Kazetaria / Periodista

Trumpen xantaiaren ostean, Petrok deportazioak onartu ditu

Kanporatutako kolonbiarrak zekartzan hegazkin militarrari lur hartzea ukatu ostean, Gustavo Petrok atzera jo zuen, Donald Trumpen mehatxuek bultzatuta. Beste zenbait herrialdetara ere hasi dira deportazio-hegaldiak.

Igandean piztu zen gatazka. Gustavo Petroren Gobernuak ezetz esan zion AEBri. Deportatuak zeramatzaten bi hegazkinak airean ziren, baina Bogotak bere eremua ukatu zien. Donald Trump sutu egin zen. Mafiaburu batena zirudien marradun traje bat jantzita zeraman bere argazkia jarri zuen sare sozialetan «FAFO» mehatxuarekin («segi izorratzen eta ikusiko duk»). Ordura artekoetatik desberdina zen mehatxua. Muga-zergetarako sekula erabili ez den 1977ko nazioarteko larrialdietarako lege bat aipatu zuen, %25eko zerga ezartzeko Kolonbiako produktuei, eta astebetean %50era igoko zuela ohartarazi zion.

Trumpen ezjakintasunaren seinale, herrialdeari «Columbia» deitu zion, ingelesez ere o-rekin idazten den arren.

Gustavo Petro ez zen berehalakoan kikildu. Duintasunez, erantzun antiinperialista luzea idatzi zion Kolonbiako presidenteak Estatu Batuetakoari. Handik ordu batzuetara, gauzak baretu ziren, atzeko kanalek funtzionatu zuten, eta Washingtonen esanari baietz esan zion Bogotak. Presidentearen hegazkina deportatuen bila bidali zuten bueltan atzo.

Kolonbia AEBren laugarren petrolio-hornitzailea da; kafearen %20 ere bertatik dator, eta loreen bi heren. San Valentin bezperetan, bi aldeetan egongo litzateke kaltea.

Bogotak esan du «itzulera duina» adostu duela AEBrekin. «Kolonbiako Gobernuak, Gustavo Petro presidentearen gidaritzapean, Presidentetzaren hegazkinak eskuragarri jarri ditu deportazio-hegaldietan herrialdera iritsiko diren herrikideen itzulera duina errazteko. Inola ere ez die Kolonbiako lurraldera sarrera ukatu edo ukatuko kolonbiarrei», dio oharrak. AEBk, berriz, Kolonbiak baldintzarik gabe atzera egin duela dio. Luis Gilberto Murillo Kolonbiako Atzerri ministroa Washingtonera bidaiatzekotan da. Iaz, deportazio gehien hartu zituen Hego Amerikako herrialdea izan zen Kolonbia, hiru egunik behin izan zen hegaldi bat Estatu Batuetatik. Atzo Bogotan bisa egiteko hitzorduak bertan behera geratu ziren.

HEGAZKIN MILITARRAK

Joan den astean iragarri zuen Etxe Zuriak hegazkin militarrak erabiliko zituela deportazioetarako. Aurre egin zion lehen herrialdea ez zen Kolonbia izan, Mexiko baizik. Ostiralean bertan Arizona eta Texastik abiatutako bi hegazkinek itzuli handia egin zuten, Mexikoko aire-eremutik ez igarotzeko. Itsaso gainetik Costa Rica ingurura iritsi ostean, iparrerantz jo zuten Guatemalan lur hartzeko. Hirugarren Airforce C-17 militarra ere prest zegoen Mexikora joateko, baina ez zen aireratu ere egin.

Kontuak kontu, lehengo astean Mexiko eta Guatemalara mila lagun inguru kanporatu zituzten dozena erdi hegalditan, eta beste bi hegazkin iritsi ziren Hondurasera. Xiomara Castro bertako presidentea Celac Latinoamerika eta Karibeko Estatuen Erkidegoko egungo presidenteak bilera berezia deitu du ostegunerako.

Brasil ere kexu agertu da asteburuan Hego Amerikako herrialdera egindako deportazio-hegaldiagatik. Hegazkinean zihoazen 88 deportatuei tratu iraingarria ematea leporatu dio Washingtoni, hegaldi osoan eskuburdinak jarrita izan zituztelako. AEBko Gobernuak dio ohikoa dela hori eta, eskuburdinez gain, kateak ere jarri izan dituztela «deportatuen, segurtasuneko arduradunen eta tripulazioaren segurtasunerako».

Bestetik, Trumpek Nayib Bukele El Salvadorreko presidentearekin hitz egin du asteburuan. Aspaldikoa dute biek sintonia. Orain, AEBk bere deportazio-hegaldien eskeman sartu nahi du El Salvador. Ez salvadortarrak kanporatzeko soilik, baita herrialde horrek beste herrialde batzuetako deportatuak har ditzan ere, krimen antolatuaren kide direlakoan. Erdialdeko Amerikako herrialdean egin beharko lukete asilo-eskaera, eta ez Estatu Batuetan.

OHIKO PRAKTIKAK

Azken egunotako mugimenduei begira pentsa liteke Trumpen Gobernuak deportazioak azkartu dituela. Aurreko Exekutiboak ere indartsu zeraman politika da, horratik. Joe Bidenen agintaldiko azken urtean 270.000 lagun kanporatu zituzten (eguneko 740).

Beste herrialde batzuekin deportazioak konplikatuagoak dira. Kubatarren kasuan, adibidez, enbargoa ahalbidetzen duen legeak babesa ematen die urtebete herrialdean daramaten kubatarrei AEBn bizitzeko. Gainera, Kubak berak ere ez ditu onartzen deportazio-hegaldiak gehienetan. Horregatik, immigrazio-abokatuek uste dute ICEko poliziek ez dutela berariaz kubatar etorkinen aurka joko.

Asiloa eskatu duten nikaraguar eta venezuelarrak ere seguru samar daude, haien eskaerak tramitatzeko urteak behar izaten baitira. Halakorik eskatu ez dutenak, aldiz, arrisku handiagoan izan litezke. Joe Bidenen Gobernuak immigratzeko programa bereziak baimendu zituen hiru herrialde horietako biztanleentzat, baita ukrainarrentzat ere. Donald Trumpek gehienak bertan behera utzi ditu.

Leslie Voltaire Haitiko kontseilu presidentzialeko buruak esan du katastrofikoa izango dela haitiarrak deportatzen badituzte. Marleine Bastien Miami Dade-ko giza eskubideen arduraduna ere bat dator: «Orain ez da nahasmenean dagoen herrialde batera bidaltzeko unea. Haurrak eskolan dituzten familiak dira, gure gizarteko alde guztietan lanean ari diren profesionalak, zergak ordaintzen dituzte eta ekarpena egiten dute. Haitira bidaltzeak arrisku larrian jarriko du euren bizia eta euren umeena».

Latinoamerikatik kanpo, India da etorkinen deportazioekin bereziki kezkatuta dagoen herrialde bat. AEBk gero eta indiar biztanle gehiago ditu; besteak beste, sektore teknologikoan ematen diren H-1B bisen ia hiru laurden herrialde horretako biztanleentzat direlako. Baina legez kanpo AEBn dauden pertsona-kopuruan ere hirugarren herrialdea da India, Mexikoren eta El Salvadorren ostean. Narendra Modik harreman onak ditu Trumpekin eta aurrerantzean ere hala izateko asmoz, Washingtonen Gobernu berria dagoen une honetan elkarrekin lan egiteko prestasuna agertu du. Harreman pertsonalagatik, batetik, baina baita presidente berriak aipatutako muga-zergek sekulako kaltea egingo lioketelako Asiako herrialdeari.

Indiako Exekutiboak dio estu ari direla AEBko agintariekin lanean. Atzerri Ministerioaren arabera, «migrazioan eta mugikortasunean Indiak eta AEBk daukaten elkarlanaren baitan, bi aldeek daukate konpromisoa legez kanpoko migrazioa geldiarazteko. Indiatik AEBra legezko migrazioari bide gehiago irekitzeko egiten da hau». Arazoa da, baina, 18.000 lagun zenbatu dituztela legezko agiririk gabe Estatu Batuetan bizitzen. Datu erreala berriz, hori 40 aldiz izan liteke, 725.000 inguru.

ATXILOKETAK ETA OPERAZIOAK

Azken egunetan, ICEren (mugako polizia) operazioak izan dira AEBko zenbait hiritan, hala nola Denverren, Filadelfian, Atlantan, Bostonen, Miamin, Buffalon, Chicagon eta Newarken. New Jerseyko hiri horretan, New York parean, itsaskiak banatzeko gune batera jo zuten ICEko agenteek eta, gutxienez hiru lagun atxilotzeaz gain, armadako beterano bat ere galdekatzeak haserre handia piztu du. Beste lurralde batzuetan ere badira operazioak. Puerto Ricon, esaterako, dominikar etorkinak atxilotu dituzte asteburuan Santurce udalerrian, San Juan hiriburuaren inguru metropolitarrean.

Operazio horiekin lotuta, Tom Homan polizia ohi eta Trumpek «mugako tsar» izendatutako pertsonak ABC telebistan emandako elkarrizketa batean defendatu zuen ikastetxeetan operazioak egitea. Trumpen Gobernuak baimena eman die orain arte galarazita zeukaten lekuetan migratzaileen bila sartzeko, hala nola eskoletan, ospitaleetan eta elizetan. «Zer gaizkile ezkutatzen dira eskoletan? Lehen hezkuntzan, edo ertainean (14 urte arte), horietan ere sartuko al zara?», galdetu zion aurkezleak. Homanek erantzun zuen planifikatu egiten dutela non egin atxiloketak. «MS-13-ko zenbatek dituzte 14 eta 17 urte artean? Euretako askok», erantzun zuen. MS-13 El Salvadorren sortutako Mara Salvatrucha banda da. Homanek ez zuen erantzun nahi izan zein zentzu zeukan haur txikiagoak dauden ikastetxeetan operazioak egiteak.

Tom Homan Chicagon izan da egunotan, Emil Bove fiskalorde nagusiarekin batera, operazioak ikuskatzeko. Igandean bakarrik Estatu Batuetan 956 lagun atxilotu zituztela esan zuen. Atzo bakarrik ICEko hamar bat talde ari ziren Chicagon operazioak egiten.