NAIZ

Lazkano, Mieg, Urzay edota Lorenzoren obrak eskuratu dira Bilduma Partekaturako

Jaurlaritzak hamasei artistaren 28 lan erosi ditu Artium, Tabakalera eta Arte Ederren museoaren Bilduma Partekaturako. 2025ean jardunean dauden euskal artisten lanak erosteko finantziazioa 300.000 euroraino handituko dutela ere iragarri dute.

Eskuratutako obren aurkezpena, Artium museoan.
Eskuratutako obren aurkezpena, Artium museoan. (IREKIA)

Bilduma Partekatua proiektuaren esparruan 2024an egindako artelanen erosketen aurkezpena egin dute ostegun honetan Gasteizko Artium Museoan. Bilduma Partekatua 2020an sortu zen Jaurlaritzaren eskutik, Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin lankidetzan, eta urtero jardunean dauden euskal artisten lanak erostea du xede.

Aurkezpenean izan dira Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaArabako diputatu nagusi eta Artium Fundazioaren Patronatuko lehendakari Ramiro Gonzalez, Artium Museoko zuzendari Beatriz Herraez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Donostiako Tabakalerako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal.

Halaber, 2024ko erosketen zerrendako zenbait artista ere izan dira, hala nola Jesus Mari Lazkano, Gabriela Muñagorri, Juan Mieg, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Juan Aizpitarte, Dario Urzay eta Claudia Rebeca Lorenzo.

Azaldu dutenez, erositako lanak pintura, eskultura, bideo, marrazki, collage edo argazkigintzan ari diren jarduneko artistenak dira. Azken edizioan egindako erosketetan zenbait belaunaldi eta ibilbidetako artistak barne hartu dira, eta guztira, 16 artistaren eta artista talde baten 28 lan erosi dira.

Planaren barruan eskuratutako artelanak Artiumen bilduman txertatuko dira, bere ondare funts publikoaren parte gisa, eta Bilduma Partekatua epigrafean katalogatuko.

Aurkezpenean Bengoetxeak iragarri duenez, Jaurlaritzak %50 handituko du aurten jardunean dauden euskal artisten lanak erosteko finantziazioa, 300.000 euroraino. Bere hitzetan, finantzaketaren igoera hori «kulturaren, gure artisten aitortzaren, gure kultura-ondarea ezagutaraztearen eta hainbat eragileren arteko lankidetzaren aldeko apustu argi eta zintzoaren ondorio da».

2020an programa hau abiatu zenetik, 97 egileren 172 lan erosi dira. Artelanen eta artisten aukeraketa ekitaldi bakoitzean antolatzen da, Bilboko Arte Ederren Museoko, Tabakalerako eta Artiumeko arduradunek parte hartzen duten erosketa batzordearen lanean oinarrituta.

Horrela, nabarmendu dutenez, Bilduma Partekatua programak laguntzen du arte garaikideko jardunaren eta hizkuntzen arloan lan egiten duten museoen eta zentroen arteko ekintza koordinatua indartzen.