NAIZ
Donostia

Euskal Nazioa desberdinen artean eraikitzeko ahalmena badagoela defendatuko dute apirilaren 11n

Euskal Herria Baterak apirilaren 11n, Aberri Egunaren atarian, egingo duen ekitaldiaren nondik norakoak azaldu ditu. Pieza kultural bat izango du oinarri gisa, hainbat sortzaileren parte-hartzearekin, eta Euskal Nazioa eraikitzeko ahalmena badagoela defendatuko du.

Euskal Herria Baterak prentsaurrekoa eskaini du larunbat honetan.
Euskal Herria Baterak prentsaurrekoa eskaini du larunbat honetan. (Jon URBE | FOKU)

Apirilaren 11n, Aberri Eguna baino bederatzi egun lehenago, Euskal Herria Baterak ekitaldia egingo du Donostiako Kursaalen. «Ekitaldi berezi eta indartsua izango da» diotenez, Euskal Nazioaren oraina eta etorkizuna desberdinen artean eraikitzen jarraitzeko ahalmena eta borondatea «egon badagoela» aldarrikatzeko.

Hala azaldu dute Euskal Herria Baterak Donostian eskainitako prentsaurreko batean. Abenduan eman zuten ekitaldiaren berri baina oraingoan oinarria pieza kultural bat izango dela zehaztu dute. Beraz, ikuskizun artistiko batean hainbat sortzaileren pentsaera eta ideia eszenikoak batuko dituzte.

«Aberri Eguna ospatzea ezinbestekoa da guretzat, nazio baten parte izatearen harrotasuna eta ospakizun eguna», adierazi dute. Hori dela eta, modu bateratuan antolatzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute: «Batera ezberdinen artean, batera lurraldeen artean, batera herri gisa etorkizuneko erronkei aurre egiten, batera herri eraikuntzan, instituzioetan eta herrigintzan dihardugun askotarikoen artean».

Ekitaldiaren bitartez euskal gizarteari eta munduari honako mezua igorri nahi diete: «Hemen bada herri bat, askotariko ezberdintasunekin, bere nortasunarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena. Bagara eta izan nahi dugu. Europan nazioen erabakitzeko eskubidea eztabaidagai den honetan, are garrantzia handiagoa du gu ere munduaren aurrean baden eta izan nahi duen nazio gisa azaltzeak».

Aldi berean, ekitaldira joatea Aberri Eguna «denona, euskal gizartearena» dela defendatuko du. Beraz, Aberri Egunari «dagokion garrantzia eta instituzionalizazio maila» emateko deia zabaldu dute horrela «ospakizuna zabaltzeko eta batera ospatzeko baldintzak sor daitezen».

Diaspora ere bai

«Zortzigarren herrialdeko» euskal komunitateko kideei ere, diasporakoei, zuzendu zaizkie. «Egoera desberdinetan eta Euskal Herritik kanpo egon arren, askok euskal komunitatearen bateratasunean partaide sentitu nahi dute, beste euskaldunekin lotura eduki», azaldu dute agerraldian.

Horrela, beraien parte-hartzea defendatu dute, esan dutenez, egun hori «norberak bere inguru edo komunitatekoekin zerbait ospatzeko aukera» delako, baina, aldi berean, «beste euskaldunekin konektatzeko bidea, zerbait handiagoaren parte sentituz».