
Gasteizko Amarica Aretoaren itxieraren aurka artistak eta eragileak antolatu dira. 137 dira, momentuz, sortu berri den Amarica Elkartearen barruan daudenak. Helburu «argia» dute, Amarica Aretoa ez ixtea eta Araban arte garaikide defendatzea.
Astearte honetan aurkeztu dute elkartearen parte den Zuloa Espazioan. Arabako Foru Aldundiak erakusketa aretoa itxi eta Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentro bat jartzeko hartutako erabaki «aldebakarra» kritikatu dute. Orain arte, ez dute informazio zuzenik jaso Foru Aldundiaren partetik.
Horrekin, Amarica Aretoa ixteko erabakia ez dela gertaera isolatua argi utzi dute, «Arabako arte bisualekiko konpromiso instituzionalik ezaren beste sintoma bat baizik».
Hiru helburu finkatu dituzte. Batetik, aretoa erakusketa-gune gisa defendatzea; bestetik, Fernando de Amarica Gasteizko margolari inpresionista izandakoaren ondarea zaintzea, «aretoa bere jatorrizko helburutik bereiztea bere memoriari traizioa egitea delako»; eta, azkenik, Araban arte bisualen ekosistema indartzea.
Momentuz, elkarteak Foru Aldundiak bere erabakia berriz aztertzea eskatuko du, kalitatezko espazio bat bermatzeko; sektorearekin «benetako» elkarrizketa prozesu bat irekitzea; eta kultura eta arte garaikidea kultura-politiketan lehentasuna izatea.
«Amarica Elkartea batasun, ordezkaritza eta ekintzarako gunea izateko sortu da, artistek, kudeatzaileek, kolektiboek, irakasleek, kritikariek eta publikoek ahots propioa izan dezaten», laburbildu dute komunikatu publikoan.
Sektorearen solaskidea
Horretarako, «elkarrizketarako prest» daudela argi utzi dute artistek. Erakusketarako diseinatu zen eta «erreferentea eta ordezkaezina» bilakatu den aretoa mantentzeko, Arabako Foru Aldundiarekin irtenbideak aztertzeko asmoa publiko egin dute.
Azpimarratu dutenez, Amarica Elkartea da gaur egun Arabako arte bisualen kolektibo adierazgarriena eta, beraz, sektore honen solaskidearen eginkizuna hartu nahi du, «lurraldeko artearen profesionalen ikuspegi desberdinak bilduz eta defendatuz».
Babes eske
1.400 sinadura jaso dituzte Change.org plataforman egindako eskaeran, baina gehiago biltzen jarraituko dutela adierazi dute. Elkartea sortuta dagoelarik, lehenengo batzarra ostiral honetan egingo dute, 18.30ean, Zuloa liburudendan. Bertan, elkartearen egitura zehaztuko dute.
Beraiekin bat egiteko helburuekin bat egin eta izena, abizenak eta harremanetarako helbide bat eman behar da, azaldu dute, «Arabako artearen etorkizunean interesa duten pertsona guztiei» dei eginez. Mezu elektroniko bat bidaliz egin daiteke bat, amaricaelkartea@gmail.com helbidera, «Amarica Elkarteko kide izan nahi dut» esanez.
«Batasuna da gure tresnarik onena arteak eta kulturak gure lurraldean merezi duen espazioa defendatzeko», laburbildu dute Amarica Elkartetik.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

