Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Realeko jokalariak, Superkoparen atarikoan: «Munduko ilusio guztiarekin goaz»

Real Madrilen kontra jokatuko du Realak ostegunean Superkopako finalerdia. Aurkari zaila izan arren, donostiarrak txapelketaren finala hirugarren aldiz jokatzeko helburuarekin joango dira Leganesera.

Realak astearte arratsalde honetan egin du Media Day-a Zubietan.
Realak astearte arratsalde honetan egin du Media Day-a Zubietan. (Jon URBE | FOKU)

Espanyolen kontrako garaipenak amaiera ezinhobea eman zion Liga Fko lehen itzuliari, Reala Europarako bueltatzeko aukera handiekin heldu baita denboraldiaren erdira. Horrekin ahaztu beharko dira txuri-urdinak egun batzuetan, baina motiboek ilusio handi bera sortzen dute: ostegunean Superkopako finalerdia jokatuko dute Real Madrilen kontra, igandean txapelketaren finala hirugarren aldiz lehiatzeko asmoarekon, eta hurrengo astean berriro ekingo diote talde madrildarrari, kasu honetan Kopako final-laurdenak jokatzeko. «Pribilejiatuak gara», laburbildu du Elene Guridik Realak Zubietan gaur arratsaldean antolatutako Media Dayan.

«Munduko ilusiorik handiena daukagu –azaldu du jokalari oñatiarrak–. Denboraldiak ekarri dezakenagatik eta, une honetan, Superkopagatik. Lau talde bakarrik dira jokatzen dutenak eta gu horien artean, oso esanguratsua eta oso ilusionantea da». Ilusioak eta helburuak ez dute beti bat egiten baina kasu honetan erantzun bera da Guridirena: «Finalera pasatzeko ilusio eta helburuarekin goaz Leganesera».

Realak garaipen potoloa lortu ondoren ekingo dio neurketari. Real Madrilek, berriz, kolpe ederra jaso zuen igandean, etxean Eibarren kontra galduz. Nahiago du Guridik horrela etortzea talde zuria, «eragina izan dezakelako. Hala ere, badakigu zer taldea den, zer jokalari dituen, batez ere indibidualki zein onak diren; partidak erabaki dezaketen jokalariak». Izan ere, «Real Madril faborito» dela uste du jokalari gazteak eta «oso partida zaila» aurreikusten du. «Baina guk gure aukerak izango ditugu, ehuneko ehuna emanez gero. Batez ere sendo egon behar dugu defentsan eta gero gure aukerak aprobetxatu».

Iritzi bera adierazi du Aparik. «Badakigu nolako jokalariak diren. Kolektiboki baino gehiago, indibidualki oso oso onak dira, abiadura handia dute eta oso kalitate handiko jokalariak dira. Horren aurrean oso sendo egon behar dugu defentsan eta aukerak aprobetxatu», esan du. Baita, noski, eraginkorrak izan areatan. «Zelai osoan, egia esateko. Horrelako partidetan garrantzitsua da orokorrean fin egotea, xehetasun txikietan erabakitzen baitira».

Bartzelonarekin orain dela bi urte Superkopa Realaren kontra irabazi zuen Emma Ramirezen ustetan, «oso norgehiagoka fisikoa izango da» eta baloiaren jabetza erabakigarria izan daiteke. «Gure jokoa inposatzeko, urduri ez jartzeko eta baloia ez oparitzeko gai bagara, Real Madril menderatzeko gaitasuna daukagula uste dut, ohituak dauden baino korrika gehiago egin dezaten eraginez. Baloia badaukagu, partida irabaztetik gertuago egon daitezke».

Hegalekoa ez da urduritasuna aipatu duen bakarra. Kahynovaren esanetan, «konfiantzarekin jokatu behar dugu. Konfiantza eduki hasiera-hasieratik eta urduri ez hasi, askotan gertatzen zaigun bezala. Lehen hamar minutuak kosta egiten zaizkigu, gero konfiantza handiagorekin jokatzen dugu». Garrantzi pixka bat kendu nahi izan dio Emmak, edozein kasutan. «Landu behar dugu baina nerbioak beti daude, futbolaren parte dira ere. Baina guztiok elkarrekin lagunduta, aurrera egingo dugu. Igandean ikusi genuen –esan du, Espanyolek lehen minutuan sartu zuen gola gogoratuz–; futbolean gertatzen diren gauzak dira eta garrantzitsuena da erreakzionatzen jakin genuela eta bigarren zati oso ona egin genuela».

Partida hori irabazteak taldeari «ondo etorriko» zaiola uste du Lucia Pardok. «Konfiantza aldetik, emaitzek beti laguntzen dute. Eta are gehiago joku aldetik gero eta hobe gaudela ikusita. Lanak emaitzak lortzen dituela ikusteak konfiantza handia emoten du» eta horrela ekingio diote txuriurdinek Butarqueko finalerdiari. «Motibazioa eta ilusioa dira aukeratuko nituzken hitzak», laburbildu du Emmak. «Jokalari guztiok nahi duguna da –gaineratu du Mirarik–. Partidak jokatu, partida asko, eta horrelako garrantzi handikoak badira, hobe».

Asko izango dira taldeak datozen asteetan jokatuko dituen partida garrantzitsuak, hiru txapelketetan bizirik egonda. Bat lehenesten baduten galdetuta, aho batez erantzuten dute Realeko futbolariek: «dena nahi dugu eta denetan saiatuko gara. Azkean finean, jokatzen dugun partida bakoitza irabazten saiatzen gara, lehiaketa edozen dela ere».

Galderari gehiago ekinez, gehienek onartzen dute Txapeldunen Liga jokatzeko aukera dela erakargarriena eta. Baita, ziurrenik, eskuragarriena ere, Bartzelona ez baita egongo borroka horretan sartuta,  Superkopan eta Kopan gertatuko den bezala. «Finalerdia gaindituz gero, seguruenik Bartzelonaren kontra jokatuko genuke finala», onartu du Aparik baina ez du uste horrek taldearen ilusioa gutxituko duenik. «Nahiz eta gutxi izan, beti daude irabazteko aukerak. Athleticen kontra, larunbatean, 90. minutura arte egon behar izan ziren borrokatzen, Athleticek berak aukera garbiak izan zituen aurretik… Talde batek egun txarra badauka eta besteak dena ondo egiten badu… Baina lehenengo finalerdia irabazten saiatu behar gara eta gero, gerokoak».