
Aroztegiko Elkartasun Batzordeak Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian egin du astearte honetan agerraldia, otsailaren lehenerako antolatu duten manifestaziora deitzeko eta mobilizazioarekin bat egin duten eragileen zerrenda ezagutarazteko.
Momentuz 139 bultzatzaile dira, Euskal Herri osokoak, 16.00etan hiriburuko epaitegietatik martxa nazionala abiatuko dutenak. Honakoak, bertze aunitzen artean: 40 Minutu Rock, AHT Gelditu Nafarroa, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Basaizea, Arrigorriagako Gaztetxea, BDZ Nafarroa, Bizi!, Eguzki, EH Bai, Ehun, Ehgam, EH Bildu, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Pentsionistak Martxan.
‘Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez, Aroztegia gelditu!’ lelodun kartel horiei eutsiz, proiektua gauzatu ez dadin mugitu diren herritarren aurka 56.000 euro eta 20 urteko kartzela zigorrak eskatu dituztela oroitu dute.
Irakurri duten agirian nabarmendu dutenez, «Lekarozko herrian gertatzen ari dena Euskal Herriko zenbait herritan gertatzen ari denaren bertze adibide bat da. Aturritik Ebrorat errepikatzen ari den errealitatea da Aroztegiko proiektuarekin bizi duguna. Nafarroan, Gipuzkoan, Lapurdin, Xiberoan, Bizkaian zein Araban, arnasten dugun airea eta edaten dugun ura kutsaturik daude. Gure herri lurrak, baserriak eta oihanak xehatu nahi dituzten proiektuak inposatzen ari zaizkigu. Espekulazioa eta diru gosea oinarri dutela, belaunaldiz belaunaldi denenak eta denendako izan diren baliabideak hondatu nahi dituzte, jauntxo bakar batzuk aberasteko, herritar langileak prekaritatera kondenatzen gaituzten bitartean», salatu dute.
Ingurua ez ezik, «gure kultura eta hizkuntzak ematen digun mundu ikuskera» ere desager daitekeela ohartarazi dute. Izan ere, «auzolana, herri batzarra, lurraren jabetza publikoa eta bizitza erdigunean jartzen dituzten gorputzak eta herriak traba egiten baitiete menpe nahi gaituen kapitalismo zisheteropatriarkal eta kolonialari, baita sistema hau oinarritzat duten espainiar eta frantziar estatu zapaltzaileei ere».
«Herri osoa jopuntuan»
Aroztegiko Elkartasun Batzordeak gaitzetsi duenez, bizitza sostengatzeko ezinbertzekoak diren baliabideak eta bizimoduak defendatzeagatik zigortu eta kriminalizatu nahi dituzte. Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik zazpi lagun kartzelara bidali eta ekonomikoki ito nahi badituzte ere, badakite zigor honek «herri oso baten bizirauteko gogoa eta burujabe izateko borondatea zigortzea» duela benetako helburu.
Beren ustez, errepresioaren bertze adibide bat da. «Epaiketa honek ez luke Baztan bakarrik jarriko jopuntuan, Euskal Herri osoa baizik», azpimarrratu dute.
Hortaz, «herri gisa modu bateratuan erantzuteko» beharra ikusi dute. «Ozen errepikatuko dugu herri hau ez dagoela salgai eta mendez mende egin dugun gisan bortxaz guziona dena bereganatzera etortzen badira aitzinean edukiko gaituztela eskubidez dagokiguna defendatzen», adierazi dute.
Hilabeteotan deialdiarekin bat egiteko lanean ibili diren eragile guztiak eskertzeaz gain, orain arte beren atxikimendua erakutsi ez dutenak pausoa ematera animatu dituzte.

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

La mayoría de la investidura de Sánchez apoya garantizar el plurilingüismo en el Estado español
