Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura
Elkarrizketa
Garazi Albizua
Idazlea

«Haserretik idazteak badu berezko magnetismo bat, kudeatzen zaila dena»

Gizarteak bazterrean nahi duen emakume ez normatibo bat, teleoperadore lanaren trukean jasotzen dituen 900 euroek amonaren etxean bizitzera kondenatu dutena. Hiru belaunaldien arteko korapiloak deslotuz, herentzia emozionalen gaineko gogoeta egin du Albizuak ‘Termita’ eleberrian.

Garazi Albizua idazlea.
Garazi Albizua idazlea. (Oskar MATXIN | FOKU)

Euskarazko literaturgintzan, haur zein helduentzat, eta komikigintzan ere aritu zara. Gaztelerazko lehen eleberria duzu ‘Termita’ (Galaxia Gutemberg), helduei zuzendua. Zerk eraman zaitu istorio hau era honetan aurkeztera?

Gaztelaniaz idatzi izan ditut gazteentzako bi liburu edo, baina hau oso diferentea izan da. Hau heldu zen gehiago emozio batetik: haserretik. Hasi nintzen idazten jakin barik ondo zer idatzi nahi nuen, eta normalean nik ez dut horrela egiten. Jakin ohi dut zer idatzi nahi dudan, zergatik eta zer kontatu nahi dudan. Beste modu batera heldu zen hau, eta, gainera, gaztelaniaz. Irudi bat eta ahots bat nituen, eta konturatu nintzen ahots hori gogoko nuela eta hor bazegoela eleberri labur bat. Orduan, beste era batera landu nuen.

Non du sorlekua aipatzen duzun haserre horrek? Identifikatua duzu?

Bai. Galdetu izan didate ea autofikzioa landu dudan, eta ez da hala izan. Ez da autobiografikoa. Baina gogoratzen dut behin sukaldean nengoela, trankil, ikusi nuela nire isla labean, handi eta itsusi: pila bat haserretu nintzen... zergatik izan behar nuen nire buruarekin horrelakoa? Zergatik mintzen ninduen isla horrek? Hor piztu zen haserrea. Konturatu nintzen gauza asko ditugula, ditudala, gainditzeko. Egindako bide hori agian ez dugula horrenbeste egin. Haserre horrek badu nigandik asko, baina gainerakoa fikzioa da.

Narratzaile nagusia biloba da. Emakume oso erreala eraiki duzu, zoritxarrez literaturara gutxitan eramaten diren horietakoa. Hori ere izango zenuen fokuan.

Bai. Ez dut nire bizitzaren gainean idatzi, baina konturatzen naiz espazio komunak bilatu ditudala, ulergarriak eta errealtzat har daitezkeenak; hain zuzen ere, guretzat ohikoak direlako. Gauza bat da zer den norma eta nor den normatiboa –eta zer ikusten, jaten, entzuten dugun norma horren bidetik–, eta beste gauza bat da zer den ohikoa. Eta halako pertsona asko dago gure inguruan. Nik neuk, nahiz eta ez izan pertsonaia hori, haren gauza asko ditut, baita nire ahizpak ere, lagunek... eta polita da ikustea akaso norma ez dela ohikoena. Eta, hor, oso argi ikusi nuen plaza literatura dela.

«Sukaldean nengoela, nire isla ikusi nuen labean, handi eta itsusi: pila bat haserretu nintzen... zergatik izan behar nuen nire buruarekin horrelakoa?» 

Esperanza da izenburura eraman duzun ‘Termita’, bilobarekin periferiako auzo batean bizi den emakumea. Badago hor amonaren irudiaren desmitifikazio bat.

Badago desmitifikazioa, eta gero mitoak agertzen dira [barrez]. Niri iruditzen zait maitasuna dagoela amonaren eta bilobaren artean, baina eszenatokia ez da ederrena eta, orduan, komunikatzeko topatzen dituzten erremintak ez dira ohikoenak, ez dira mitifikazio horrenak: ez dira txokolate katilu baten aurrean hizketan agertuko, baina bai sukaldean amona leihotik begira eta biloba harraskan kausera baten aztarnak garbitzen.

Kontua da: zergatik ez dute momentu goxo hori biak elkarrekin egoteko erabiltzen? Nondik dator bakoitza eta non agertzen da? Errutina horrek zelan baldintzatu du euren harremana? Lehen begiradan itsusia den harreman bat da, maitasun gabekoa irudi dezakeena, baina nik uste dut maitasuna badagoela. Eta hori idazten ari nintzela, maitasun hori agertu nahian, konturatzen nintzen zuk esan duzun horretaz, mitifikazio horretatik oso urrun zebiltzala.

Esaten denak bezainbesteko pisua du esaten ez den horrek. Hor ere lanketa bat egon da.

Lanketa asko izan du liburuak. Niri ez zait gustatzen gauzak asko azaltzea, kriptikotasunerako joera dut. Irakurketa asko izan ditu testuak eta markatu didaten gauzetariko bat izan da nik hain ondo ikusten nuen hori irakurleek ere ikusteko pista gehiago eman behar nituela. Esan duzunaren harira, niretzat isiltasuna bera ere bada pista bat, ze badira esaten ez diren gauza asko eta esaten direnak egiak badira ere, agian ez dira guztiz errealak. Esaterako, bilobak esaten du ‘‘ez dut inor zaindu nahi, ez dut gustuko’’, baina amona zaintzen du, eta amonak biloba. Intentzionalitate bat dago hor, baita aldarrikapen bat ere, eta baita bizitza bera ere, egunerokoa: bi borroka dira paraleloan.

Herentzia emozionalen gaineko gogoeta egin du Albizuak. (Oskar MATXIN / FOKU)


Amonaren iragana orainaldira ekartzeko bere errelatoa tartekatu duzu, hirugarren pertsonan.

Bilobak kontatzen du guztia; bere begirada da, baina horrek ez du esan nahi berak duenik egitate guztia. Jakin behar nuen zelakoa zen amama, gertuago egon naizelako bilobatik, errazagoa egin zait ahots hori ezagutzea, hor dagoen emakumea, eta markatu nahi nituen puntu batzuk ikusteko Termita hau bilobaren narraziotik kanpo. Amamaren pasarte horiek, zenbait narrazio zati eta amona eta bilobaren elkarrizketetan egiten diren erreferentziak lotuta, amama min edo ‘malaletxe’ hori gabe agertzen da. Eta horrek egiten du amama sinesgarria izatea.

Amona, ama eta alaba. Hiruren arteko zubia egiten duzu, bizipen eta gertaerek hurrengo belaunaldieetan uzten duten zauria agerian uzteko. Ze pisu du herentzia horrek?

Hirurak amaraun berean irudikatu ditut, nahiz eta bakoitza alde batera joan den. Protagonistak amari leporatzen dizkion gauza asko berak bizi ditu, nahiz eta beste puntu batetik izan. Adibidez, janaria: amak ekidin egiten du jatea eta narratzaileak jan egiten du, baina biek ematen diote janariari eta irudiari pisua, pisu nahiko indartsua beren bizitzan. Agian bilobak badu amamarekin gertutasun handiagoa, amarekiko kristoren haserrea eta hutsunea sentitzen dituelako, eta ez daki hori nola gainditu; ulertu beharko lituzkeelako berarengan zenbait kontu agian ulertu nahi ez dituenak. Hori askotan gertatzen zaigu: gurasoekin edo aitita-amamekin ditugun elkarrizketak ezberdinak dira, ispilue

k beldurtu egiten gaituztelako. Eta badute beste ezaugarri bat komunean: ez dira egokiak. Haien gosea ez da egokia, haien ametsak, sexu-nahiak edo protagonista izateko gogoa ez dira egokiak. Ezegokitasun horrek nolabait zeharkatu egiten ditu hiru belaunaldiak. Hor mitoak erabili ditut kontatu nahi nuena modu sinbolikoan kontatzeko, ze, adibidez, Tantalok bazuen gosea eta egon nahi zuen jainkoekin ospakizunetan, baina bera hilkorra zen, bere nahi hori ez zen egokia. Mitoak erabilita, ezegokitasun hori fantasiaren eremuan geratu da eta ez errealitatean.

Prekaritatea ere guztiz presente dago liburuan. Bilobaren bizitza baldintzatzen du.

Lehen aipatu duzun desmitifikazio horren bidetik, ematen du modu orekatu batean edo zoriontsu bizitzera soilik irits gaitezkeela ongizate maila bat baldin badago, eta hori lotzen zaio diru kopuru bati. Badago hor zenbait hito lortzeko nahi bat, nahitaez dutenak atzean diru kopuru bat eta profesionaltasun maila bat. 

Emozio askoko liburua da. Eta irakurlea une oro zain dago ea bilobak noiz egingo duen eztanda. Nola kudeatu zenuen tentsio hori?

Argi nuen bilobaren ahots hori nahi nuela, baina ahots horrek dena jaten du. Oso ederra da zerbait idaztea haserretik, baduelako berezko magnetismo bat. Zerbait ‘lauagoa’ idazten duzunean behar dituzu errekurtso asko literarioki eta edukian, horri zirrara emateko. Baina haserreak badu magnetismoa, iluntasunak bezala. Orduan, kontua da: hori badaukazunean, zelan dosifikatu? Haserrea denbora osoan dago testuan, baina arnasguneren bat behar duzu tentsioa ez apurtzeko, ze bestela horrek eztanda egingo du eta ez da izango interesgarria, magnetismoa galdu egingo da. Kudeatzen zaila da.

Horregatik,  asko landu dut testua. Hainbat esamolde eta hitz gutxi erabili ditut, esaldi asko oso motzak dira. Esaldiak askotan berridatzi ditut tentsio hori ez galtzeko, ez dezan eztanda egin.