Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nazismoaren 14 biktima arabarren «aitortzarako garaia heldu dela» uste du EH Bilduk

EH Bilduk Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparruetara deportatutako 14 arabarren aitortza egitea proposatu du Batzar Nagusietan. Omenaldi bat, biktimen datuak eguneratzea, dibulgaziorako tresnak sortzea eta ‘Stolpersteine’ proiektu alemanarekin bat egitea eskatu du.

Auschwitzeko kontzentrazio esparrua.
Auschwitzeko kontzentrazio esparrua. (Ingo MEHLING | Wikimedia Commons)

Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako 14 arabarren memoria aitortzeko, zabaltzeko eta omentzeko ekimena aurkeztu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta biktimen jatorrizko sei udalerrietan.

Astearte honetan Eva Lopez de Arroyabe eta Xabier Valdor batzarkideek eskainitako prensaurreko batean azaldu dute proposamena. Besteak beste, ekimenak datorren maiatzaren 6aren inguruan omenaldi ekitaldi bat egitea aurreikusten du, kontzentrazio esparruetara deportatutako azken euskal taldearen liberazioaren 80. urteurrenarekin bat eginez.

Eva Lopez de Arroyabe eta Xabier Valdor astearte honetan eskainitako prentsaurrekoan. (Raul BOGAJO / FOKU)

«80 urte geroago uste dugu Arabak omenaldia egin behar diela altxamendu frankistaren eta ondorengo diktaduraren aurka borroka egin zuten, ihes egin zuten eta muga zeharkatu ondoren Hirugarren Reichak ezarritako terrorearen diktadurarekin topo egin zuten pertsona antifaxistei», adierazi du Lopez de Arroyabek.

Azaldu dutenez, Lakuaren Gogora Institutuak 2020an eskatutako txosten baten arabera, biktimetatik sei Gasteizkoak ziren, bi Bastidakoak eta gainerakoak Lantaron, Guardia, Kanpezu eta Oiongoak. Hala ere, txostenak «hankamotzak» direla deitoratu dute EH Bildutik, guztiz osatuta ez daudelako eta informazioa eguneratu gabe dagoelako.

Lau proposamen

Beraz, maiatzeko omenaldiaz gain, Valdorrek azaldu du beste hiru proposamen aurkeztu dituztela. Batetik, Lakuako Gobernuak txostenaren datuak eguneratu ditzala eskatu dute; bestetik, «ezjakintasunaren aurka» Foru Aldundiak dibulgaziorako tresnak eta material didaktikoa sortu ditzala, eta, azkenik, ‘Stolpersteine’ proiektu alemanarekin bat egitea.

Biktima izan diren pertsonen datuekin eskuz idatzitako zementuzko bloke txiki bat instalatzean datzan artista aleman batek egindako proiektua da hau. Dagoeneko 20 herrialdetan zabaldu da eta Europan 65.000 harri baino gehiago daude.

«Haize erreakzionarioak dabiltza Europan, eta haien aurka borrokatzeko modurik onena nazionalsozialismoa boterera iristeak ekarri zuen ahanzturan ez erortzea dela uste dugu», argudiatu du Lopez de Arroyabek. «Bere historia ahazten duen herri bat historia errepikatzera kondenatuta dagoelako. Izan ere, kontzentrazio esparru horietara deportatuta amaitu zutenek ez zuten baten aurka egin, bi diktaduraren aurka baizik», gaineratu du.