Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskal Herriko etxeko langile egoiliar gehienek astean 60 ordutik gora egiten dute lan

Etxeko Langileen Elkarteak sektoreari buruzko iazko estatistikak argitaratu ditu eta azaleratu du etxeko langile egoiliar gehienek egiten dutela lan legez kanpoko baldintzetan. Erakunde publikoei egoera hori baimentzea leporatu diete, bestela «bideraezina» litzatekeen zaintza sistema sostengatzeko.

Isabel Otxoa eta Lorea Ureta, agerraldian.
Isabel Otxoa eta Lorea Ureta, agerraldian. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Euskal Herriko etxeko langile egoiliarren ia %70ak astean 60 ordutik gora egiten du lan, Etxeko Langileen Elkarteak plazaratutako datuen arabera. Urtero egin ohi duten legez, aurten ere iaz elkartean artatu zituzten langileen inguruko estatistikak argitaratu dituzte, baita egoeraren analisia egin ere, Bilboko Yohn jauregian egin duten prentsaurrekoan. Besteak beste, jakitera eman dute etxeko langile egoiliarren gehiengoak legez kanpoko baldintzetan egiten duela lan eta erakunde publikoei leporatu diete gehiegikeriok baimentzea, bestela «bideraezina» litzatekeen zaintza sistema sostengatzeko. Etxeko langileen inguruko araudia bete dadila eskatu dute agerraldian.

«Arazo ikaragarria dago mendekotasunaren alorrean eta zaintza lana familietako emakumeek eta etxeko langileek hartzen dute haien gain», azpimarratu du Isabel Otxoak elkartearen izenean. Bizkaiko egoera jarri du adibide gisa. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 3.300 euro ingurutan ordaintzen du zahar-etxeetan itundutako toki bakoitza eta egoiliarrek 2.900 euro ordaintzen dituzte, aurrezkiak dituzten bitartean. Aldiz, etxeko langile egoiliar bat kontratatzea 1.700 euro inguru kostatzen zaie, gizarte segurantza barne. Otxoak mahai gainean jarritako datuen agerian utzi dute gehiegikeriak gertatzen jarraitzearen arrazoia.

Plazaratutako datuen arabera, etxeko langile egoiliar ia guztiak dira emakume migranteak, hots, %99,33. Gainera, %25,93 egoera irregularrean zeuden. Txostenean jasotako datuek agerian utzi dute egoera irregularrean dauden eta, beraz, kontraturik gabe lanean ari diren langileek gehiegikeria gehiago pairatzen dituztela, kontratatzaileak «baldintza bidegabeak ezartzeko ahalmen handiagoa» duelako egoera horretan.

Izan ere, asteko 60 orduan dago legezko muga ezarria, baina egoera irregularrean dauden emakumeen % 78,79k denbora luzeagoz egiten dute lan, hau da, datu globalekin 8 bat puntuko aldea dago. Gainera, opor egunak ordaintzen ez dizkieten langile proportzioa altuagoa da, ia 40 puntutan, egoera irregularrean daudenen eta ez daudenen artean alderaketa eginez gero. Horrez gain, astean zehar soilik lan egiten duten langile egoiliar ia guztiek ez dute lanorduei dagokion ordainsaria jasotzen eta soldatari dagozkion gehiegikeriak are larriagoak dira egoera erregularrean dauden langileen kasuan.

Halaber, ATH-ELEk argitaratutako datuek jakitera eman dute Lan Ikuskaritzak ez dituela bitartekari gisa jarduten duten agentziak kontrolatzen eta, ondorioz, iruzur masiboak pairatzen dituztela langileek. Horrez gain, Osakidetzari leporatu diete giharretako eta hezurretako lesioak lan istriputzat ez hartzea eta SEPEri etxeko langileak diskriminatzea. Alta, Estatu mailako enplegu agentziak 2022ko urriaren 1etik aurrera kotizatutakoa baino ez die aitortzen.

Kanpo-erregimeneko langileak, antzera

Antzekoa da egoera kanpo-erregimenean ari direnen langileen artean, baina badaude hainbat berezitasun. Izan ere, % 71,91 dago Gizarte Segurantzan alta emanda, hots, aurreko urtean baino 7 puntu baxuagoa da ehunekoa. Aipatzeko modukoa da, gainera, % 46,49ari eskura ordaintzen diotela.

Egoeraren irakurketa eginda, ardurak eskatzeari ekin diote. Lorea Ureta elkarteko kideak adierazi du epaitegien geldotasuna dela eta, langile askok legezkoak ez diren likidazioak sinatu behar izaten dituztela, ezin dutelako prozesua ebaztearen zain bi urtez egon.

Ildo beretik, kritiko agertu da Lanaldi Murrizketaren aurreproiektuarekin, uste baitute, ez duela kontuan hartzen etxeko langileen errealitatea: «Etxeko lanaren legeak asteko 40 lanordu efektibo eta beste 20 egote lanordu jasotzen ditu eta akordioak ez du behin ere aipatzen “egote-denbora” delakoa; beraz, murrizketa ezerezean geratu daiteke».

Darucama auzia

Estatistiken berri emateaz gain, agerraldia probestu dute Darucama kooperatiba faltsuak bere jarduna eten ez duela salatzeko. Langileei iruzur egiteagatik behin baino gehiagotan zigortu badute ere, SEPEren zerrendatan baimendutako agentzia gisa agertzen da oraindik ere eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzak langileei eurei erreklamatzen dizkie agentzia faltsuak ordaindu gabe utzitako kuotak.

Mahai gainean jarritako datuak eskuan eta arazoaren diagnostikoa eginda, Otxoak zein Uretak legeria errespetatu araztearen garrantzia azpimarratu dute, eta Lan Ikuskaritzari ardura bere gain hartu dezan galdegin diote.