreta, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea.
Andrea Lusarreta, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gaztea, emakumea eta pilotari den heinean, Nafarroari lotua. Horrelakoa da Andrea Lusarreta, Nafarroako «Euskal Pilota Federazioko» presidente berria. Pilota munduan haize freskoa ez ezik, gai berriak ere mahai gainean dira, gizarte aldakor baten erdian eta Labion 1996an sortu zen honek badu hurrengo lau urteetan nahikoa lan, tartean sortzeko bidean aurreneko urratsak egiten ari den euskal selekzioaren inguruko kontuetan ere, edo gazteak zein emakumeak pilotara erakartzen jarraitzeko eginbeharretan ere.

Nafarroako Pilota Federazioan sartu berritan, gogotsu izango zarela pentsatzen dut.

Bai, duela astebete sartu ginen «Nafarroako Euskal Pilota Federazioan» eta konbentzimenduz sartu ginelako, gogotsu eta ilusioz ekingo diogu lau urteko ibilbide honi.

Eta aurreneko emakumea presidentetzan, pentsatzen dut hau ere pozteko moduko albistea izango dela, hau esatea tristea bada ere.

Halaxe da, bai. Zorioneko albiste bat dela uste dugu. Urte askotan erabaki kargu horietan gizonezkoak bakarrik egon dira eta aurrerapausoak ematen ari badira ere, baina hor ere badago bidea aurrera jarraitzeko.

Pilotaria zara, palan aritzen zara, zure familia ere pilotari lotua dago erabat; Nafarroako Txapeldun izandakoa, entrenatzailea ere izan zara, zalantzarik ez dago pilota gertutik ezagutzen duzula.

Esaten duzun moduan, pilota asko maite dut. Asko gustatzen zait bai jokalari moduan eta baita ikusle moduan ere, aisialdi aukera bezala eta bizitza osasuntsuaren aukera bezala, eta lehia puntu hori ere gustatzen zait.

Ez dakit orain presidente kargua eta palista rola uztartzeko gai nola izango ote zaren...

Tira, zaila izango dela uste dut, baina behin denbora bat pasatzen denean lasaiago ibiliko garela uste dut. Nolanahi, palan jokatzen jarraitzen dut eta astean behin behintzat entrenatzen saiatzen naiz. 36 metroko ezker paretako frontoian jokatzen dut paleta goman; orain ez dut es Euskal Ligan ezta irekian ere izenik emango, baina tira, behintzat entrenatzen jarraituko dut eta herrian ere, lagunekin palan ibiltzea ere gustatuko litzaidake. Tartetxo bat aterako dugu, ezta?

Eta nondik etorri da presidente izateko nahi hau?

Galdera honi erantzuteko, nik uste garrantzitsuena proiektuaren nondik norakoak, era laburbildu batean behintzat, aipatzea dela. Hilabetetako lanaren fruitua da gu gaurko egunez federaziora iristea, azkenean pilotak Nafarroan duen egoeraren analisia egiteko eta proiektuaren oinarriak lantzen hasteko klub ezberdinetako agente eta jende asko bildu zen. Zenbait bilera eta hilabete luzeren ostean proiektu hori definitzen joan zen eta filosofiarekin bat egiten zuten pertsonak bilatzen hasi ziren pixka bat lidergo hori hartzeko. Pertsona horietako bat ni izan nintzen, edo behintzat azkenean erabaki hori hartu nuen, eta hauteskunde prozesuaren prestaketa lanetan jarri ginen, klubekin kontaktuan eta abar. Hortik datoz eman ditugun pausoak honaino iristeko.

Eta erraza izan al da kluben babesa lortzea?

Datu objektiboak erabiliko ditut. Aipatzekoa da asanbladak 30 eserleku ditu eta 30etik 27 lortu ditugu eta 15 kluben babesa. Hain zuzen, 15 dira kluben estamentuan asanbladan parte har dezaketenak eta 15ak lortu genituen. Baina bai saiatu garela herrialde zati guztiekin biltzen; horrek denbora eta lana eraman du, baina era berean oso aberasgarria izan da bakoitzaren eguneroko errealitatea pixka bat ezagutzeko.

Zeintzuk izango dira, orduan, lantalde berri honen arretagune eta helburu nagusiak hurrengo urteetan?

Kargura iritsi eta lanean abian jarri gara dagoeneko eta lehenbizi Nafarroan pilotak duen egoeraren analisi orokor bat egin behar dugu, ez bakarrik kirol arloan, gainontzeko proiektu estrategikoetan ere murgilduko gara. Proiektuaren nondik norakoak ezarri genituenez, oinarri horiek ezagutu genituen eta analisi horretatik ateratzen diren ondorioetara egokitzen saiatuko gara.

Bai egia da, halaber, orain urtarrilean sartu garela, kirol denboraldia abian dela dagoeneko eta kirol arloan horrek tartea ematen digu gaur egun dagoen horrek bere horretan jarraitu dezan eta hurrengo denboraldiari begira, analisi horretatik ateratzen diren ondorioetatik –puntuazio sistema, kirol lehiaketaren sistema...– nondik nora mugitzen garen eta, horrez gain, tokiko promozioan lan egin nahi dugu.

Nafarroako Pilota Federazioak historia luzea du. Ez dakit non ikusten dituzuen gabeziak, zer berritu edo modernizatu behar den...

Alde horretatik, garrantzitsua da Federazioak digitalizazio esparruan eman duen aurrerapausoa balioan jartzea. Komunikazioan eta irudian ere hobekuntzak egon dira eta ildo horretatik jarraitu nahi dugu. Baina era berean, ezin dugu ahaztu pilotazaleak eta pilotariak, klubak askotarikoak direla; ikusleak ere badaude teknologia berrietan adituak direnak ere badaude, streaming bitartez lehia jarraitu dezaketenak, baina ezin dugu ahaztu zale «tradizionalagoak» ere hor daude eta nik uste klubek salto hori egin behar dutela legeak betetze aldera, digitalizazioaren eremuak betetze aldera eta pixka bat hortxe ikusten dugu erronka, hori dena egonkortu behar delako.

Aipatu izan duzu inoiz frontoietan haur asko ikusten zela eta orain, berriz, gero eta gutxiago. Nola sustatu daiteke haurren eta neska-mutilen parte-hartzea?

Hor atera dugun ondorioetako bat da hau ere gizartearen isla dela. Alegia, gaur egun hamaika kirol aukera ditugu, aisialdi aukera amaigabeekin, eta pilotarekiko tradizioa pixka bat beheranzko joera hartzen ari da. Orduan, ulertzen dugu ere ezagutzen ez baldin bada, hor batek nolatan egingo du aukera pilotarako eta ez futbolerako. Beraz, gainontzeko esparruetara ere eraman behar da eta ikusarazi egin behar da ere.

Pilotak modalitate asko biltzen ditu, batzuek besteak baino ezagunagoak. Pentsatzekoa da batzuek besteek baino gabezia eta behar gehiago dituztela.

Hori da, bai. Gehien ezagutzen den modalitatea esku-pilota izango da, baina pilotak aberastasun hori ere badu; hamaika modalitate daude, bakoitza bere ezaugarri konkretuekin, joko zuzenak eta ez zuzenak ere hor ditugu... Eta gabeziei dagokienez, kasu batzuetan izan liteke erremintak garestiak direla, beste modalitate batzuek trinketean jokatzen dira eta trinketik ez dugu Nafarroako herri guztietan, baina nik uste pertsona bakoitzak izan behar duela bere lekua edozein modalitatetan aritu ahal izateko.

Lehen esan dugun harira, haur bat futbolean aritu ordez pilotan aritzea kostatzen bada, are gehiago kostako da pilotako modalitate «gutxitu» batean aritzea. Zein izan daiteke irtenbidea: eskola kirolean modalitate hauek ere sustatzea? Eskolaz kanpoko jardunean sartzea...?

Nafarroan eskola kirola dagoen moduan, izan daiteke. Klubek zuzenean eramaten dute eskola kirola, baina hezkuntza eremuetara ere eraman daiteke, ez bakarrik kurrikulumaren baitan, baizik eta AMPEK –Gurasoen Elkarteek– duten aukera horietan ere sustatu daitezke, hiri kanpaldietan sustatu daitezke, ate irekien jardunaldiak egin daitezke promozio mailan... Herrietan ari da sustatzen pilota herriko plazara, kutsu herrikoi horretara ateratzea. Ari dira zenbait txapelketa antolatzen, eta horiek ere gero eta ikusle eta pilotari gehiagoren interesa sortu dute.

«Emakumea eta Pilota» batzordeko bozeramaile ere izan zara. Esango nuke gero eta gehiago direla pilotan ari diren emakume eta neska gazteak. Hau ere sartzen al da zuen erronken artean? Eta hala bada, nola sustatu daiteke emakumeen parte-hartzea?

Historiari erreferentzia egin diogu gai honen inguruan, oso garrantzitsua iruditzen zaigulako XX: Mendearen hasierako «raketisten» historia ezagutzea. Kristoren maila zuten, frontoiak betetzen zituzten eta ezin dugu ahaztu ere lehenengo pilotari emakume profesionalak zirela Estatu espainolean. Francoren erregimenak, baina, baztertu egin zituen eta historia hori ez du gugana behar bezain beste iritsi. Hargatik, nik uste hor ere pedagogia eta zabaltze lan hori egin behar dugula.

Gaur egun ere badira zenbait mugimendu, batik bat esku-pilotan. Hor gero eta ari da pilotan. Bestetik, badira emakumeak beren herrietan jokatzen ibiltzen direnak, baina kirol lizentzia hori ateratzen ez dutenak. Horretarako ere lehiaketa sistema egoki bat sortu behar da beraien beharretara mailakatuz, baina uste dugu bolumenaren bidetik, zenbat eta emakume gehiago pilotan aritu, gero eta errazagoa izango da bakoitza norbere beharretara egokitzea. Eta horren gakoa izango da erreferenteak sortzea eta promozio lan hori ongi definitzea eta aurrera eramatea.

Ofizialtasunarena ere egunotan mahai gainean dugun kontuetako bat da, Euskadiko «Euskal Pilota Federazioa» eskubide osoko kide izatea onartu duelako Nazioarteko Federazioak. Hemen galdera asko sortzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoak bakarrik osatuko luke euskal selekzioa? Nafarroak tokia izango luke bertan? Eta Ipar Euskal Herriak? Zein da zuen jarrera eta iritzia gertatzen ari den honen guztiaren aurrean?

Puri-purian dabilen albistea da, bai. Abenduaren 28an ospatu zen asanblada; gu, berriz, kargura duela astebete iritsi ginen eta, beraz, kontu honi buruz tentuz hitz egiten dut, ez dugulako hausnarketa sakonerako tarterik, ezta foro egokirik ere eduki. Baina tira, «Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak» nazioarteko mailan lehiatu ahal izateko legearen barruan baldin badago aukera hori horrela izan dadin; legeak horrela onesten badu, 48. artikulu horri erreparatuta, tradiziozko eta arraigo handia duten kiroletan federazio autonomiko horiek aukera baldin badute nazioarteko mailan aritzeko, eta «Euskal Pilota Federazioak» horrela ikusi baldin badu eta horrela onartzen baldin bada, guk hor zeresan gutxi dugu.

Hala ere, begi onez ikusiko zenukete Euskal Autonomia Erkidegoko pilotariek soilik osaturiko euskal selekzio bat?

Ikusi egin beharko da zein terminotan osatzen diren nazioarteko mailan aritzeko osatuko liratekeen euskal selekzio horiek. Baldintzak zehaztu beharko dira: erroldei erreparatuko zaie, kirol lizentzia zein federaziotan duten, zenbat urtez egon izan diren federazio horietan... Hori guztia zehazteke dago eta orduan, galdera honi erantzun bat ematea, datu horien faltan, arriskutsua iruditzen zait, ez daukagulako informazio nahikorik.

Zuk zeuk 28 urte dituzu eta inork pentsa lezake gazteegia ote zaren. baina 2021etik Zizur Nagusiko Udalean kirol koordinatzaile zara, kirol kudeaketan ere eskarmentua baduzu; master bat egina duzu. Baduzu oinarria eta esperientzia honi aurre egiteko.

Kirolak pasioz bizi ditut. Kirolak nire bizitza guztian egunerokoan tarte ikaragarria izan du; gaur egun naizen Andrea eraikitzen lagundu dit eta bizitza osoa daramat kirolari eta pilotari lotuta. Ildo horretan ere, arlo profesionalean ere horretan aritzen naiz eta nik uste horrek ere ibilbide berri honetan lagun diezadakeela: kirol sistema pixka bat ezagutzen dut, legearen nondik norakoak, zenbait kirol agenterekin ere elkarlanean aritzea tokatzen zaigu... Eta nik uste hori guztia pobretxozkoa izango dela ibilbide berri honetan.

Horrez gain, ikuspuntu gazte batek lagun dezake pilota modernizatzen eta honi beste kutsu bat ematen, Normalean ohituta gaude jende adindua egoten ikustea kargu horietan.

Bizitzako esparru askotan haize freskoa sartzea garrantzitsua dela uste dut. Errelebo hori eman diogu bizitzari eta aldarrikapena egiten genuen hemen ere erabakitze kargu horietara iristeko figura presidentzialista edo piramide estruktura batetik, zeinetan kargu altu horietara erretiroa hartu dutenak edo estatus ekonomikoa duten horiek; guk ulertzen dugu beste kudeaketa eredu batekin eta erantzukizuna pertsona bakar batek bere gain hartu beharrean lantaldean konfiantzaz lan egiten badute, aldarrikapena puntu horretan ere egiten dugu. Kargu berria nire lanarekin uztartuko dut, kargu hau azken baten borondatezkoa baita, baina gaztetasunak ere energia puntu hori ematen dit eta aurrera goaz ibilbide berri honetan.

Zerk motibatzen zaitu zu egunez egun pilotari laguntzen jarraitzeko?

Orain arte pilotari lotuta egon naiz, modu batean edo bestean; barruan daramagun txinparta edo motibazio intrintseko bat badago. Horrek bizitzan ilusioz aurrera jarraitzeko ere balio digu eta ezinegon horretatik sartu zait motibazio hori, pilotan laguntzen jarraitzeko. Eta ibilbide hau noizbait amaitzen bada, hemendik urte askotara ere pilotarekiko harremana izaten jarraitzea eta modu batean edo bestean, laguntzeko prest egotea.