Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Nagore Alkorta
Azpeitiko alkatea

«Kanona ez da helburua, etxe hutsak mugitzeko neurri bat baizik»

Azpeitiko Udalak esku artean dituen datuen arabera, 563 etxe huts daude Azpeitian eta alokatzeko 553 eskaera daude Etxebiden. Irtenbidea eman nahian, etxe hutsak alokairura bideratzeko plana aurkeztu zuen Nagore Alkorta alkateak (Azpetitia, 1978).

Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea.
Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Etxebizitza hutsen kanona dela-eta fokuan dago Azpeitia, baina 2021ean jada Plan Estrategikoa martxan jarri zenuten.

Plan Estrategikoa udalerri mailakoa zen, baina etxebizitzarekin zeuden kezkak ikusita, beharrezkoa iruditu zitzaigun etxebizitzaren inguruko plan zehatz bat egitea. Azterketa bat egin zen, zeinean argi ikusten zen herritarren kolektibo zaurgarrienek, gazteek, guraso bakarreko familiek… zailtasun asko zituztela etxebizitza bat eskuratzeko. Azpeitiar gazteek, esaterako, argi esaten zuten Azpeitian bizi nahi zutela, eskaria oso handia zen eta eskaintza oso txikia. Kontuan izan behar dugu eskuduntza joko bat badagoela hor, eta guk erabaki genuen udaletxetik dauzkagun eskuduntza eta baliabideen baitan martxan hastea. Egin genuen planaren helburuetako bat etxebizitza hutsak mobilizatzeko plana zen.

Lehenengoak izango zarete kanonarena martxan jartzen.

Ez dakigu kanona aplikatzen lehenak izango garen; etxebizitza hutsak mobilizatzeko plana jarri dugu martxan, horretarako tresna legal bat dugu: kanona. Baina kanona aplikatzera iritsi aurretik, beharrezko lanak egitea da asmoa; gure ardura da mekanismoak eskaintzea etxebizitza hutsak mugitzeko, izan Bizigune programan, alokairu pribatuan edo salmentan.

Guzti honen oinarrizko legea 2015eko Etxebizitza Legea da; 2015ean jada aurreikusten zen etxe hutsak mobilizatzeko neurri gisa aplikatu zitekeela kanona. Egia da sei urte beranduago garatu dela gai honen araubidea, eta ondoren etxebizitza hutsak mugitzeko neurri hau hartu dugu. Guk uste dugu kanona ez dela emaitza, baizik eta mekanismo bat benetan guk nahi duguna lortzeko: etxebizitza hutsak mobilizatzea.

Etxebizitza Bulegora etortzeko esaten dugu guk, eta bertan erabakiko da denon artean zein alternatiba dauden. Astebete igaro da plana aurkeztu genuenetik, eta sumatu dira mugimenduak: prentsaurrekoa eman genuen egunean Azpeitian ez zegoen etxebizitzarik alokairuan, hiru egun beranduago lau etxebizitza zeuden; higiezin-enpresek ere mugimendua sumatu dutela esan digute. Gure kasuan, lau egunean 30 etxejabe jarri dira gurekin harremanetan, nahiz eta gutunik ez jaso. Hasiera ona izan dugu, eta espero dugu emaitza onak izatea. Beldur asko zeuden, baina arazoa hain handia izanda ausartak izan behar dugu eta bazen garaia hasteko. Seguru nago behin udaletxe bat hasita, gehiago joango direla atzetik.

«Zer lehenesten dugu herri batean, bizi proiektuak balioestea edo etxe hutsak atxikitzen jarraitzea? Guk argi dugu»

Beldurrek zurrumurruei bide eman ohi diete.

Jabe bakoitzaren ezaugarri zehatzak ikertuko ditugu. Komunikabide batzuetan esan da hilabeteko epea ematen dugula alokairuan jartzeko eta hori ez da egia. Guk gutunean esaten dugu hilabeteko epea dutela Etxebizitza Bulegora gerturatzeko; lehen zita emango zaie eta egoera aztertzen hasiko dira. Gure asmoa ez da automatikoki kanona aplikatzen hastea; kanona mekanismo legal bat da bide ematen duena etxebizitza hutsak mobilizatzen hasteko.

Hau ez da zigor baten inposizioa, baizik eta kontziente izatea arazo bat dugula, eta etxebizitzak atxikitzen jarraitzen badugu bizi proiektuak galarazten ditugula. Argi izan behar dugu herri batean zer lehenesten dugun: bizi proiektuak balioesten ditugu edo etxe hutsak atxikitzen jarraitzen dugu? Balantza horretan, etxejabeek jarrai dezakete etxebizitzak atxikitzen, baina Udal Gobernutik argi dugu egoera horren aurrean zer lehenesten dugun.

Andoni CANELLADA | FOKU
Andoni CANELLADA | FOKU

Etxebizitza ez da merkatuko edozein ondasun; etxebizitza horrek bizi proiektu bat baldintzatzen du, dimentsio soziala du eta etxebizitzarik ezean ez duzu beste eskubideetarako sarbiderik. Etxebizitza baten baitan, errolda baten baitan jasotzen duzu osasun sistema baterako sarbidea, hezkuntzarakoa, beste laguntzetarakoa… Etxe bat atxikitzen baduzu, zenbat pertsonari ez diezu uzten beren proiektua garatzen? Horren inguruan pentsaraztea ere bada helburua. Etxebizitzaren gaia konponduta ez badago ez dugu gizarte kohesiorik lortuko. Etxebizitza ez da merkataritza trafikoko produktu soil bat, baizik eta gure bizi proiektua baldintzatzen duen eskubide bat. Etxebizitzarako eskubidea eskubide subjektibo bat da; 2015eko Legeak onartzen du ‘etxebizitza batez gozatzeko eskubidea’, eta botere publikoetan gaudenoi dagokigula horri erantzutea, eta guk uste dugu ez diogula erantzun. Politikan baldin bagaude, eta ikusten badugu mekanismo legalak ditugula, agian ez da neurri populistena, baina gu horretarako gaude.

Nolako harrera izan duzue?

Batzuek esaten zidaten jabe batzuk haserretuko zirela, baina beste zenbat herritar haserretuko dira ez dugulako ezer egin etxe hutsak ditugunean? Zeinen haserreak balio du? Nire helburua ez da inor haserretzea, baina ikusten baldin badut kolektibo handi baten arazoari erantzun ahal diodala, egingo dut.

Askok esan digute bazela garaia, eta zergatik ez garen lehenago hasi. Badakigu zenbat eskari dauden eta zenbat etxe huts, eta nik uste dut datu horiek eskuetan izan eta ezer ez egitea ez dela aukera bat. Guretzat garrantzitsuena da zenbat etxe huts mobilizatu ditugun, ez zenbati aplikatu diegun kanona.

Titular batzuek sor dezakete kontrakotasun bat, baina nik uste dut herritarrak behar den bezala informatuz gero, eta alternatibak eskainita, gauzak beren norabidean joango direla. Bakoitzak ikusiko du bere jabetzarekin zer egingo duen; alokairuan ez jartzea erabakitzen badute, kanona aplikatu beharko zaie, baina hori prozesuaren bukaeran eta azken erabakia izango da. Argi izan behar dugu mekanismo hau martxan jartzeak ez duela esan nahi etxeen desjabetzeak abiatuko direnik; egiten duzuna da etxebizitza hori laga sei urterako, eta horren truke diru bat jasoko duzu eta aldi berean zure etxebizitzak egokitzeko laguntzak jasoko dituzu. Eta, gainera, horrez gain, zuk familia bati bere bizi proiektua garatzeko aukera emango diozu.

«Etxebizitzarik ezean, ez duzu beste eskubideetarako sarbiderik. Errolda baten baitan jasotzen da osasun sistemarako edota hezkuntzarako sarbidea»

Zeintzuk dira martxan jarriko diren hurrengo urratsak?

Gure asmoa da etxebizitza horiek merkaturatzea, eta merkaturatzeko baldintza batzuetan egon behar dute. Lehenik eta behin, filtro bat jarri dugu eta etxebizitza berrienen jabe direnei gutunak bidaltzen hasi gara. Gutunean esaten zaie guk ditugun datuen arabera (ur kontsumoa) beren etxea etxe huts gisa kalifikatu daitekeela, baina dagokion prozedura hasi aurretik hilabeteko epea dagoela Etxebizitza Bulegora gerturatzeko, eta ez etxebizitza saltzeko edo alokatzeko hainbat komunikabidetan esan den bezala. Eta Etxebizitza Bulegoan langile bat jarri dugu horretarako; hitzordu horretan jabeak bere kasuistika azalduko du eta alternatiba ezberdinak proposatuko zaizkio, eta denbora utziko zaio jabeari ere pentsatzeko. Erantzuten ez dutenen kasuan prozesu administratibo bat jarriko da martxan eta ikusiko da zein den kasuistika zehatza. Berriro ere gogoratzen dut, hau tresna bat da, bitarteko bat, baina ez da gure helburua.

Etxe bila ari den herritarrak non aurki dezake aukera?

Batetik, merkatu librean, ikusi dugu dagoeneko alokairuan jarri direla etxebizitza batzuk, eta, bestetik, etxebizitza horiek Bizigune programan jartzen direnean, Bizigunek kontuan hartzen dituelako Etxebideko eskaerak.

Babesik jaso duzue beste instituzioren baten partetik?

Lakua bi alderdik gobernatzen dute, eta seguru aski etxebizitza politiken inguruan ez dute lan lerro berdina. Gure kasuan, Etxebizitza Sailarekin hitz egin dugu; Azpeitiak etxebizitza sailarekin urteetan harreman handia izan du, lankidetza hitzarmenak ere baditugu. Eta pentsatzen dugu, gainera, lankidetza baten baitan aritu behar garela. Etxebizitza sailburuak publikoki zoriondu izana garrantzitsua iruditzen zaigu. EAJtik, ordea, ez dugu jaso inolako zorion mezurik. Herritar askoren babesa ere jaso dugu eta ni horrekin geratzen naiz, herritar xumeen babesarekin.