
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan urtarrilean eta otsailean zehar deituriko 12 greba egunen baitan, lau Haurreskolak Partzuegoari dagozkio. Atzo egin zuten lehen lanuztea, %85etik gorako parte-hartzearekin, eta gaur bigarren eguna egin dute, emaitza berdinarekin, sindikatuen arabera. Lakuako Gobernuak %48,96ra murriztu du jarraipena.
LAB, Steilas eta ELAk deitutako grebarekin batera, Eibarren manifestazioa egin zuten atzo eta gaur elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizko Hezkuntza ordezkarietan.
Sindikatuek salatu dutenez, Lakuak «ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak direla-eta, hamarnaka haur hezitzaileri greba eskubidea ukatu zaie; batez ere haurreskola txikietakoei eta, ondorioz, greba bera baldintzatua geratzen da».
Grebaren bidez Haurreskolak Partzuergoaren lan hitzarmena 16 urtetan ez dela eguneratu agerian utzi nahi dute. «Lan zamak arintzea, gazteberritze plana adostea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela argi adierazi dugu», aipatu dute.
Aldarrikapen horiei erantzuna emateko borondaterik ikusi ezean, grebekin jarraitzeko indarra dutela adierazi dute. Hurrengo lanuzteak otsailaren 12 eta 13rako daude deituak. «Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu, baliabidez hornitu eta lan baldintzak hobetzea», aldarrikatu dute.
‘Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!’ lelopean, grebak «arrakastatsuak» izan direla nabarmendu dute deitzaileek. Izan ere, haurreskola batzuetan langileek greba %100ean babestu dute.
Ostegun eta ostiralean, urtarrilak 30 eta 31, Hezkuntza saileko sukalde eta garbiketa kolektiboetako langileak daude grebara deituta.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
