OMEn geratzeko baldintzak zehazten ari da Trump, irtetea agindu ostean
Donald Trumpek agintea hartu bezain laster eman zuen agindu exekutibo sorta luzearen artean, Estatu Batuak Osasunaren Mundu Erakundetik irteteko dokumentua zegoen. Urtebete barru gauzatuko da neurria, eta AEBko presidente berriaren egutegian epe luzea da hori.

Hamarkada askoan Estatu Batuek botere handia izan dute munduko osasun politiken eta programen nondik norakoak zehazteko. Besteak beste, herrialde hori izan zen Osasunaren Mundu Erakundearen sortzaileetako bat, eta diru gehien ematen diona izan da historikoki. Donald Trumpek, Etxe Zurian sartu eta ordu gutxira, hiru agindu exekutibo eman zituen, garai hori amaitu dela azpimarratzeko.
Trumpek AEB OMEtik erretiratzeko arrazoi ugari aipatu zituen. Horien artean zeuden, besteak beste, erakundeak «covid-19 pandemia gaizki kudeatu» izana, eta «premiazko behar diren erreformak ez hartzea». Era berean, OMEk Estatu Batuei eskatutako ordainsaria «bidegabea» zela salatu zuen Etxe Zuriko bizilagunak, eta Txinak Estatu Batuek baino gutxiago ordaintzen zuela argudiatu zuen, Asiako herrialdeak lau aldiz biztanle gehiago izan arren.
OMEren batzorde exekutiboaren otsaileko bilera egunotan egiten ari dira. Donald Trumpen erabakia ez da batzar honetako agendan sartu, bai ordea aurreko administraziotik datozen beste gai batzuk. Etxe Zurira iritsitakoan Trumpek iragarritakoa betetzera, erakundea utziko du AEBk 2026ko urtarrilean. «Baieztatu dezaket AEBen gutuna jaso dugula, OMEtik erretiratzeko. 2025eko urtarrilaren 22ko data dauka, eta urtebete geroago, 2026ko urtarrilaren 26an sartuko da indarrean», adierazi zuen Farhan Haq erakundearen bozeramaileak. Trumpek lehenago ere atera nahiko luke beharbada; 2020an OMErentzako funts gehienak izoztu zituen, eta lehena izatetik hirugarren finantzatzaile nagusi izatera igaro zen, Alemaniaren eta Gates fundazioaren atzetik. Joe Bidenek berriz ere igo zuen AEBen ekarpena, eta 2024ko ordainketaz gain 2025ekoa ere eginda utzi zuen, Trump sartu aurretik.
Baldintzak
Argi dago Trumpekin adierazpenak eta erabakiak, baita berak ofizialki sinatutakoak ere, zalantzaz hartu behar direla askotan, epe luzerako aginduak direnean batez ere. Presidente bihurtu eta egun gutxira Ipar Carolina eta Kalifornia bisitatu zituen Trumpek, uholdeek eta suak eragindakoa txikizioa ezagutzeko. Biharamunean Estatu Batuetako presidenteak Las Vegasen ekitaldia egin zuen. Bertan, bost egun lehenago emandako aginduaren ostean, agian berriz ere OMErekin bat egingo zutela esan zien jarraitzaileei. «Beharbada berriz bat egitea aztertuko dugu, ez dakit. Beharbada egingo dugu. Ondo garbitu beharko lukete horretarako (erakundea)». Asteon Reuters agentziak argitaratutako ikerketa baten arabera, OME eraldatzeko proposamenak biltzen dituen txosten bat prestatu dute Estatu Batuek, erakundera itzultzeko baldintza gisa. Dokumentua, itxura batean, urtarrilaren 20an presidente kargua hartu aurretik osatu zen, eta bertan jasotzen da berehala iragartzea OMEtik irteera.
Ez da Trumpek antzekorik egiten duen lehen aldia, bestalde, asteotan ikusi denez: muturreko neurriak iragarri, kaos puntu batera eraman mundua, eta azken orduan atzera egin. Batzuetan, bere helburuak lortuta, aurkariak jarrera aldatu duelako. Beste batzuetan, itxurakeriaren zati da beste aldeak Trumpi men egin izana ere.
OME aldatzeko proposamenen artean dago estatubatuar bat erakundearen buru jartzea, Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendari nagusiaren agintaldia amaitzean 2027an. Txostena, Reutersen arabera, Trumpen trantsizio taldeak eskatu zion aditu talde bati, eta bertan ondorioztatzen da OME «NBEren barnean agentzia kaotikoena eta eraginkortasun gutxienekoa bihurtu» dela. Azken bi hamarkadetan proposatutako erreformarik ez egitea egozten dio txostenak erakundeari; horren ondorioz kudeaketa eta espezializazio zientifikoa hondatu direla dio. Edozelan ere, Trumpen taldeak aitortzen du OME uzteak kalte egingo liekeela AEBen interesei.
Project 2025
OMEren 2024-2025eko aurrekontuaren %18 dator Estatu Batuetatik. Erakundearentzat berebiziko diru sarrera da, baina era berean botere handia ematen dio Washingtoni OMEren barnean. Erakundeko kide diren 194 herrialdeek osasun lehentasunak ezartzen dituzte eta akordioak egiten dituzte larrialdietan, elkarrekin datuak, tratamenduak eta txertoak banatzeko.
Estatu Batuak kanpoan balego, egun daukan boterea eta eragina galduko lituzke. «Ergelkeria da», adierazi zuen George W. Bushen garaian biodefentsa arduradun izan zen Kenneth Bernardek CBS telebistan. «OMEtik erretiratzeak hutsune bat uzten du osasun lidergo globalean, eta Txinak beteko du hutsunea. Hori ez da Estatu Batuen interesekoa».
Urtarrilaren 20an Trumpek sinatutako agindu exekutiboak covid-aren kudeaketagatik OME kritikatzeaz gain, AEBen laguntzak «munduko bakea ezegonkortzeko» balio duela aipatzen du. Hizkera horrek berehala beste testu batzuk gogorarazten ditu, eta agirian aurrera egin ahala, Heritage Foundation elkarte ultraeskuindarrak egindako Project 2025 dokumentuaren oihartzuna dator.
Egitasmo hori iaz filtratu zen, eta orduko hartan, hauteskunde kanpainaren zurrunbiloan, Trumpek behin eta berriz ukatu zuen haren berri izatea. Baina Etxe Zurira sartutakoan dokumentu horren urrats nagusiak jarraitzen ari dira. Are gehiago, agiriaren egileak administrazioko kargu garrantzitsuenetarako izendatu ditu Trumpek.
Project 2025eko ‘Lidergorako Mandatua’ izeneko ia mila orrialdeko txostenak AEBek OMEtik irten behar duela dio, erakundeak porrot egin duela argudiatuta. Hala, AEBko Estatu idazkaritzak nazioarteko laguntzak berraztertzea proposatzen du. Bertan irakur daitekeenez, «Bidenen Administrazioak agentzia itxuraldatu du agenda politiko eta kultural zatitzaile batekin; abortua, klimarekiko estremismoa, genero erradikaltasuna eta arrazismo sistemiko gisa hautematen dutenaren aurkako interbentzioak sustatzen ditu agenda horrek».
Eragina
Trumpen lehentasuna aipaturiko testu eskuindarretan jasotako proposamenak bere egitea izan da. Datuak erraz gezurtatu daitezke: OMEra bideratutako funtsak AEBek osasun globalerako daukan aurrekontuaren %4 dira, urteko aurrekontuaren %0,1 baino gutxiago, eta Gaitzen Kontrol eta Prebentzioari esleitutako diruaren herena da.
OMEren funtsek polioa, tuberkulosia, GIB, paludismoa (malaria), elgorria eta beste gaixotasun batzuk prebenitzeko eta tratatzeko programak laguntzen dituzte, batez ere osasun arreta eskaintzeko zailtasunak dituzten herrialdeetan. Era berean, gatazka eremuetako osasun larrialdiei ere erantzuten die OMEk, eta lurralde horietako askotan AEBek ez daukate osasun presentziarik, hala nola Gazan, Sudanen edo Kongoko Errepublika Demokratikoko zenbait lekutan.
Kudeaketaz gain, «premiazko erreformak» ez egitea ere egozten dio Trumpek OMEri. Egiaz, osasun larrialdiei eta herrialdeen ekarpenen prozesu burokratikoari buruzko aldaketak egin ditu erakundeak. Besteak beste, txostenen gardentasuna eta finantzaketa koordinatua jaso ditu OMEk xedapenetan.
Baina Trump Etxe Zurira sartu berri da, eta berehala sinatu zuen OMEtik erretiratzea, aurretiaz hartutako plan bati jarraituz. «Trumpen administrazioak erreformak bultza zitzakeen, eta epe baten ostean, urtebetera zapuztuta bazaude, bada, irtengo zarela esan», adierazi zuen Suerie Moonek, Genevako Graduate Instituteko osasun globaleko zentroko zuzendariak. Edozelan ere, Trumpen agindua «itxurakeria» dela uste du.
Ez da hala uste duen bakarra. «Nik ez ditut (Trumpen) azalpenak erosiko», dio Kenneth Bernardek. «Hau ez da diru kontu bat. Ez dago OMEtik ateratzeko arrazoirik, ezta Txinarekin ditugun arazoak ere».
Trumpek pandemia baino lehen begiz jota zeukan OME, baina covid-19k Estatu Batuen ahuleziak agerian utzi zituen inoiz baino gehiago. Ofizialki milioi bat hildako baino gehiago izan zituen munduko herrialde bakarra izan zen. Trumpek OMEri leporatu dio Txinaren konplize izatea, covid-aren jatorria ez ikertzeko. «Osasunaren Mundu Erakundeak lotsagabe estali zituen Txinako Alderdi Komunistaren urrats guztiak», salatu zuen Trumpek 2023an sare sozialetan argitaratutako bideo batean.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
