NAIZ

UAE Tourra, lehen WorldTourreko proba Laboral-Kutxa Euskadi taldearentzat 2025ean

Talde moreak bikoiztu egingo du igandean Vuelta CV Feminas (1.Pro) lehiatuta. Beraz, taldeko 14 txirrindularietatik 12k zenbakia jarriko dute bizkarrean aste honetan. Gizonezkoen Euskaltel-Euskadi, Caja Rural, Kern Pharma eta Movistar Valentzian arituko dira asteazkenetik igandera bitartean.

Naia Amondarain, Mallorcan lehiatzen.
Naia Amondarain, Mallorcan lehiatzen. (SPRINT CYCLING)

Laboral Kutxa-Euskadi taldeak Women's WorldTourreko bere lehen lasterketa lehiatuko du aste honetan, lau etapa izango dituen UAE Tour Women itzulia, Arabiar Emirerri Batuetan, ostegunetik igandera bitartean. Talde moreak bikoiztu egingo du igandean Vuelta CV Feminas (1.Pro) lehiatuta. Beraz, taldeko 14 txirrindularietatik 12k zenbakia jarriko dute bizkarrean aste honetan.

Alice Arzuffi, Yuliia Biriukova, Debora Silvestri, Alba Teruel, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi dira UAE Tourra lehiatuko diren sei txirrindulariak, Peio Goikoetxearen zuzendaritzapean. Guztira, 20 taldek parte hartuko dute, WorldTourreko hamabik eta sei ProTeam mailakoek. Etapak 13.30 inguruan (Euskal Herriko ordutegian) amaituko dira egunero. Eurosportek zuzenean eskainiko ditu azken kilometroak. Arzuffi, Biriukova eta Silvestri izango dira sailkapen nagusirako aukerak, eta Teruel, Tonetti eta Tomasi taldekideek euren aukerak bilatuko dituzte etapa lauetan.

Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi taldeko kirol arduradunak adierazi duenez, «datorren asteko lasterketei begira helburuak Mallorcako dinamika onari jarraitzea izango dira hein handi batean. Ikusi dugu taldea ondo prestatu duela aurreneko zati hau eta hasiera polita eman diogula denboraldiari hiru top10 lortuz 3 txirrindulari desberdinekin; gure taldearen maila islatzen du horrek».

Honekin batera, kirol arduradunak honakoa gehitu du: «Saiatuko gara, beraz, top10ak lehiatzen, saioetan eta sailkapen nagusian. Bestalde, Volta CV egun bateko klasikoa da eta Arianna eta Cata izango dira gure aukerak; azken finean, esprintean bukatzera deituta dagoen lasterketa bat da, eta, beraz, bi aukera horiek jokatzeko asmoa dugu. Lehen hamarren artean sailkatzea ere espero dugu, UCIko puntuak batzeko asmoarekin».

Valentzian, lau euskal talde

Asteazkenetik igandera bitartean lehen UCI ProSeries lasterketa den gizonezkoen Valentziako Erkidegoko Volta lehiatuko da, eta bertan lau euskal talde arituko dira: WorldTourreko Movistar, eta UCI Pro Teameko Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma.

Jon Agirre, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Marton Dina, Xabier Isasa, Txomin Juaristi eta Jokin Murguialday dira Euskaltel Euskadirekin lehiatuko diren zazpi txirrindulariak, Ruben Perezen eta Pablo Urtasunen zuzendaritzapean. Guztira, 22 taldek hartuko dute parte, WorldTourreko bederatzik, hamar ProTeam mailakoek eta hiru kontinentalek. Arratsaldeko 16.30-17.00ak bitartean helmugaratuko dira egunero. Proba zuzenean jarraitu ahal izango da Eurosport eta RTVE telebista kateen bidez.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol managerraren hitzetan, «batez ere, Valentziako Erkidegoko Voltara goaz etapa menditsuenei aurre egiteko gure igotzaile multzoarekin. Bizkarrarekin, Agirrerekin eta Dinarekin saio horietan dena ematea da asmoa. Mailaz jabetu behar dugu, WorldTourreko talde askorekin, eta etapa gogorrenetan maila ona erakustea da xedea, ahalik eta sailkapen nagusi onena lortzeko».

Honez gain, «geure burua azaldu nahi dugu errepidean eta irudi lehiakorra ematen saiatuko gara. Gure onena ez den taldekako erlojupeko batek irekiko du itzulia, baina ahalik eta ondoen egiten eta gainditzen saiatuko gara. Azken etapari begira, Aberasturi hutsunea izan dugu, arazo fisiko batzuengatik», azpimarratu du.

Valentzian izango da baita ere Caja Rural talde nafarra. Palma sarian garaipena eskuratuta iritsiko dira, gainera. Bertan, Iuri Leitaok irabazi zuen. Berarekin batera, Joan Bou, Jaume Guardeño, Tyler Stites, Jakub Otruba, Alex Molenaar eta Sebastian Berwick txirrindulariak arituko dira Valentzian.

Kern Pharmak txirrindulari hauekin dator: Ivan Cobo, Iñigo Elosegui, Miguel Angel Fernandez, Unai Iribar, Jose Felix Parra, Ivan Ramiro Sosa eta Diego Uriarte.

Eta, azkenik, Movistarrek Ivan Romero, Pablo Castrillo, Jefferson Cepeda, Lorenzo Milesi, Will Barta, Nelson Oliveira eta Jorge Arcas eramago ditu.

Pello Bilbaorekin

Valentzian bertan, Bahrain taldeko Pello Bilbao gernikarrak hartuko du parte. Bizkaitarra iazko txapeldun Brandon McNultyri lehia emateko abiatuko da bertara. Santiago Buitrago kolonbiarrak eta Aleksandr Vlasov errusiarrak, iazko bigarren eta hirugarrenek, gauza bera nahiko dute.

Bestalde, Jonathan Milan eta Kaden Groves esprinterren arteko lehia ikustekoa izango da ere.