Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Boulderreko Euskadiko Txapelketa ikusgarria eta bikaina izan da

Euskadiko Mendizale Federazioak antolatutako hitzordua Donostiako The Factory rokodromoan jokatu da. Denera, 190 eskalatzailek parte hartu dute. Maddi Agirrek eta Joanes Espartak irabazi dute nagusien kategorian.

Boulderreko Euskadiko Txapelketan lehia estuak ikusi ziren.
Boulderreko Euskadiko Txapelketan lehia estuak ikusi ziren. (THE FACTORY BOULDER)

Hil honen hastapenarekin, eskaladako lehiak indartsu hasi dira lehen urratsak egiten. Hitzordu goiztiarrena jokatu berri da: Boulderreko Euskadiko Txapelketa. Euskal Mendizale Federazioaren proba ofizialaren egoitza Donostiako The Factory rokodromoa izan da.

Boulderreko proba garrantzitsu hau alde guztietatik begiratzen badugu, lasai asko baiezta genezake biribila izan zela. Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, antolatzaileek ez dute kexarik; izan ere, 190 eskalatzaile nor baino nor aritu ziren. Nagusien edo seniorren kategoriak, adibidez, 60 lehiakide izan zituen. Eta jubenilen maila ezberdinetan 130 eskalatzaile bertaratu ziren Donostiara.

Antolaketa bikainari lotuta gehitu behar dugu ekipatzaileek lan ederra egin zutela. Eneko Carretero eta Iker Arroitajauregi talde horren buru izan ziren; hauek laguntza egokia izan zuten rokodromoko ekipatzaileen partetik. Izaera horretako lehietan gertatzen den bezala, talde horrek ez zuen lan samurrik izan. Kategoria ezberdinetarako makina bat proposamen prestatu zituzten, eta, oro har, ez zuten hutsik egin. Estilo ezberdinetako boulderrak ziren; hitzordu nagusi baterako oso egokiak. Hortaz, ekipatzaileek maila eman zuten.

30 bloke antolatu zituzten sailkapen txandarako, eta horietako hamar onenek puntuatzen zuten. Txingurriak balira goizeko fase horretan lehiakideek aukera ederra izan zuten bloke ugari probatzeko, estutzeko eta finalerako puntuak batzeko. Antolatzaileek sei postu «gorde» zituzten finalistentzako.

Lehia estuak

Goizeko sailkapenen ostean, Boulderreko Euskadiko Txapelketarako finalera sailkatu zirenek ordu batzuk izan zituzten atseden hartzeko eta indarrak berreskuratzeko. Arratsaldeko giroa ezberdina izan zen. Finalisten jardunak ikustera ikusle ugari bertaratu zen. Animoekin ondo babestu zituzten, eta horren «ordainez» eskalatzaileek final estuak eta bikainak eskaini zituzten.

Oro har, ez zen ezusteko berezirik izan. Beste hitzordu ofizialetan lehiatzen direnek, batez ere EMF-ren selekziokoek, maila oso ona eman zuten eta horietako asko podiumetan ikusi genituen.

Seniorren kategorian, Maddi Agirrek eta Joanes Espartak txapelak jantzi zituzten. Asier Antunez eta Elur Arteaga bigarren postuan sailkatu ziren, eta Intza Elizalde eta Iñaki Arantzamendi hirugarrenean. Beteranoen mailan, berriz, Cristina Gonzalez (finalista bakarra) eta Eneka Guenetxea nagusitu ziren. Kosme Aldazabal eta Txema Senra ere podiumera igo ziren.

14 urtez azpikoen kategorian, Maddi Mendiburuk eta Markel Kortak irabazi zuten. Bigarrenak: Izar Martin eta Asier Intxaurbe. Eta hirugarrenak: Olaia Sagasti eta Lur Guenetxea. Sofia Hernandezek eta Eñaut Usonek sasoi eta eraginkortasun handia erakutsi zuten, eta 16 urtez azpikoetan haientzat izan ziren garaipenak. Elene Oterminek eta Lier Perezek bigarren postuak sinatu zituzten, eta Emma Hernandezek eta Miguel Diazek hirugarrenak.

Beste kategorietan bezala, 18 urtez azpikoen mailan ere final estuak izan ziren. Udane Mugika eta Gari Markuerkiaga gailendu ziren. Ines Allende eta Amets Unamuno zilarrarekin egin ziren, eta Libe Castillo eta Haritz Urkiola brontzearekin.