Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
David Henderson
Irlandera irakaslea

«Irlanda hobeto ezagutzeko eta hurbilago sentitzeko, beren hizkuntza ikasi nahi dute»

Euskal Herrian Irlandarekiko interesa betidanik nabarmena izan da, eta jarraitzen du izaten. Hori baieztatu du David Henderson Euskal Herrian bizi den irlandarrak Bilbon hilean bitan ematen dituen gaeliko eskolekin. Harekin solastatu gara hizkuntza horren osasunaz eta etorkizunaz.

David Henderson irlandera irakaslea.
David Henderson irlandera irakaslea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

David Hendersonek (Coleraine, Irlandako iparraldea, 1960) 40 urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian bizitzen. Euskara ikasteaz gain, urte hauetan Henderson bere herrialdeko hizkuntzara ere hurbildu da. Uharte osoan gertatu den bezala, irakasle honek irlandera edo Irlandako gaelikoa berreskuratu nahi izan zuen, bere jaioterrian ia desagerturik egon zen arren. Orain, ikasle mahaitik arbelera pasatu da, ikasitakoa transmititzeko.

Joan den azaroan hasi ziren irlandera eskolak Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian. Igandeetan dira, hilean bitan, doan. Batez ere klase praktikoak dira, hitz egiten ikasteko. Henderson harritu egin da Bilbon zenbat jendek agertu duen irlanderarekiko interesa: «Hogei ikasle dauzkagu apuntatuta. Oso gogotsuak dira». Ikasleen artean euskaldunak badaude, baina atzerritarrak ere bai: irlandar bi, futbol gaelikoa jokatzen duen alemaniar bat eta ingeles bat. Beste guztiak, euskaldunak. Izan ere, eskolak euskaraz, ingelesez eta gaelikoz dira. «Horrekin ikusten da interesa dagoela, Irlandarekiko maitasuna. Eta Irlanda hobeto ezagutzeko eta hurbilago sentitzeko, bere hizkuntza ikasi nahi dute», baieztatu du Hendersonek, Conradh na Gaeilge (Liga Gaelikoa, irlanderaz) elkarteko kidea ere badenak.

Bilbon eta Euskal Herrian Irlandarekiko dagoen interesa ez da hizkuntzara mugatzen: Otxarkoagan irlandar dantza eskolak ematen dira eta bi futbol gaeliko talde daude, bata Bilbon eta bestea Gasteizen. Hendersonek azaldu duenez, «Irlandako kirolak hedatzen ari dira, eta espero ez duzun lekuetan. Hemen batzuetan izan ditugu lagunarteko partidak, normalean bakarrik entrenatzen baitute. Adibidez, San Patrizio egunean izaten dira partidak Gasteizen, Madrilgo edo Zaragozako taldeen aurka».

David Henderson gizon polifazetikoa eta multiaktibista da. Harekin Mungiako Butroi Bizirik Trantsizioan elkartearen egoitzan geratu gara. Heldutakoan, telefonoan harrapatu dugu: ‘Kneecap’ pelikula euskarara itzultzea kudeatzen ari da. Film horrek Kneecap taldearen istorioa kontatzen du eta hirukote batek parte hartzen du bertan, euren pertsonaiei bizitza ematen. «Oso erraza da: bertsio originalean eman eta azpitituluak euskaraz, irlanderaz hitz egiten dutenean, eta erdaraz, ingelesez».

«Gaur egun 300 pertsonatik gora gaelikoa ikasten ari dira Belfasten. Eta bada asmo bat lehenengo eskola gaelikoa egiteko auzune protestanteetan»

Irailean estreinatu zenean, ‘Kneecap’ oihartzunik gabe pasatu zen Euskal Herriko zinema aretoetatik. Hala ere, ordutik, pelikulak bi izendapen jaso zituen Oscarretarako, hain zuzen Nazioarteko film onenaren saria eta Jatorrizko abesti onenaren sariarena. Hala ere, bi izendapenek huts egin zuten eta, azkenenean, pelikula ez da egongo Los Angelesen martxoaren 3an egingo den galan. Taldekideen erreakzioaren arabera, horrek ez ditu kezkatu. «Fuck the Oscars. Free Palestine», idatzi zuten euren sare sozialetan.

Kneecapeko taldekideak Belfastekoak dira, Irlandako iparraldekoak. Azken urteotan, belaunaldi berri bat aldarrikatzen ari da gaelikoa Gaeltacht edo irlandera nagusia den eskualdeetatik kanpo, Dublin, Cork edo bereziki Belfast bezalako hirietan. Baita Davidek oso ondo ezagutzen duen Machaire Rátha herrian ere. «Gaur egun, 300 pertsonatik gora gaelikoa ikasten ari dira Belfasten. Eta bada asmo bat lehen eskola gaelikoa egiteko auzune protestanteetan», esan du Hendersonek, protestanteak historikoki irlanderaren aurka agertu direla gogoratuz.

«Hizkuntzarik gabeko herria, arimarik gabeko herria»

Hala eta guztiz, irakasleak salatu duenez, eskaera existitzen bada ere, Irlandako iparraldeko Gobernuak «ez dauka inolako interesik, eta ez du gaelikoa eskoletan bultzatzen». Izan ere, Hizkuntza ministroa Paul Givan da, DUPekoa. Azken urteotan, nahiz eta Sinn Fein ere Gobernuan egon, «baliabide guztiak joan dira ingeleserako» eta «integrated education» eskolak, hau da, ikasle katolikoak eta protestanteak biltzen dituzten zentroak, ez dituzte bultzatu. Beraz, onartu du «nerabeen artean errazena oraindik ingelesez aritzea» dela.

Irlandako Errepublikako Gobernuak ere eskolan ez duela gaelikoa bermatzen deitoratu du, gero eta guraso gehiagok eskatzen duten arren. «Ahozko erabilera falta du irakaskuntzak eta, ondorioz, nahiz eta derrigorrezkoa izan, ikasle gehienak ezin du ziurtasunez hitz egin eskolatik joan eta gero», azaldu du Hendersonek.

Gaur egun, gaelikoa entzun daiteke Irlandako hainbat irrati eta telebistatan. Gehienak Irlandako Errepublikakoak dira, baina iparraldera ere ailegatzen dira. Hendersonentzat, garrantzi berebizikoa izan du horrek, «erakusteko beste lekuetan nola hitz egiten duten gaelikoz». Egoera hau ikusita, Patrick Pearse idazlearen hitzak gogora ekarri ditu Hendersonek: «“Tír gan teanga, tír gan anam”; euskaraz, “hizkuntzarik gabeko herria, arimarik gabeko herria” esan nahi duen esaldia. Egin behar ez denaren adibide bat da Irlanda».