Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

IDK Euskotrenek eta Ardoik Niyah Becker eta Imani Taten kontratuak eten dituzte

Jokalari biek espero baino emaitza apalagoak lortu dituzte orain arte eta denboraldia amaitzeko falta den zatia beraiek gabe beteko dute orain berdin donostiarrek nola Zizur Nagusiko taldeak ere. Emakumeen Endesa Liga etenaldian dago eta hilaren 13an hasiko dira berriro jokatzen.

Niyah Becker, Oses Construccion Ardoiren aurkako derbian saskiratzearen bila.
Niyah Becker, Oses Construccion Ardoiren aurkako derbian saskiratzearen bila. (Iñigo URIZ | FOKU)

«FIBA Leihoen» garaia kontratuak eten eta fitxaketa berriak egiteko aproposa da, nonbait. Azaroan Gernikatik iritsi ziren albisteak, Taylor Mikesell eta Annika Soltau jokalariek Gernikara ez itzultzea erabaki baitzuten. Otsail honetan, berriz, IDK Euskotren eta Oses Construccion Ardoi taldeetan dira nobedadeak.

Donostiarrei dagokienez, Maria Eraunzetamurgil harrobiko hegalekoa fitxatu du, azken denboraldi eta erdia Valentzia Basketen aritu eta gero. Handik pare bat egunetara, berriz, Niyah Becker hegal-pibotari kontratua eten dio, neurri batean Eraunzetamurgili errotazioan lekua egiteko.

Bestalde, Zizur Nagusiko taldeari dagokionez, Imani Tate eskoltari kontratua etetea erabaki du eta hala adostu du jokalariarekin. Bestela ere lan zaila dauka talde nafarrak Emakumeen Endesa Ligan jarraitzeko eta teorian puntuak sartzeko erreferente beharko zukeena galtzen du erabaki honekin.

Alabaina, talde barruan dakite inon baino hobeto esperotako emaitzarik eman ote duten jokalariek. Erantzunak, kasu bietan, ezezkoa dirudi. Batik bat IDK Euskotreni dagokionez. Aurrez Delicia Washingtoni kontratua eten zion talde gipuzkoarrak –Joventuten ari da orain eta hilaren 13an Josean Gascara itzuliko da talde katalanarekin– eta orain beste hainbeste egitea erabaki du Kanadako hegal-pibotarekin ere.

Ezin konforme egon

Amerikako Estatu Batuetako Wake Forest Unibertsitate ospetsuan formakuntza amaitu ostean Eslovenian jokatu zuen iaz 23 urte atea 1,88 metroko jokalariak. Celje taldean 14,2 puntu eta 6,5 errebote pilatu zituen batez beste, baina Donostian ez du halako mailarik eman. Partidako 17 minutu jokatu ditu eta batez beste 5,8 puntu eta 3,6 errebote lortu ditu. Are okerrago dena, Eslovenian ia %40 asmatzen bazuen hirukoetan, IDK Euskotrenen elastikoarekin %15etik behera asmatu du urrutiko jaurtiketetan. Ondorioz, Claessens eta Masseyk lekua kendu diote; are eta leku gutxiago izateko bidera zeraman Beckerrek Maria Eraunzetamurgil fitxatu ostean. Ondorioz, «kontratua etetea adostu» dute alde biek.

Imani Tate Oses Construccion Ardoi taldeko saskiratzaile onenetakoa izan da, batez beste partidako 10 puntu sartu ditu, Maria Asurmendi antolatzaile iruindarrarekin batera, nafarren kanpoko erreferente izanik, barruan lan hori Tunstull eta Ine Jorisek bere duten bitartean.

Ardoirekin fitxatu aurretik Alcobendas, Leganes, Zaragoza eta Ensinon jokatu izan du Tatek eta puntuak sartzeko erraztasuna beti erakutsi du, beti ere azken postuetan sailkatu izan diren taldeetan, Zaragozan izan ezik. Orotara 16 neurketetan hartu du parte, arazo fisiko zenbait izan dituelarik. Zentzu horretan, Tatek agur esateak asko zailtzen dio maila mantentzeko erronka Ardoiri, baina arazo fisikoak izan eta jaurtiketa asko egin behar dituen jokalari bat mantentzea ere bada nahikoa buruhauste nafarrentzat.

Hilaren 13tik aurrera ikusiko da datorrena, orduan berrekingo du-eta bere bidea Emakumeen Endesa Ligak. Nafarrek Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen duen Gironaren etxean jokatu beharko dute, eta donostiarrek, berriz, Joventut hartuko dute etxean. Lointek Gernika Bizkaiak, aldiz, Celtaren etxean irabazteko moduko neurketa izango du eta Kutxabank Araskik, bestalde, goitik beherantz doan Kanaria Handia hartuko du Mendizorrotzan.