NAIZ

Unai Lasok 2030era arte luzatu du kontratua Baiko Pilotarekin

Bizkarreta-Gerendiaingoak 2027ra arte hitzartuta zuen kontratua, baina beste hiru urtez luzatu du. Profesionaletan 2016an egin zuen debuta nafarrak eta gogoan izan behar da 2020tik 2021era bitartean afizionatu gisa jokatu behar izan zuela Baikok kontratua ez luzatzea erabaki zuelako.

Unai Laso, 2024ko Lau eta Erdiko txapela jantzi berritan.
Unai Laso, 2024ko Lau eta Erdiko txapela jantzi berritan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!» abesten zuen Hertzainak taldeak eta antzekorik esan liteke Unai Laso eta Baiko Pilota enpresaren arteko harremanari buruz ere. Aurrelari nafarrak 2027ra arteko kontatua zuen Bilboko enpresarekin, baina astelehen honetan beste hiru urtez, 2030eko abendura arte, luzatu du kontratu berria, aspaldion inola ere ikusten ez den kontratu luzatzea.

Akordioa sinatu berritan, Unai Lasok esker ona adierazi du. «Urte hauetan emaitza onak lortu ditut, sei final, bi txapel… Lan guzti horren emaitza da hau. Sei urterako sinatu dut, kontratu luzea da, kirol munduan sarritan ikusten ez dena, eta pozik nago. Eskertzekoa da nigan jarri duten konfiantza, eta orain lanean jarraitu beharra dago», onartu du pilotari nafarrak.

2016an egin zuen debuta profesionalen artean Unai Lasok, artean 19 urte zituela. Alabaina, 2020ko irailean, covid-19a zela-eta «diru sarrera murrizketak» argudiatuz, Bilboko enpresak Bizkarreta-Gerendiango aurrelariari, Jon Mariezkurrena, Baikok egun duen atzelaririk onentsuenari, Iosu Eskirozi eta Victor Estebani kaleko atea ireki zien. Enpresa barruan geratu ziren hainbat pilotariren borrokak, tartean grebara jo izanak, pilotariak bueltan ekartzea erdietsi zuen.

Lasok afizionatu mailan irabazi zitekeen guztia eraman zuen Baikotik at egon zen denbora horretan eta profesionaletara itzulita Bizkarreta-Gerendiango aurrelaria da, zalantzarik gabe, uneotan Baiko Pilotak duen izarrik distiratsuena, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea erretiratu zirenez geroztik. Hain zuzen, Olaizola eta Bengoetxearen ostean, Laso izan da Baikorentzat txapelik jantzi duen pilotari bakarra azken urte hauetan: 2022ko Buruz Burukoa eta 2024ko Lau eta Erdikoa.

Pilotariak berak esan bezala, Unai Lasoren kasuan gainera, aipatu bi txapelak ez ezik, beste lau final ere jokatu ditu, modalitate guztietan jokatu ere: 2021eko Lau eta Erdikoa, 2022 eta 2023ko Binakakoan eta 2024ko Buruz Burukoa. Bada, Binakako Txapelketa baino ez zaio geratzen irabazteko hiru txapel nagusiak lortu dituzten pilotarien zerrendan bere izena ere bertan jartzeko.