
Egun Nafarroako eta Iruñerriko eskoletan dagoen arrazakeri estrukturalari buruzko gogoeta egiteko eta gainditzeko ekimena jarri dute martxan Sortzenek, Sos Arrazakeriak eta eskualdeko D ereduko eskola publiko desberdinek.
«Nafarroan eta Iruñerrian diru publikoarekin finantzutako hezkuntzako bi sare izateak (publiko eta itundua) ikasleen segregazioa handitzen duela jakina da, urteroko matrikulazio datuek hala adierazten dutelako. Honek ikastetxeen guetizazioa eragiten du sare publikoaren barnean. Baina sare publikoaren bertan ere segregazioa agerikoa da, gaur egun D eredua ez baita oraindik gure auzoen eta hiriaren errealitatearen isla», azaldu dute Sortzengo Martin Zirizak eta SOS Arrazakeriko Beatriz Villahizanek.
Gauzak horrela, ekimena bultzatu duten taldeek urteak daramatzate «ikuspegi antiarrazista eskola publiko euskaldunean txertatzeko lanean. Irmoki sinisten dugu dibertsitatea hezkuntzaren erdigunean kokatuko duen eredu publikoan, ikasgela barruan nahiz kanpoan. Denok sar gaitezkeen D eredu publikoan sinisten dugu».
Izan ere, azaldu dutenez kanpotik etorritakoak A eta G ereduetara zuzentzen dituzte gehienbat.
Eskubidea ez da bermatzen
«Hezkuntza sistema honek hezkuntza, eskubide bat izan behar dena, gizartean existitzen diren desoreken birproduzio bihurtzen du. Alde batetik, jatorriaren arabera batzuen etorkizuna baldintzatuz eta bestetik diglosia egoera honetan euskara are gehiago txokoratuz», nabarmendu dute.
Benetan parekidea eta inklusiboa izango den eskola baten alde egin dute, «bakoitzaren jatorria kontuan hartu gabe». Horretarako, informazio guztia denontzat irisgarria izatea aldarrikatu dute.
«Hau ez da bakarrik aurrematrikulazio kanpainen bidez egiten, pauso gehiago ematera behartzen du, egiturazko aldaketa eta benetako konpromezuak exijituz. Jakina da Hezkuntza Departamenduak herritar orok euskaraz ikasteko dugun eskubidearen berri emateko ez duela kanpaina espezifikorik egiten. Argi dago oraindik eskola irekiago bat sortzeko berebiziko garrantziaz ez direla konziente, existitzen diren arrakalak birproduzitzeari utziz eta guetifikazioak ekidituz, ondorio hauek islatzen baitituzte jatorri eta ereduen araberako matrikulazio ehunekoek», adierazi dute.
Pareta euskarara heltzeko
Gauzak horrela, jatorri migranteko haurrek euskarara heltzeko pareta bat aurrean topatzen dutela salatu dute.
Testuinguru honetan kanpaina honen lehen urratsa heldu den larunbatean, hilak 8, Alde Zaharreko Piparrika plazan jaia antolatu dute ‘Denon eskola, guztiondako euskara’ lelopean. «Egiturazko arrazakeria plazaratu nahi dugu eta eskolaren bidez hori erantzuna eman nahi diogu. Gure auzoetako bizilagun guztiei gure hizkuntza kuttuna ikasteko aukera zabaldu nahi diegu, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuz», azaldu dute.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
